Diana Urrea, Barkatxo Ruiz, Eva Balnco eta Ainhoa Beola – EHBildu
Martxoaren 8a, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak aldarrikatzeko, gogoratzeko eta ospatzeko aukera, baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko unea.
Krisiaren itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe. Bitartean, emakumeok lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Baina inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.
Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero eta harri gehiago, umetokian bandera espainola ezarrita —Estatuaren lurralde bihurtuta— eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Hori guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexualaren hautua egiten ez dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta.
Lan-merkatuan gero eta biluziago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak besterik ez ditugunok babesik gabe utziz. Haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; erakunde publikoak, pertsonen zaintza luxua dela baloratuta, horretarako dauden zerbitzuak eta laguntzak murrizten ari dira eta, ordainetan, emakumeon zaintzaren motxila kargatzen.
Biluzik gabiltzan arren, gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazoa dela diote, baina gaude beraientzat arazoa, azken finean, emakumeak garela. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu duen kontrarreformarekin —motibazio ideologiko ultrari erantzuten dio— duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara.
Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala edo heteropatriarkala indartzeko neurriak dira. Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu, elizgizon esanguratsuen ahotik sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makillatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.
Emakume eta gizon askeak buru eta gorputz-jabeak izateko heziketa zeinen garrantzitsua den dakitenez, LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi eta erlijio katolikoa jarri nahi du erdigunean. Elizak eta Estatuak eskua emanda sartu nahi dute eskoletan, haurren gogoak kolonizatzeko.
Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu, eta bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ez dugu ahotsik. Ikusezinak gara. Horrez gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte.
Egoeraren irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Feministok urteetan aldarrikatutako eta borrokatutako helmuga gero eta urrunago dago eta inboluzio lazgarria sufritzen ari gara. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako, baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako baizik. Emakumeok berriro ere sistema heteropatriarkalaren kaiolara lotu nahi gaituzte.
Egoeraren irakurketak, etsipenean erortzeko baino gehiago, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Betaurreko eta lupa moreak jantzi, elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta horiei aurre egiteko prestatu behar dugu. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak, eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozioekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista ezkerretik eraikitzeko.
Martxoaren 8an, EH Bilduk Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du. Gure zeregina da, mugimendu feministarekin batera, borrokak berpiztea, lortutzat genituen eskubideak uste baino errazago gal ditzakegulako, eta gure zeregina da mugimendu feministak irekitzen duen bidea jarraitzea.
Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean. Jakitun gara jendartea eraldatzeak geure buruak ere eraldatzea esan nahi duela, eta jakitun gara barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko. Kanpora begira egingo dugun lanaz gain, etxe barruan ere eraldaketa feministaren bidean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.