Begoña Vesga eta Luis Salgado – Alternatiba
Gipuzkoako erresidentzien borrokak zaintzaren sektoreari, gehien bat lan baldintza prekarioetan eta ikusezintasunean lan egiten duten emakumeek osatutakoari, aurpegia eta ahotsa jartzea ahalbidetu du. Eta ugazabak, nola ez, ia beti gizonezkoak dira, bizitzaren zaintzan etekinak lortzeko diru-iturri amaigabe bat aurkitu dutenak, hain zuzen. Zahar egoitzen borrokak, halaber, bi gobernu eredu kontrajarriak daudela erakutsi du: langileentzat soluzioak bilatzen dituen eredua batetik, eta bestetik -zoritxarrez hegemonikoa dena- langileen duintasunaren lepotik enpresarien etekinak biderkatzen saiatzen dena.
Gipuzkoako Aldundiak Rajoyren lan erreforma buruz behera jartzen duen proposamen bat aurkeztu du, zortzi milioi euro eskaintzen dituelarik langileen soldata eta lan baldintzak bermatu ahal izateko. Baina Bilduren eredua ez dirudi PNV eta PPren gustukoa denik. Azken hauek, Bizkaian eta Araban erresidentzietako patronalarekin bilera pribatuetan negoziatzea erabaki dute, beste behin ere sektorearen lan baldintzak murrizteko.
Izan ere, uztailaren 8tik aurrera, hitzarmen kolektiboak bertan behera gelditu direla eta lan garaipen guztiak galdu egingo dira ez badira dagoeneko gutxieneko duintasun egoeran dauden hitzarmen berriak sinatzen. Okerrenean, euren lan baldintzak Langileen Estatutuak zehazten dituen gutxieneko ziztrinetara mugatuko dira. Zahar egoitza eta eguneko zentroetako langileentzat, lege-degradazio honek urtean 200 ordu gehiago lan egitea eta hileroko soldatan 400 euroko murrizketa pairatzea ekar dezake. Lan erreformak ere bi hilabeteetan bederatzi egunez lanera joan ez den edozein pertsona kaleratzea ahalbidetzen du, zaintzaileak gaixorik egonda ere, zerbitzuaren erabiltzaileak zaintzen jarraitzera behartuz, honek izan dezakeen arriskua kontuan hartu gabe.
Gehiegikeria honen aurrean, Lares patronalak adierazi du lan erreforma begi onez ikusten ez duela, baina ez die etekinei uko egiten. Antza, ez dute ulertzen zaintza zerbitzuen kalitatea soilik PNV eta PPk defendatutako eredutik kanpo bermatu daitekeela, hau da, mugarik gabeko etekinen eredutik kanpo.
Logika horretatik abiatuta, PPk Arabako Aldundia erabiltzen du sektoreko enpresariei gomendioak emateko eta lan erreforma eskuan hartuta, euren langileen poltsikoak garbitzen irakasteko. Aitzitik, lagun arteko harreman hau ez da harritzekoa. Izan ere, SEA Arabako patronalaren idazkari nagusi ohiak, Jose Zuritak, orain Sustapen Ekonomiko Ahaldunaren jesarleku erosotik sektorearen interes korporatiboak defendatzen ditu, Javier de Andresen esanetara. Horregatik patronal arabarrak enplegua erregulatzeko espedienterik eraginkorrenak gauzatu nahi dituzten enpresarien aholkularitzari foru diru-laguntzak zuzentzen dizkio.
Politikarien bulegoen eta erresidentzien ugazaben artean dauden joan-etorriko ate horiek, Bizkaian ere funtzionatzen dute, non Josu Bergara Ahaldun Nagusi izatetik Nostem Erresidentzien Aholkulari izatera pasa zen, PNVk erakusten dituen ohiko prestidigitazio joko horietako baten ondorioz. Nola ez, Nostem Erresidentziak Bizkaiko Aldundiarentzat lan egiten du, inor bateraezintasunei buruz ezer esatera ausartu gabe. Antza, Jose Luis Bilbaoren Aldundiak ere ezkutuan negoziatzen du lan erreforma berria erresidentzietako langileei ezartzea, bere pribatizazio estrategiari jarraiki. Estrategia hori bera da Gizarte Laguntzen Foru Institutuaren aurrekontua 2009tik bere horretan utzi duena, Gizarte Ekintzako aurrekontua “asistentzia-zerbitzuetako prestazioa” azpikontratatzera desbideratzen duen bitartean.
Erresidentzietako patronalak hainbeste ohitu dira gure gobernu-buruen poltsikoak hustera, ez dutela ulertzen eta ez dutela ulertu nahi lehen aldiz Gipuzkoan agertu diren justizia soziala defendatzen dituzten politikak. Horregatik Adegi patronalak Bilduren foru gobernua epaitegietan salatu du “hitzarmen kolektiboen negoziazioan eskua sartzea” leporatuta. Zeren eta patronalak onartzen duen esku sartze bakarra –guztiek jakin dezatela- gorbatadunen arteko bostekoak eta diru publikoarekin ordaindutako menu garestiak dira, hainbeste urteetan PNV eta PPk ohitu duen bezala.