Cristina Bereciartua – Alternatiba
Duela gutxi ikusi ahal izan nuen nola irakasle batek ikasitako babesgabetasuna zer den irakasten zien bere ikasleei. Ariketa honakoa zen: ikasleei hiru hitzez osatutako txartelak banatzen zizkien eta, hitz bakoitzaren hizkien ordena aldatuta, hitz berri bat osatu behar zuten (adibidez AULKI LAUKI bihurtu). Lehen hitzarekin hasi eta erantzuna aurkitu bezain laster besoa altxatu behar zuten ikasleek. Denbora aurrera joan ahala, erdiek eskua altxatu zuten, baina beste erdiak oraindik ez zuen erantzunik. Bigarren eta hirugarren hitzekin emaitza bera izan zen. Ariketa amaitu ostean azaleratu zen lehen bi hitzak ezberdinak zirela; txartel batzuetan erantzuna aurkitzea posiblea zen bitartean, beste txartela zutenek ezinezkoa zuten asmatzea. Azken hitza, baina, berdina zen txartel guztietan eta, hala ere, lehen bi hitzak ebazterik izan ez zutenak, ez ziren gai izan erantzuna asmatzeko. Hirugarren hizkira heltzen zirenerako, sentitzen zuten frustrazio eta konfiantza faltaren ondorioz blokeatu egiten ziren, emaitza asmatu ezinik.
Baina zer da ikasitako babesgabetasuna? Hitz tekniko honen arabera, gizaki edo abere batek modu pasiboan jokatzera ikasten du, etsita dagoela, erantzuten ez duenak, nahiz eta egoera aldatzeko aukera izan.
Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte langileoi? Duela hamarkada batzuk sektore ezberdinetako langileriak bere eskubideak aldarrikatu, babestu eta hauen aldeko borroka egiten zuen. Zergatik? oinarrian, oso ondo ulertzen zutelako euren eskubideak zeintzuk ziren eta nola defendatu behar zituzten. Hainbesteraino izan da, non langileak euren kabuz aurkeztea edo beste edonor ordezkari izendatzea onartzen duen bakarra jurisdikzio soziala dela, abokatu, prokuradore edota graduatu sozialen bitartekaritzarik gabe. Urteak aurrera joan ahala, lanbide zuzenbidea konplikatu egin da, opaku bihurtu da, teknizismoz josi dute, hizkera elitistaz, eta ondorioz, askok Langileen Estatutua irakurri eta ez dute deus ere ulertzen. Nola defendatuko dituzte orduan euren eskubideak? Langileria babesgabe utzi dute, eta egunero topatzen ditugun bidegabekerien aurrean ezer gutxi egin dezakegula uste dugu, gure eskubideak bete daitezela eskatzeko dauzkagun tresnak, soilik hauek ulertzen dituztenen esku daudelako.
Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte emakumeoi? Txikitatik eta gure bizitza osoan, sexu erasoen biktima potentzialak garela esan digute. Hainbat ikerketen emaitzen arabera, emakumeok etengabe eta normaltasunez erabiltzen ditugu aurrepentsatutako beldur honi aurre egiteko tresnak. Hau da, onartu dugu bortxatuak izan gaitezkeela, baina ez gaituzte sexu eraso baten aurrean erantzuten irakasten. Beldurra izan dezagun hezten gaituzte, paralizatuta gelditzeko, ezer ez egiteko, gauez kalean bakarrik ez ibiltzeko, ezezagun batekin topo eginez gero pareko espaloira aldatzeko…
Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte, gizarte osoari oro har? Egunero zilegi ez diren arauak aplikatzen dizkigute, gehiengoak ulertu ezin duen hizkera batean aurkezten dizkigutela. Kalera protesta egitera irteten garenean, gure eskubideak aldarrikatzera goazenean, egurra ematen digute. Legeak diru jartzaile potentzialen nahiera aldatzen dituzte, guri legea legea dela eta aldatzea ia ezinezkoa dela esaten diguten bitartean. Adarra jotzen digute modu simulatu eta diferituan, osasungintzan, diru-laguntzetan, hezkuntzan, langile eskubideetan eta abarretan murrizketak egiten dituztenean. Politika higuingarria dela esaten digute, lotsagarria, alde batera utzi beharreko zerbait dela, baztergarria; baina benetan kolokan jarri behar duguna, buruzagien kasta da, eztabaida handiak irudikatzen dituzten bitartean, finantza botereak laguntzeko Konstituzioa ezkutuan aldatzen duten alderdiak, alegia.
Baliteke ikasitako babesgabetasun honetara bultzatu gaituzten langileriaren zati handiena, emakumeak, herritarrak oro har eta beste talde asko, goizero ohetik atsekabe altxatzea, babesgabetasun sentipenarekin, gure eskubideak aldarrikatzeko tresnak izango ez bagenitu bezala, gure egonezina plazaratu ezinik… Baina berri onekin nator: hau ez da egia; aldaketa eragiteko gaitasuna badugulako, gure esku baitago kontrola berreskuratzeko eta boterea hartzeko tresnak sortzea. Egin behar dugun bakarra ikasitako babesgabetasuna ahanztea izan behar da, guganako konfiantza, harrotasuna eta duintasuna berreskuratuz.
Egun ukatzen dizkiguten erabakitze esparruak berreskuratuz; borroka eta aldarrikapen sozialetan nahasiz; gure auzo eta hirietako mugimendu eta asanblada ezberdinetan modu aktiboan parte hartuz; greba, kontzentrazio, martxa, manifestazio, kartelada eta ekintza zuzenetan gure burua martxan jarriz; sistema justuago bat asmatuz eta antolatuz, bereizmenik eta matxismorik gabekoa, bizitzea merezi duten bizitzetara zuzendua; parte-hartzailea, jasangarria, ingurugiroa errespetatuko duena; gure eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan ez etsiz, libreak, autogestionatuak eta antolatuak izateko bidea ematen dizkiguten eskubide berriak aldarrikatuz. Azken batean, politika betidanik hala izan behar baina izan ez den modura aldarrikatu behar dugu: geurea. Hortik aurrera, aldaketa gure esku egongo da. Aktibatu dezagun.
Artikulu hau BERRIAn argitaratu izan da