Oliver Gómez – Alternatibaren Mahai Internazionalista
Duela hilabete batzuk Kolonbian herri manifestazio handiak antolatzen ari dira herriak jasan beharreko egoera ekonomiko, sozial eta politiko txarrari irtenbideak eskatzeko. Lerro hauek idazten diren bitartean, Bogotan inoiz gogoratutako mobilizazio handienetako bat gertatzen ari da Gustavo Petro, zilegitasun osoz aukeratua izan zen alkatea babesteko.
Bogotako alkatea, hiriburu bateko lehen agintari ezkertiarra izan da; 80ko hamarkadaz geroztik estatuan indarrean egon diren politika neoliberalei aurre egiteko neurriak martxan jarri dituena. Zerbitzu publikoen despribatizazioa; osasun eta hezkuntza publikoaren zabalkundea eta hobekuntza; herritarren segurtasun ezaren murrizketa; birziklatzea ogibide duten milaka familia lan merkatu formalera sartzea; drogekiko menpekotasuna duten pertsonei arreta egitea; ingurugiroaren defentsa, eta oro har beharrizan handiena duten pertsonei so egitea, alkate honek indarrean jarri dituen politiketako batzuk dira, estatuko elite ekonomiko zein politikoak bere aurka jartzea eragin dutenak, haientzat mehatxu arriskutsu bat izateagatik.
Bere aurkarien jardunaren ondorioz, nazioko prokuradore nagusiak epai bat argitaratu berri du Petro kargutik kentzeko eta datozen hamabost urteetan herritarren bidez aukeratutako edozein kargutan egoteko gaitasunik gabe utziz. Oraingo honetan eskumak erabilitako aitzakia, alkateak hondakinen gaia ustez gaizki kudeatzea izan da. Epaiaren oinarriek, presidenteak berresten ez duen bitartean ondorio legalak zenbaterainokoak izango diren eta konstituzioan eragina izango duen jakin gabe, agerian uzten dute Kolonbian sustatzen den edozein proiektu politiko alternatibo mehatxupean dagoela, beti hala izan baita. Atzo erregimenari aurre egiten ziotenak deuseztatzen baziren -izan ere, Union Patriotica alderdiko hiru mila militante baino gehiago erailak izan dira-, gaur egun oso susmagarriak diren trikimailu legalekin txikitzen dituzte.
Eraso honek demokraziaren eta herriaren nahiaren aurka bidaltzen duen mezua (alkatea boto demokratikoen bidez aukeratua izan zen eta inongo deliturik egotzi gabe kargutik kendu dute, eta gainera herriak ezin izango du datozen hamabost urteotan aukeratu), datozen lehendakaritza hauteskundeei begira eskumaren aurkari garrantzitsuenetako bat baztertzeaz gain, Kolonbian eremu demokratikotik oposizioa egiteko ezintasunaren ideia indartu egiten du. Kolonbiako gobernuak eta FARC-EPk La Habanan jorratzen dituzten bake hizketaldien ardatzetako bat, insurjentziari armarik gabeko partaidetza politikorako espazioetan lekua eskaintzea da, eta beraz Petro gerrillari ohia kargutik kentzeak, partaidetza hori ezinezkoa dela argi utziko luke.
Alternatibatik agintari kolonbiarrei herritarrek hauteskundeetan adierazitako nahia errespetatzea eta herriaren burujabetzari egindako lapurreta hau ez onartzea eskatzen diegu. Elkartasun internazionala deitu nahi dugu, kaleetan dagoen den herria babesteko; hain zuzen bidegabekeria hau salatzen eta demokratikoki aukeratua izan den alkateak bere karguan jarraitzea eskatzen ari den herria. Kolonbiako herriari demokrazia, justizia soziala, mobilizazioa eta borroka defendatzen jarraitzeko indarra eta kemena bidaltzen diogu.
Gora Herria!, Irabaziko dugu!