Jonathan Martínez – Alternatiba
Venezuelako eskuinak hainbeste porrot izan ditu hauteskundeetan, dagoeneko sua, pogrom-a eta balengan besterik ez du konfiantza. Izan ere, Henrique Caprilesen tropelek 2002an Chavezen kontra estatu kolpea egin zutenen gidoia jarraitzea erabaki du, kaleak odolez tindatuz.
11 urte igaro dira oposizioak, patronalak eta komunikabide pribatuek Caracasen herritarren arteko borroka sustatu zutela eta Baralt etorbidea frankotiratzailez bete zituztela. Hemeretzi hildako eta ehunka zauritu izan ziren aitzakia Miraflores Jauregian indarrez sartzeko. Espainiako prentsa ofizialak estatu buru zilegiaren bahiketa txalotu zuen, eta Aznarren gobernuak “laguntza eta babesa” eskaintzera atera zen azkar, Pedro Carmona presidente kolpistaren zerbitzura.
Caprilesek, kolpismoaren eskuliburua ederki ezagutzen duela, nazioarteko begiraleek berretsitako gardentasuna duten hauteskundeak inpugnatzera deitu du. Horregatik, burgesiaren seme-alabek kalera atera dira zentro medikoak eta PSUVen egoitzak erretzera, telebista publikoak zein gizarte etxeak inguratzera atera dira, mediku kubatarrei erasotzera eta jarraitzaile bolivartarrei tiro egitera. Zazpi lagun hil dituzte, azaletan ageriko ez direnak herritar xehe jaio eta Bostonen bizi ez direlako.
Iraultzak aurrera darrai. Baita faxismoa eta bere konplizeen isiltasunak, ere.