Carmen Garcia – Alternatibaren Mahai Feministako kidea
Azaroaren 14an, Galiziako ‘Ve-la luz’ izeneko genero indarkeriaren biktimen elkarteko bost emakumek, urriaren 15ean hasitako gose greba bertan behera uztea erabaki zuten. Tamalez, erabakia ez zen hartu garaipen sozial bat lortu izanagatik, ezta osasun arrazoiengatik ere. Arrazoi nagusia isiltasun hotza izan zen. Indarkeria matxistaren aurka borrokan diharduten elkarte eta emakume askorengan samintasuna sortu duen isiltasun mediatiko, politiko eta soziala, hain zuzen.
Erabateko isiltasun honi aurre eginez, Alternatibako mahai feministatik elkartasun mezu hau helarazi nahi dizuegu, zuei, zuen bizitzak arriskuan jarriz, zuen seme-alabei indarkeriarik gabeko bizitza bat eskaintzeko asmoz borrokatu duzuen emakumeei. Zuen greba jarraitu dugu eta gaur, aldarrikapen justu honekin jarraitzeko duzuen asmoa babesten dugu.
Jakin badakigu indarkeria matxista gure bizitzetan oso errotuta dagoela eta modu ezberdinetan azaleratzen dela. Azken hamarkadan estatu espainolean izan diren 700 erail baino gehiagok, gertatzen denaren larritasuna irudikatzen dute. Edonola ere, indarkeria patriarkala da kopuru ikaragarri honek behar bezalako garrantzia ez jasotzearen erreduna edota ‘Ve-la luz’ elkarteko hamar emakumeek hasitakoak bezalako ekintza ausartek oihartzun handiagoa ez izatea ahalbidetzen duena.
Izugarria eta onartezina da salatzen dituzuen egoerak gertatzea eta horregatik, tratu txarrak eragin dituen guraso bati seme-alaba bat ematera behartzen duen lege bat indarrean egotea, emakumeen aurkako indarkeria instituzionalaren alde bihozgabeenetariko bat dela deritzogu.
Legebiltzar Galiziarrean ordezkatutako alderdi guztien jarrera lotsagarria da. Bat gatoz zuen ikuspuntuarekin; Izan ere, zuek esan bezala, ‘politikoki zuzenak diren diskurtso koldar eta nahasiak’ tresna bat besterik ez dira aldarrikapenaren funtsean dagoena ez salatzeko: emakumeak eta euren seme-alabak guztiz babesteko bermea, hain zuzen. Hala ere, ahotsa eta botoa izango duzuelarik ikerketa batzorde horretan parte hartzeaz pozten gara, eta bertan izango duzuen ibilbidea jarraituko dugu.
Horregatik, gutun honen bitartez Alternatibako mahai feministatik gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizuegu, zuen aldarrikapena plazaratu eta erabateko isiltasun honekin amaitzeko asmoz. Izan ere, milaka berri sentsazionalista hedabide eta sare sozialetatik zabaltzen diren bitartean, beste aldarrikapen batzuk ez dira elikatzen, gobernuek zein hedabideek ‘isilarazitako borroka’ batean bihurtzen direlarik.