Asier Vega – Alternatiba
Beharbada ozenago esan daiteke, argiago ezinezkoa baita eta, ahots gehiago… etorriko dira. Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen bakearen eta giza eskubideen aldeko aldarrikapena gogoratzen dugun jendetsuena izan zen, deialdiaren arrakastaren meritua partekatua izan arren. Izan ere, salbuespen egoera baterantz doan erregimen politiko baten laguntza izan zuen, gizarte mugimenduek askotan amestu baina hamarkadotan lortu ez dutena erantzuna eragin duena: eskubideak eta duintasuna aldarrikatzeko gero eta jende gehiago kalera ateratzea; Euskal Herritik Herrialde Katalanetara, murrizketak eta gehiegikeriak salatzeko bete diren plazak ahaztu gabe.
Urtero, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak milaka lagun biltzen ditu kalean. Hala zen ETAk bere ekintza armatua bertan behera utzi baino lehen -bitxia orduan ez zirela manifestazio hauek legez kanpo uzten- eta gerora ere arrakastatsuak izan dira. Frankismoaren ondorengoen gezurretatik haratago, manifestazio hauek sinestarazi nahi izan dutena baino helburu sinpleagoa dute: presoen senide eta lagunak zigortu eta hitzen dituen dispertsioaren amaiera, gaixo larriak edo sendaezinak kartzelatik ateratzea, eta kondenak luzatzeko erabiltzen diren oinarri legalik gabeko neurrien amaiera eskatzea.
Laburbilduz, gobernu espainiar desberdinek euskal presoei ezarritako espetxe politika, zigorrean eta salbuespenean oinarritutakoa, behingoz amaitzea eskatzen da. Batzuek, sentitzen duten gorrotoa dela eta, biktimak edo minaren trafikanteak diren heinean ezberdina izango dena, justizia mendekuarekin nahasten jarraituko dute; baina ukaezina da euskal gizarteak eskubideen berrezarpena, gatazkaren behin betiko konponbidea eta bakea eskatzen duela. Euskal Herriak argi hitz egin du, solaskiderik ez badu ere.
Velasco epaileak larunbateko manifestazioa debekatzea erabaki zuenean, zalantzazko meritu bakar bat -erregimen espainolarentzat gutxienez- izan zuen: pankarta beraren atzean EHBilduk osatzen dugun alderdi politikoak, EAJ, ELA eta LAB sindikatuekin batera biltzea, hain zuzen ere. Bitxia da, baita barregarria ere, nola Espainiako Erresumako Gobernu guztiek bere balizko etsaiak indartzen dituzten.
Batzuek itun nazionalista bat segituan ikusi dute, eta bada beldurra dionik; baina beste ezerren gainetik, ardura ariketa bat besterik ez da izan, euskal herritarron oinarrizko eskubideen aurkako enegarren erasoa -besteak beste manifestazio eskubidearen aurkakoa- gelditzeko asmoz egina.
Sigla batuketa hau, erregimen espainiarrak herri honen bakearen eta normalizazio politikoaren aurka etengabe egiten duen boikotaren emaitza besterik ez da izan. Gatazkaren aldeetako baten indarkeria bertan behera gelditu ondorengo prozesuan, batetik, ez dute batere lagundu, eta bestetik, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzeko pausu bat bera ere ez dute eman -Estrasburgok derrigortu duenean izan ezik-; eta gainera, presoen eskubideak defendatzea edo haiekin elkarrizketak izatea delitu bakarra duten gizon-emakumeak jazartzen, legez kanpo uzten eta espetxeratzen jarraitu ditu. Hor ditugu berriki gertatutako Herriraren edota EPPKren abokatuen aurkako operazioak, justizia bere nahiera erabiltzen duen kasta buruzagi baten politika suizidan egindako urrats berriak, hain zuzen.
Aparteko aipamena merezi du Francoren garaietatik barne ministrorik traketsena izan denak. Ez bakarrik manifestazioa Israeldik baloratzeko burutazioa izateagatik, mende erdian Europan izandako erakunde armatu guztiek batera baino hildako gehiago eragin dituen genozida bat omentzen zen bitartean; ezta “abortua ETArekin zerikusia duela” esan zuen ministroa izateagatik ere. Traketsa da espetxe politika ez dela aldatzen “manifestazio bat edo birengatik” esateagatik; esaldi honek, lehenik eta behin, euskal presoentzat ad hoc sortutako salbuespen politika dela berresten duelako. Honez gain, ez lukeelako ukatu behar haserratutako herri batek gauzak aldatzeko duen gaitasuna. Gamonalen adibidea dugu; inork ez duelako gogoratzen zenbat plaza protestaz bete ziren iraultza baten bezperan.
Euskal Herritik, bestak beste gure etorkizuna zein izango den erabakitzera eramango gaituen bidea eraikitzeko ahalmena izateko, pankarta bat eta epaile xelebre bat baino gehiago behar da. Euskal eskumari, ezin zaio eskatu soilik momentu zehatz batean hautua egitea: alegia, bere herriko gehiengo sozialarekin batera manifestazio batera joan edo Ertzaintza honen aurka bidaltzea -lehen aukeraren alde egin izana ospatu behar badugu ere-, askoz gehiago eskatu behar zaio. Adibidez, murrizketa eta erreformak onartzen ez jarraitzea -are gutxiago hauen alde jokatzea edo hauen soberakinekin negoziatzea-; ez onartzea bankuek inposatu eta Europako instituzioek ezartzen duten logika kapitalista barneratzen dutenek inposatzen diguten miseria kudeatzea; herria eraikitzea euskal banku publikoa defendatuz eta ez Kutxabank pribatizaziora eramanez; etekin sozialik ez duten azpiegitura erraldoien politika bertan behera uztea eta intsumiso azaltzea abortuarena bezalako erreformen aurrean, Eusko Jaurlaritzak egun dituen eskumenak erabiliz.
Edonola ere, urtarrilaren 11ak alderdikerien gainetik protagonista nagusi bat izan zuen: herria. Eta kontuz ibili daitezela ulertu nahi ez dutenek herriaren erabakiak gobernuek, poliziek ezta ejertzitoek ere gelditzerik ez dituztela.
Iturrian irakurtzeko: www.enlucha.org
Kalatanez irakurtzeko: www.enlluita.org