Diana Urrea, Asier Imaz, Eva Blanco eta Ernesto Merino EH Bilduko legebiltzarkideak
Egunero egunkarietako lehen orrietan ditugun ustelkeria kasuek egoera benetan kaxkarra erakusten digute. Alderdi politiko eta erakundeetako arduradunengan zeukan konfiantza eskasa galtzen ari da jendea, eta politikagintza gizartearen arazo nagusietako bat da egun hiritarrentzat.
Ustelkeria kasurik larrienei buruzko informazioa jasotzen dugu egunero komunikabideen bitartez: Gürtel auzia, Urdangarin kasua, Bárcenas, CANen espoliazioa, Barcina eta bere laguntxoen dietak… Hamaika datu ditugu, eta, hala ere, esan nahi digutena baino ez dugula jakingo ematen du: sistemaren oinarriak minduta ez ikusteko adina baino ez.
Edonola ere, eta alderdi barruko borrokak alde batera utzita, ustelkeria kasu horiek zerbait gehiagorako erabiltzen ari direla ematen du. Krisia Ongizate Estatua akabatzeko erabili da, langileen eskubideak murrizteko, Estatuaren birzentralizatze prozesuari ekiteko. Ba, era berean, ustelkeria kasuak «klase politikoaren» irudi zehatza saltzeko erabiltzen ari dira: politikari guztiak bere poltsikoaren onerako eta alderdiaren ekonomiaren alde ari direla adierazten ari dira.
Eta, gauzak horrela, zerbait egitea beharrezkoa denez, PPren Gobernuak neurriak hartuko dituela iragarri du. Neurri horien bitartez, etorkizunean erakundeak ez dira politikarien eskuetan egongo —guztiak ustelak baitira—, teknikari, funtzionario, teknokraten eskuetan baizik. Horiek zenbat eta zertan gastatu erabakiko dute, gizarteak hautatu duen ideologia edo hauteskunde programaren gainetik. Helburu hori daukate PPren Gobernuak onartu duen azken neurriek: zinegotzien kopurua murriztea, udalerriak desagerraraztea…
Gizartea nazkatuta dago, eta ulergarria da «politikari guztiak berdinak» direla esatea, baina PPk, Madrilgo Gobernuak, badaki hori ez dela egia; faltsua da, eta politika egiteko, kudeatzeko beste eredu bat dagoela ezkutatzen du. Botereak ez du inor gaizto bihurtzen. Eta gure artean badaude historia luzea duten alderdiak eta ustelkeriak inoiz kutsatu ez dituenak.
Alderdi politiko batzuen kudeaketa ereduaren oinarrian dago ustelkeria. Inork ez du Jaguar bat, poltsa garesti bat edo traje bat oparituko trukean zerbait jaso behar ez badu. Edonork daki hori hausnarketa mamitsua egin gabe. Era berean, guztiok badakigu enpresa batek ez diola gobernatzen ari den alderdiari dirua emango ezer jasotzeko itxaropenik gabe.
Ustelkeria kasu gehienen azpian enpresariak aurkitu ditugu, eraikitzaileak sarriegi, politiko ustelen lagunak. Hori horrela dela diote egunero irakurtzen ditugun berriek. Eta enpresa eraikitzaileei buruz hitz egiten eta gaia gurera ekarrita, esan behar da batzuek ez dutela Espainiako ohitura txarrak hemen kopiatzeko arazorik. Erakundeek esleitutako aurrekontuetan egiten diren gehiegikeriez ari gara, adibidez, ustez legezkoa den bezala eta txosten garbiarekin esleitutako lanen azken prezioa aurretik zehaztutakoaren bikoitza denean. Eta horrek zalantza bat sortzen du, ezin uler daitekeelako aurreikuspenak horren gaizki egin eta zigor administratiborik ez jasotzeaz gain kontratazio gehiago jasotzea sari bezala.
Horrelako kasu batzuk ditugu Euskal Herrian ere: AP1 eraikitzeko jasanezinezko kostua, Bidegin antzemandako desorekak… Horiek ikusita, galdera bat datorkigu burura: erakunde bati hitzartutakoa baino %48 gehiago fakturatu ondoren, zenbateko esker ona ager dezake enpresari batek?
Interesen joko hori eta alderdi politikoen finantzaketarako dohaintza sistema iluna daukagula kontuan hartuta, benetan agertoki itsusia dugula aitortu beharra dago.
Agertoki itsusia ez bakarrik Espainian, Euskal Herrian ere dohaintza trafikoa baitugu, eta ez dakigu horren azpian zer dagoen. Duela gutxi komunikabideetan irakurri dugunez, euskal alderdi bat dugu benetan iaioa dohaintzak eskuratzeko lanetan: Estatuan azkeneko hamar urteetan dohaintza gehien jaso duten alderdien artean hirugarren postuan dago EAJ, ia 22 milioi euro jaso baititu (3.500 milioi pezeta). CiU dago bigarren postuan, eta 46.577.789 euro lortu ditu, eta PP lehen postuan, 39.185.016 euro eskuratuta. EAJren kasuan, gainera, dohaintza ia guztiak, %86, anonimoak izan dira.
Estatu mailan ondo irabazitako hirugarren postuan dago EAJ, PP eta CiUren ondotik —eta bitxia bada ere, PSOEren aurretik—, baina alderdi politiko bakoitzaren esparruari (Espainia, Katalunia eta EAE) eta biztanleriari begiratuta, EAJ txapeldun handia da: biztanle bakoitzeko 10 euro jasotzen baititu —bere kudeaketa esparrua EAE dela kontuan izanda—; bere atzetik CiU dago, pertsona bakoitzeko 6,15 euro jasota, eta PP, askoz ere gutxiago lortuta, 0,80 euro. Kudeaketa arloko txapeldunak oso onak dira baliabideak bilatzen ere, antza denez. Eta, hala eta guztiz ere, jatetxe batean ia 200 euroko menua afaltzera doazenean, angula eta guzti, diru publikoarekin ordaintzen dute.
Ustelkeria badago, ezin da ukatu, ziurrenik azaleratu dena baino gehiago. Baina gizarteak zigorgabetasunean eta alderdien zuzendaritzaren babesarekin aberasten diren politikarien berri duen bitartean, beste errealitate bat ezkutatzen da: legalitatean oinarrituta eta garrantzitsuagoa dena etikan oinarrituta aritzen diren alderdi eta politikariak daude.
Eta etikaz ari garenean ez dugu esan nahi ez lapurtzea bakarrik, diru publikoa, guztion dirua, ondo kudeatzeaz ari gara. Eta hori oso zabala da: legebiltzarkideek —gizartearen batez besteko soldata baino askoz ere gehiago jasotzen dutela— beren tabletak erostea; bidaietako dietak izan behar direnak izatea… Gai horiei buruzko bere iritzia plazaratu du EH Bilduk, eta aldaketak lortu ditu.
EH Bilduko kargudun publikook joera etikoa izateko konpromisoa sinatu dugu, politika egiteko beste modu batean sinisten dugulako, diru publikoa arduraz, eraginkortasunez eta gardentasunez kudeatu behar dela uste dugulako. Ustelkeria kiribil infinituan murgildurik, gizartearen konfiantza falta ulertzen dugu, baina EH Bilduko kargudunak eta EH Bildu osatzen dugun alderdietako kargudunak sekula ez dira ustelkeria kasuetan zikindu. Politikari guztiak ez dira ustelak, politikari guztiek ez dute bere poltsikoaren onuraren alde lan egiten, eta titularretan agertzen diren ustel horien kudeaketa eredua ez da dagoen bakarra. Politika egiteko eta diru publikoa kudeatzeko beste eredu bat dago, EH Bildukook erakusten ari garenez.