Diana Urrea, Jon Iñarritu, Eva Blanco eta Maite Ubiria – EH Bildu
Garapenerako lankidetza bidegurutze batean dago Euskal Herrian. EH Bilduk politika publiko eraldatzailearen alde egiten du, herritarrak ahalduntzean eta gizarte-justizian oinarrituta, baina gainerako indar politikoek eskaintzen dutena ikusteak atsekabea eragiten du.
EAJk, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Bizkaiko Foru Aldundian, murrizketa handiak egin ditu politika horri dagokionez, eta bere Basque Country Estrategiaren gehigarritzat hartzen du; izan ere, estrategia horren helburua da euskal enpresek kanpoko herrialdeetan presentzia izan dezaten sustatzea, baina kasu askotan, lan-baldintza txarragoetan eta esplotazioa nahiz prekarietatea sustatuta. Esan gabe doa horrek guztiak ez duela zerikusi handirik garapenerako lankidetzak benetan izan behar duenarekin.EAJk, bere jarduna ezkutatzeko, esku-hartze humanitario handiekiko babesa iragartzen du han eta hemen (Filipinetako hondamendiaren kasua dugu horren adibide), nahiz eta gero laguntza hori ez den gauzatzen; edo, bestela, gezurra esaten du inolako lotsarik gabe, adibidez, Bizkaian. Izan ere, %46ko murrizketa egin ostean, honako hau esan du lotsagorritu ere egin gabe: “Euskal Autonomia Erkidegoan, lankidetzaren esparruko konpromisoari eusten dion herrialde bakarra da hau”.
Alderdi Popularrak ere antzeko zinismoz jokatzen du: gobernatzen dituen erakundeetan, lankidetza-politikak eskizofrenikotzat edo, besterik gabe, faltsutzat har daitezke. Arabako Foru Aldundian, foru-arau bidez ezarrita dago aurrekontuaren %1 lankidetzara bideratu behar dela. Baina iaz, sei proiektu baino ez ziren finantzatu, guztira 224.557€-ko balio metatuarekin. Murrizketa nabarmena da, baina hori baino deigarriagoa da arduradun politikoen lotsagabekeria; izan ere, haien hitzetan, krisialdiaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak aurrekontuaren %0,7 baino ezin du bideratu lankidetzara, baina Gobernuz Kanpoko Erakundeek egin duten azterlanaren arabera, Foru Aldundiaren ekarpena %0,2 baino txikiagoa da.
Bestalde, Euskadiko Alderdi Sozialistak eskarmentu handia du hitzaldi bikoitzak egiten, gobernatzen edo oposizioan dagoen arabera, baina garapenerako lankidetzaren kasuan, isil-isilik dago. Iraganean oportunismo politikoaz jardun badu, orain axolagabekeria baino ez du erakusten; hau da, argi eta garbi mespretxuzko joera adierazten du, alderdi horrentzat lankidetzarekin loturiko politika ez baita lehentasuna.
Egoera hori ikusita, Euskal Herria Bildutik garapenerako lankidetzaren politika defendatzen ari gara gobernuan gauden erakundeetan; guk gobernatzen ditugun erakundeetan ez ditugu aplikatu murrizketa tamalgarri horiek, gainerako alderdiek kontrakoa egiten duten arren.
Dena den, gure ustez, zenbatekoa bezain garrantzitsua da modua; beraz, nazioarteko garapenerako lankidetza aldarrikatzen dugu politika publiko eta sozialtzat. Bestela esateko, nazioarteko lankidetza politika publikoen multzoan sartzen dugu guk, eta politika publiko den aldetik, finantzaketa publiko egonkorra ezinbestekoa izateaz gain, administrazioak berak hartu behar du bere gain politika horren plangintza, kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa.
Gainerako alderdiek ez bezala, guk ez dugu uste garapenerako lankidetza ongintzazko laguntza denik eta eguberrietako azokatxo baten bitartez finantzatu behar denik; aitzitik, gizarte-justiziarekin lotzen dugu. Bestela, geure oparotasunaren jatorria ukatzen ariko ginateke gu geu ere, zinismoz jokatuz; izan ere, guk hainbeste baldin badugu, hegoaldeko herrialde pobretuetako lurraldeak eta gorputzak esplotatu eta indarrez ebatsi ditugulako da.
EH Bilduren ustez, gure ustez, lankidetza-politikak herritartasun unibertsalaren kontzeptuan oinarritu behar du; alegia, pertsona guztiak eskubideen subjektutzat hartu behar ditu, nongoak diren edo non bizi diren alde batera utzita. Era berean, lankidetza-politikak eraldatzailea izan behar duela uste dugu; giza garapen iraunkorra sustatzeak izan behar du politika horren ardatz.
Gaur egun, dela herrian, dela orokorrean, gure inplikazioa eskatzen duten prozesu asko eta asko daude: nekazarien elkarteek elikadura-subiranotasunaren alde egiten duten borroka, mugimendu feminista borrokalariak antolatzea, Saharako eta Palestinako borrokak… Beraz, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntza ematen diegu, baita gizarte-mugimenduei ere, eskubide indibidual eta kolektiboen alde borrokan ari diren herritar antolatu horiei laguntzen jarrai dezaten, baina betiere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuta.
Azken batean, guk defendatzen dugun lankidetza-eredua tresna bat da; hain zuzen ere, gizarte zibil antolatuak balia dezakeen tresna, herrien eta pertsonen emantzipazioa ahalbidetzeko tresna, beste politika batzuekin koherente izanik. Alderdien interesen gainetik, epe motzeko interesen gainetik, herri-mugimenduen eta gizarte-erakundeen zerbitzura jartzen dugu lankidetza, herri-mugimendu eta gizarte-erakunde horiek baitira gizartea eraldatzeko prozesuaren benetako protagonista.