Laura Mintegi, Diana Urrea eta Lur Etxeberria – EHBilduko Gasteizko Legebiltzarkideak
Lerroon bidez, jendarte justuago eta parekideago baten alde lanean diharduten emakume eta gizonen lana eskertu nahi dugu, eta ekainaren 30a hurbiltzen ari zaigun honetan, bereziki gogoratu nahi ditugu Irunen eta Hondarribian alarde parekidearen alde hainbeste ahalegin egin duten eta egiten ari diren guztiak. Zorionak eta besarkada bat.
1996. urtean, duela 17 urte, Hondarribiko eta Irungo emakume batzuk beraien herrietako alardeetan parte hartu nahi izan zuten. Urte hartako ekainaren 30ean, Irunen, 57 emakume eta beste hainbeste gizon konpainia batean sartu ziren, talde mistoari leku egiteko eskopetari batzuk ilarak zabaldu zituztenean. Horren aurrean, gizonen alardeko kideen eta herritar askoren erantzuna bortitza izan zen. Antzeko zerbait pasa zen Hondarribian urte bereko irailaren 8an.
Ekintza sinple horrek agerian jarri zuen ustez herriaren alardea zena ez zela benetan guztiena, gizonen alardea zela. Festa horrek gizonak egiten dituela festaren protagonista; gizonak, espazio publikoa okupatzen dutenak; gizonak, festaz modu aktiboan gozatzen dutenak, emakumeak kantinera edo ikusle paperera mugatuta.
Urte asko pasa dira alarde parekidea egiteko lehenengo saiakera haietatik, eta gatazkaren gordintasun-maila aldatzen joan da, baina konpontzeke dago oraindik. Ez da lortu herritar guztiek alarde bakarrean parte hartzea, alardea herriarena izatea, emakumeena eta gizonena azken finean, herriotako udalek normaltasunaren itxura eman nahi duten arren.
Alarde bakarra, publikoa baina baztertzailea egitetik bi alarde ezberdindu eta banatu egitera pasa dira herriotan: alarde parekidea, batetik, eta gizonen alardea, bestetik. Alarde publikoak zirenak pribatizatu egin dituzte, emakumeen parte-hartzea galarazten jarraitu ahal izateko.
Askok pentsatuko dute festak besterik ez direla eta zertarako kezkatu, ez dela garrantzitsua. Baina festak gure errealitatearen isla ere badira. Are gehiago, errealitatea islatu, eta erreproduzitu egiten dute; emakumeek jendartean duten lekua irudikatzen eta legitimatzen dute. Lotuta daude baloreen munduarekin, jendarteko egiturarekin eta, bereziki, emakume eta gizonen arteko harremanekin.
Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik oso urrun dagoela erakusten du. Orain arteko ordena soziala zalantzan jarri da, gizonen pribilegioak eta emakumeen rolak kuestionatu, eta horrek sekulako erresistentziak eta bortizkeria sortu ditu.
Hortaz, ezin ditugu gure buruak lasaitu eta gure ardurak saihestu. Alardeen gatazka ez da irundarren edo hondarribiarren arazoa soilik. Guztion arazoa da, eta guztion betebeharra esparru horretan ere emakumeen eskubideak eskuratzea. Eta gatazkaren konponbidean ardura berezia daukate erakunde publikoek. Gatazka betikotzen uzteko tentazioa izan dezakete, bereizkeria «normalizatzen» uztekoa, nolabait esateko. Eta hori onartezina da. Ezin da diskriminazioa luzatzen utzi.
Hondarribiko eta Irungo alkateek eta Udalek ardura berezia dute honetan. Hasiera-hasieratik, hauspoa eman diete emakumeak baztertzen jarraitu nahi izan dutenei eta izkin egin emakumeen eskubideak bermatu eta gatazka konpontzeko betebeharrari. Eta horretan zeresan berezia daukate alkate eta udal horien alderdiek, PNVk eta PSEk, jarrera hori mantentzea baimentzen baitiete.
Uste dugu erakunde publikoen betebeharra dela alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzeko urratsak egitea eta, horretarako, erakundeen arteko elkarlana abiatzea. Gaia agenda politikoan ezarri eta lehentasuna ematea, etorkizun hurbilean herritar guztiek festa elkarrekin ospa dezaten, bakoitzak nahi duen rolean.
Duela egun batzuk entzundako Joseba Sarrionandiaren hitzak gogoan igeri dabilzkigu oraindik eta ezin bota gabe utzi: «Besteen eskubideak ez dira hasten gureak bukatzen diren tokian. Gure eskubideak hasten dira besteen eskubideak hasten diren tokian. Besteen eskubideak hasten dira gure eskubideak hasten diren tokian».