Aitor Montes Lasarte – Familia medikua
Euskara guneak irabaziz joan da azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian, astiro baina irmoki. Egon badaude irratiak euskaraz, telebistak euskaraz, egunkariak euskaraz, euskal literatura oparoa. Herri-administrazioan aurrera egin du eta irakaskuntzan hil ala bizikoa zitzaion lekua hartu du. Baina ez da gune edo esparru guztietara heltzen, eta argi dago ez dela nahikoa. Gune horien artean garrantzitsuena, garrantzitsurik bada, osasungoa litzateke. Orain arte euskalzaleen lehentasunak beste arloetan kokatu dira, eta osasungintzan gerotik gerora gabiltza zoritxarrez.
Osasun arreta gazteleraz onartzerik bada? Gaur egun, ezaguna da, erabilera gune gehienetan ingelesa da nagusi, baita medikuntza arloan ere. Lehen latina zena, delako lingua franca, orain ingelesa bilakatu zaigu. Medikuon hizkeran betidanik latinera eta grekera erabili izan ditugu (eritropoiesia, apoptosia, kakexia moduko hitzak), baina orain hitz teknikoak ingelesaren iturriak isurtzen ditu: by-pass, shunt, screening, etab. Goi-mailako argitalpenik garrantzitsuenak ingelesez daude, hala nola New England Journal of Medicine, Lancet, British Medical Journal, Pediatrics, etab. Eta medikuok hain maite ditugun kongresuak, maila internazionalekoak behintzat, ingelesez burutzen dira.
Beste hizkuntzak maldan behera doaz medikuntzan, alemaniera kasu. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran goren-gorenean zegoen alemaniera; ospe handikoak ziren alemaniar zientzilari eta mediku asko (Virchow, Langerhans, von Behring, Koch, Ehrlich besteak beste medikuntzaren historiari betiko lotutako izenak dira), eta alemanieraz argitaratzen zen testu zientifiko mordoa. Orain, ingelesak lekua kendu dio.
Baina eguneroko osasun lanari lotu gaitezen. Interesgarria litzateke oso osasun arreta zein hizkuntzatan eskaintzen den jakitea. Amerika osoan, nago bost direla bakarrik: ingelesa, frantsesera, gaztelera, portugesa eta agian nederlandera Guyanan.
Europa daukagu gertuago, eta hemen osasun arreta ofizialtasuna lortu duten hizkuntzetan soilik burutzen da; ez bilatu bretoiera lan-hizkuntza duen ospitalerik, ez duzu topatuko eta. Italian, italieraz; Frantzian, frantsesez; Erresuma Batuan, ingelesez.
Euskal Herria zatituta dago, eta euskarak ez du ofizialtasunik lurralde osoan. Baina EAEn ofiziala izan arren, ez du esparru hau eskuratu, erabilgune hau gaztelerari dagokio bete-betean. Osasungoan, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gaztelera da. Osasun arreta gaixoen onerako dagoela ez dago ukatzerik; baina hizkuntzen bizi itxaropenean izan dezakeen eragina ez da behar bezala baloratu; aipatu ere ez da egiten. Osasun sistemak jatorrizko hizkuntzak maspiltzeko eta ezabatzeko tresna bilaka daitezke, oharkabean, ontasunaren mozorroaz. Gurera begira, eskola erdaraz legez, osasungoa erdara hutsean euskararen galbiderako da, eta errekara bidean goaz hau konpondu ezean. Egoera larria izan arren, gerotik gerora gabiltza.
Munduan zenbat hizkuntza dauden ez dago jakiterik. Gehienak, zoritxarrez, galzorian. Bizi garen mendean, orain arte ezagutu ez dugun hizkuntzen galeraren lekuko izango gara. Bioaniztasunak legez, aniztasun kulturalak hondamen izugarria pairatuko du.
Gauzak horrela, hizkuntzalariek ez dakite zeintzu diren salbatuko omen diren hizkuntzak. Baina nago osasun arretak gaixoekin harremana zuzena duen moduan, hizkuntzekin ere zerikusia duela. Osasungintza gure gizartearen zutabeetako bat baita, hurbil daukaguna. Osasun arretan erabiltzen diren hizkuntzek aurrera egingo dute, zalantza izpirik gabe. Beste guztiak arriskuan daude, euskara euren artean. Euskarak osasungintzaren jarduera esparrua bere egin behar du aldez edo moldez; osasungoa goitik behera euskaldundu behar dugu, euskara salbatuko bada. Denbora aurrera doa, ez dago gelditzerik; bizitza eta heriotza ez dira baratzen, baina ospitaleetan ibiltzen den hizkuntza ez da inoiz hilko.