Amaia Agirresarobe eta Carmen Garcia – Alternatibako Mahai Feminista
Datozen urteetan benetako hondamendia ezagutuko du Euskal Herriak gizarte arloari dagokionez. Hala, ezinbestekoa da herritarrek jakitea eman daitekeen asaldaketa ezarritako boterearen kontrako alternatiba sortu ahal izateko ordaindu beharreko salneurria izango dela. Benetako alternatibaz ari gara, ez botere txandakatzeaz. Egoera zail honetan, gai izango al dira indar ezkertiarrek alternatiba hura eraikitzeko? Alternatiba feminista izango al da edota traizio berri baten aurrean kokatuko gaitu, ezker klasikoaren eta feminismoaren arteko talka emanda, historian hainbestetan gertatu den bezala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko borroka aldarrikapen zerrendaren amaieran kokatu denean? Zantzu guztien arabera, gatazka saihestezina izango da ezkerretik eztabaida politiko sakona eta lasaia egiteari ihes egiten badiote beren postulatuetan gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna benetan –eta ez formalki- txertatzearen inguruan. Hausnarketarako zenbait elementu proposatzera gatoz, egun premiazkoa dugun eztabaida euskal ezker desberdinen agenden azken orrietan ageri den arren.
Egungo zibilizazio krisia gainditzeko alternatibaren eraikuntza feminismo antikapitalistarentzat zailtasun handiko testuinguruan ematen ari da, gutxienez bi ahultasun handiek markatutakoa. Batetik, feminismoaren instituzionalizazioa eta, honi lotua, aukera berdintasunarekiko sinesmen itsua, sistema bere osotasunean zalantzan jartzea oztopatzen duen ikuspegia izanik. Pentsa liteke hegemonikoa bilakatu dela feminismoaren diskurtso zein jarduera liberal bat zeinek ez duen bestelako menpekotasun sistemekin – klasea, arraza, egoera ekonomikoa zein soziala- bat egiteko asmorik, eta azterketa estruktural eta sistemikoetan oinarritzen ez dena, egungo egoeran oinarrizkoak badira ere; patriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa, produktibismoa eta demokrazia formala bateragarriak eta beharrezkoak diren errealitateak direlako.
Bestetik, bere burua alternatibotzat duen ezkerraren erredikaltasun faltak, egun, sistemaren eraldaketa osoa proposatu eta exijitzen duen feminismoaren bultzada oztopatzen du. Hala, eremu politikoa eskumara mugitu da, eta ezkerrak ez dio horri ihes egin. Prozesu hau, gau neoliberal luzean garatutakoa, biluztu egin zen 2007ko eztanda finantzarioaren ostean. Globalizazio kapitalista 20 urtez nagusi izan ostean, bizi dugun egoeraren aurrean erantzuna eman nahi dugunean, konturatzen gara bere garaian etsai genituen horien proposamenak babesten ari garela! Liberal ohiek eskumako posizioetan kokatzen dira orain; sozialdemokrata ohiek liberalismoan; eta ezkertiar izandakoek… sozialdemokraziaren posizioetan kokatzen dira! Honetan, ezkerra, bere begirada emantzipatzailea klasetik haratagoko borroka esparruetara begiratu beharrean, joera erreformistari eusten dio.
Hala, eskuinerako joera orokor hau, feminismo liberalaren instituzionalizazioarekin batera, feminismo antikapitalistarako oztopo handi bilakatzen da. Ezkerrak sozialdemokraziara egin duen eraldaketa horren inguruko premiazko eztabaida dugu. Ongizate estatua al da azken helburua edota trantsizio emantzipatzailerako hasierako urratsa besterik ez? Norvegia al da helburua? Berregin daiteke Norvegiako esperientzia mundu osoan? Eta batez ere, ez al da Norvegia zapalkuntza eta dominazioa bere maila gehienetan ezinbestekoa duen gizartearen eredugarria? Ez al da garaia aurrerakoia denaren, kapitalismoaren eta demokrazia liberala eta ordezkatzailearen eremutik (Norvegiatik alegia) at gizarte eredu berriak proposatzen hasteko?
Krisialdia ez da baliatu sistemaren kontraesanak auzitan jartzeko aukera gisa, alternatiba erradikala eta integrala martxan jartzeko asmoz; aldiz, eta oro har, maila apalagoa eta sistemarekiko jarrera bateratzaileagoa duen agenda eragin du. Izan ere, egungo ezker hegemonikoak izan dezakeen aurkari nagusia ez da sistema kapitalista ezta, are gutxiago, kapitalismo patriarkala, finantzen kolapsoa baizik, gure bizitzengan eragina duten gaitz guztien sorburua. Ekonomia “finantzariaren” demonizazioaren aurrean, ezkerraren hautua ekonomia “erreala” muturreraino defendatzea izan da, alegia, “produktiboa”. Sistema kapitalista babesteari ekin dio, bere ildo produktibistan izan arren eta honen oinarriak goratuta: soldatapeko enplegua eta lana. Estrabismo produktibista honen eskutik datoz sozialdemokraziaren aldarrikapen nagusiak, estatu indartsua eta arautzailea, eta ongizate estatua berreskuratzea lehentasun nagusi gisa.
Proposamen politiko honek, agenda neoliberalari bakarrik aurre egiten diona, gainerako krisi estrukturalak (zaintzarena, ekologiarena, elikagaiena) laga edo besteen menpe jartzen ditu, borroka feminista berriz ere bigarren mailan jarrita, lehentasunetatik urrun. Hareazko gazteluen gainean eraikitako alternatiba proposatzen digute, baina, politika publiko industrial eta gizarte babeserako neurri guzti horiek martxan jartzeko behar beste baliabide ekoizteko benetako aukerarik al dago? 50 eta 60ko hamarkadetako hazkundea berregiterik dago? Eta egingarria izanda ere, desiragarria al da? Galdera guzti hauei erantzuteko eztabaida atzeraezina da! Ezin gara erresistentziara mugatu, egun existitzen ez den alternatiba hausnartu eta eraiki behar dugu.