Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatiba
Aste osoan atsedenik gabe lan egitea, astelehenetik igandera; 12 lanorduko egunak; orduko 5 edo 6 euroko soldatak, noski, ordu estrarik gabe. Ez, ez da industria iraultzari buruzko Charles Dickens-en liburu bat; ezta 29ko krisiari buruzko analisia; ezta Estatu Batuetan kotoia biltzen zuten esklaboen lan baldintzen argazkia ere. Gurean gertatzen ari den zerbaiti buruz ari gara, munduko alkaterik onenaren hirian. Oraintxe gertatzen ari da, XXI. mendean, enpresen diru-gosearen ondorioz eta instituzio publikoen laguntzarekin.
Aipaturikoa San Mames Barriaren eraikuntza lanetan gertatzen ari denaren laburpen soil bat da. Bertan, hainbat enpresek horrelako lan baldintza lotsagarriak ezarri dituzte, sindikatuek azken hilabeteotan salatu dituztenak. Eta hauek ez dira gertakizun isolatuak. Izan ere, enpresek Eraikuntzaren Hitzarmenak behin eta berrito urratzen dituzte, bai obra pribatuetan zein publikoetan, eraikuntza enpresa handiek bere etekinak handitzeko beharrezkoa den guztia egiten dutela azaleratuz, baita lan eskubideak urratzea ere.
Egoera tamalgarria da. Baina oraindik lotsagarriagoa da diru publikoarekin finantzatutako lanetan onartzea, instituzio publikoek sustatutako obrak segurtasun eta lan baldintzei dagokionez eredugarriak izan ordez.
Baina errealitatea oso bestelakoa da; prekarietatea eta esklabotzatik gertuko lan-baldintzak. Langileriaren aurkako erasoa osatzen duten azken urteotako lan erreforma guztiak -PP, PNV eta PSEk babestutakoak- aski izango ez balira bezala. Orain instituzioen arduragabekeriaren bidez legea ekidin nahi dute, honek dakarren injustizia babestuz.
Horrela, eta San Mameseko lanak 2010eko ekainean hasi ziren arren, aurtengo irailera arte, 3 urte alegia, ez da ikuskapenik egin. Orain hilabeteetan salatu izan den errealitate bat azaleratu da; hau da, hainbat enpresa legez kanpo jokatzen ari direla, eta ez dutela Bizkaiko Eraikuntza eta Obra Publikoko Hitzarmena betetzen, lan baldintzak murrizten dituzten bestelako itunak baizik.
Gauza bera gertatuko al da Deustuko Kanala irekitzeko lanekin? Bilboko Udalak neurriak hartuko al ditu hau ekiditeko? Hori nekez gertatuko dela dirudi, oraingoz ez baita ezer egin. Are gehiago, San Mames Barrian gertatu dena jakinda ere, Udalak alde batera uzten du instituzioek langileen eskubideak babesteko duten betebeharra. Kanala zabaltzeko lizitazioaren baldintza pleguetan klausula sozialak sartzeko aukera galdu zuen, zeinen arabera, enpresa adjudikaziodunek, kontratek eta azpikontratatuek Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmena derrigorrez bete beharko zuten. Baina Udalean klausula sozial hauek ezartzea guztiz ezeztatu du PNVk, eta azken osoko bilkuran Hirigintza Zinegotziak baieztatu bezala, marko legalaren arabera, ezin omen da inor derrigortu hitzarmen hau betetzera.
Berriro, eskubideak ukatu eta urratzeko ohiturari jarraiki, PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, obra publikoen kontratazio baldintzen pleguetan enpresa adjudikaziodunek Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmen Kolektiboa betetzeko derrigortasuna sartzea eskatzen zuen EHBilduren mozio bat baztertu du, betebehar hau bermatzen zuten neurriak zehazten zituenak, hain zuzen. Jeltzaleentzat, inoiz ez da une egokia behekoen alde jokatzeko.
Edonola ere, errealitateak erakutsi du posiblea dela langileen eskubideen alde egitea. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua onartu dute, zeinaren arabera lan eta soldata baldintzei buruzko klausulak kontuan hartzea edota hitzarmen kolektiboak obra publikoetan aplikatzea posiblea izango den. Honek frogatzen du egingarria eta guztiz legala dela.
Eta ez badute egiten nahi ez dutelako da. Ez diote hainbat enpresen diru-goseari mugarik jarri nahi. Eta bien bitartean prekarietatearen hazkundearen ondorioz hiltzen den langile kopurua, azpikontratazioa, aldi baterakortasuna eta segurtasun neurrien eskasia handituz doaz. Azken buruan, hiltzen badira hala nahi dutelako da.