Ana Etxarte – Alternatibaren Bilboko Asanblada
Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.
Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio asko eta asko diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.
Honen adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasuna aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen – PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta – arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.
Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesekiko “egiten uzteko” ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.
Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, beti ere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.
Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.
Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa dugu, urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso barne hartu, eta hauetara Udalbatzari dei egiten duena. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezaz ari gara.
Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?
Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Guzti honengatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.
Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusia herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala, besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.