Xabier Soto – Alternatiba
Ez dira betiko garai onenak. Azken finean gizaki hutsak gara. Bai, aitortzen dut: izenburua eta testuaren hasiera abesti desberdinen letrarekin osatuta daude, biak ere Hertzainak taldearenak. Hitz egin dezagun bada Hertzainetaz, Herriaren zaindariak izan beharko liratekeen horietaz. Hitz egin dezagun Herriraren aurkako operazio politiko-militarraz.Izan ere, astelehen eta astearteko irudiek 80. hamarkadako garairik latzenetarikoetara itzularazi gaituzte bapatean, back to the future pelikularen euskal remake makabro bat ikusten ariko bagina bezala.
Hala ere, sinetsi nahi dut Espainiako katakunbetatik orkestatutako Herriraren aurkako operazioaren ondoren ezer ez dela berdina izango. ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik, bake prozesua -hau existitzen bada- bere egoerarik okerrenean dago #sindudarikgabe, baina honek ere badu irakurketa optimista bat: hemendik aurrera gauzek onera besterik ezin dute egin.
Astelehen gauean Hernanin (eta beste hainbat tokitan) Espainiako Guardia Zibilaren esanetara aritu ziren Ertzainen indarkeriazko jarrera kontuan hartuta, hainbat alorretan aldaketak saihestezinak izango direla deritzot. Alde batetik, EAJ eta Sorturen arteko erlazioak, bakegintzari dagokionean behintzat, ondo bideratu beharko dira; ez badugu haien arteko zubi-arteko hobiigaroezina eraikitzerik nahi. Beraien ardura izango da hau horrela izatea, eta honetan behintzat haiengan konfidantza badaukat.
Beste alde batetik, bai EHBilduk bai Eusko Jaurlaritzan agintean den EAJk berak hainbeste aldiz aipaturiko Ertzaintzaren birmoldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela erakusten dute Amalur Mendizabalen buruan oraindik itxi gabe dauden 8 puntuek. Honen harira, gogora ekarri nahi ditut duela 5 hilabete egunkari honetan bertan ERNE sindikatuko koordinatzaile Roberto Seijok desobedientziaz galdetuta esandako hitzak: “Orain esaten badidate ‘jo ezazu kazetari hau’… ‘Ez, ez, nik ezin dut hori egin. Zergatik joko dut ba?’ Eta ez dut agindua betetzen”. “Kazetari” ipintzen duen tokian “Senatari” ipini, eta hortxe izango duzue elkarrizketa gaurkotua esklusiban.
Badakit ordea, hasieran nioen bezala, azken finean gizaki hutsak garela eta hortaz, gauza bat dela desio duguna -kasu honetan, berbalizatua izan dena- eta beste gauza bat dela errealitatea -gure ekintzekin islatzen duguna-. Esan beharrik ez dago kasu honetan errealitatea desioari gailendu zaiola beste behin ere. Txoritxo batek esan zidan behin desioak errealitatera moldatu behar direla, eta inoiz ez alderantziz; baina guztiok ezagutzen dugu, eta gure esku daukagu, errealitatea gure desioetara moldatzeko tresna magiko bezain eraginkorra: DESOBEDIENTZIA.
Honengatik guztiagatik, artikulu hau esperantza islatzen duen aitormen batekin amaituko dut: ea laister denboran atzera bidaiatu eta irria ahoan dugula honakoa esan dezakegun: ezer ez da berdin.
Bihoakie besarkadarik beroenak 18 atxilotutakoei eta Amalur Mendizabali.