Larunbatean milaka pertsona bildu ginen Iruñean eta Bilbon, enpleguaren aldeko manifestazioetan. EH Bilduko hainbat kidek hartu zuten parte mobilizazioan, Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentaria Iruñeakoan izan zen; prentsari egindako adierazpenetan, Ruizek CANeko dieten eskandaluaren inguruan hitz egin zuen.
“Nafarroako jendartea haserre dago egun hauetan Nafarroako Kutxaren inguruan gertatu dena jakin duenean”, adierazi zuen Ruizek, “gerrikoa estutu behar genuela esaten duten berberek, dirutza lortu dute nafar guztien bizkarrez”.
Bilduko parlamentariaren esanetan, dirua nola lortzen duten ikustea “lotsagarria eta eskandalagarria” da, baina bere ustez “are lotsagarriagoak” izan dira Yolanda Barcina, Miguel Sanz, Enrique Maya edo Roberto Jimenezek beraien burua justifikatzeko egin dituzten adierazpenak; “jende askorentzat adierazpen mingarriak izan dira, nafar gehienok irainduak sentitu garelako”.
Barcinak publikatutako barkamen eskutitzari erreferentzia eginez, Ruizek adierazi du Nafarroako jendarteak behar duena ez dela barkamen eskutitz bat, oraindik kargu publiko direnen dimisio eskutitza baizik. “Hori da egin behar dutena, erantzukizun politikoak onartu, karguak bertan behera utzi eta hauteskundeak deitu, herritarrok erabaki dezagun gobernu berria”.
Bilduko parlamentariaren ustez Nafarroak politika egiteko beste era bat behar du, orain arte UPNk eta PSNk ezarri duten sistemaren “ondorio larriak” ikusten ari garelako; “jendartearen gehiengoarentzat langabezia, EREak, langileen eskubideak murriztu… eta gutxi batzuk, bitartean, aberastu dira beraien kargu politikoaz baliatuz”, salatu du.
http://alternatiba.net/old-files/483851_617289831621670_22706532_n.jpg