Diana Urrea – Alternatibako Mahai Internazionalista
Israelgo gobernuak Gazako populazioaren aurka duela hiru hilabete burutu zuen eraso militar bortitzak milaka heriotz izan zituen ondorio bezala; eta, gainera, jada negargarria zen populazioaren egoera okertu zuen. Gure inguruko hedabideetako analista gehienek ia aho batez adierazi zuten hauteskunde israeldarrak zirela zergatia. Arrazoiak, ordea, bestelakoak dira; nahiz eta, ziur asko, Netanyahuren gobernuak argi izan eraso militar azkar batek bere alde egin zezakeela.
Hain zuzen ere, Israelek bultzatutako bortizkeriaren arrazoia bere gobernu neokontserbadoreak Islamaren aurka daraman aurretiazko gerra estrategian datza. Estrategia horren muina bi oinarri ditu: alde batetik, erantzukizun berdina duten eta sufrimendu berdina pairatzen duten bi alderdien arteko gerraren ideia faltsua zabaltzea; eta, bestalde, gatazka konpontzeko negoziazioak ahalik eta gehien atzeratzea, Israelen posizioa etengabe indartzen den heinean.
Netanyahuren gobernuak, Estatu Batuetako hauteskundeetan, Romneyren alde egin zuen, bere garaipena ziurtzat joz; eta berraukeratutako Obamak negoziatzeko egin zezakeen presioak ekiditeko probokazio odoltsua bultzatu zuen, kanpotik inposaturiko bake negoziazioen berpiztea baztertzeko asmoz. Horrela bada, Estatu Batuetako administrazio berriak Ekialde Hurbila baretzeko ahaleginak egiten dituen bitartean, Netanyahu bere gudarako estrategia globalari bizi berria emango dion norgehiagoka bilatu zuen, Gazako populazioaren bizkarretik.
Aldi berean, Hamasi itzelezko legitimitatea eta ospea eman dio, palestinarren artean, Israeli militarki aurre egiteko eta israeldar hiriak erasotzeko duen gaitasunak. Hamas indartzea da, israeldar neokontserbadoreen beste helburuetako bat, era berean Abbas palestinar presidentea ahultzeko eta bere negoziazio ahalmenak gutxitzeko.
Estrategia horren beste adibide bat da Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Palestinari aitortutako nazio begirale estatusari emandako erantzuna: Netanyahuk berehala iragarri du Jerusalem aldean kokaleku berri bat egiteko plana. Kokaleku berri horrek hiria Zisjoradanitik isolatzen du, Estatu Palestinarraren bideragarritasuna deusezten du eta behin betiko akordio bat lortzea ezinezko bilakatzen du.
Azkenean, hauteskundeen emaitzak ez dira onak izan Netanyahurentzat, baina palestinarren ikuspuntutik berdin dio, ustezko alderdi zentristek israeldar neokontserbadoreen politika berdina babesten dutelako.
Egoera honetan, Israelen estrategia maltzur horri aurre egiteko eta bere apartheid, okupazio eta arrazakeria politikari aurre egiteko, gizarte zibilak daukan bide bakarra da gero eta indartsuagoa den nazioarteko boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina (BDS) babestea da, eta nazioarteari palestinarren eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen aldeko jarrera irmoa eskatzea.
Irudia:Latuff 2004