Diana Urrea – Alternatiba
Errealitateak fikzioa gainditzen duela diogu, baina batzuetan esaldi hori askoz ere gordinagoa izan daitekeela sentitzen dugu. Hala gertatu zait duela gutxi Melillara egin dudan bidaiaren ondorioz.
Mugan ematen den giza miseriaren arduradun zuzenak Espainiako eta Marokoko erresumak direla ziurtatzera eramaten gaituzten argudioak aipatu aurretik, ezinbestekoa da migratzaileak eta errefuxiatuak Melillara zer nolako egoeratan heltzen diren azaltzen duen testuinguruaz hitz egitea.
Melillaz ari garenean, berehala hesia zeharkatzen saiatzen diren afrikar “uholdeen” irudia datorkigu gogora. Hesia baino, hesiak direla esan beharko genuke, guztira hiru baitira; eta aurki lau izango dira, Maroko eraikitzen ari den hesi berria gehituta. Afrikar hauetariko gehienak gizonezkoak dira. Emakumeak ordea, txalupetan edota muga-zeharbideetatik sartzen dira; bertatik egunero komunikabideentzat ikusezinak diren 20.000 eta 30.000 lagun artean igarotzen direla.
Gauzak horrela, azpimarratu beharreko lehen faktorea generoa da. Beste behin ere, emakumezko migratzaile eta errefuxiatuek ondorio latzak pairatzen dituzte: guztiek sexu erasoak jasotzen dituzte etengabe sorterritik atera eta helmugara heldu arte; gehienak euren ibilbide migratzailea kontrolatzen dituzten eta sexu esplotazioa helburu duten sareen salerosketaren biktimak dira; gainera familia barruan indarkeria matxista egunero jasaten dute, eta abar luze bat. Guzti hau heriotza edo haientzat are beldurgarriagoa den zerbaiten mehatxupean; budua.
Aurretik azaldutako baldintzak guztiz lotuta daude emakume hauek duten asilo eskubidearekin. Halaber, pertsona hauen sorterria gatazka egoeran eta krisi humanitario larrian murgilduta dago; eta ondorioz, nazioarteko babesa jasotzeko zilegitasun osoa dute.
Baina Melillara heldu eta asiloa eskatzeko asmoa dutenek, euren askatasunez mugitzeko eskubide urraketarekin topo egiten dute. Izan ere, asilo baimenaren izapideak egiten diren bitartean, debekatuta dute hiritik ateratzea eta penintsulatik libre ibiltzea. Ondorioz, penintsulara beste nolabait sartzea erabakitzen dute. Arazoa da ordurako kaleratze agindu bat jaso dutela eta horrek gerora asiloa eskatu nahi izatekotan, zailtasunak sortuko dizkiela; horrela, legez kanpoko pertsonak bihurtzen dira; oinarrizko bizi baldintzarik gabe, prekarietate sozial eta ekonomiko larrian bizitzera behartuta egongo diren etorkinak.
Argitu beharra dago Espainiako Gobernuak ez duela oraindik sexu esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketa asiloa eskatzeko arrazoitzat jotzen eta, ondorioz, emakumeak babesik gabe eta euren sorterrira bueltan bidaltzeko arriskupean daude.
Beste faktore garrantzitsu bat Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroaren (CETI) gehiegizko okupazioa eta pilaketa egoera da. Egiaztatu dugunez, 480 lagun biltzeko sortutako zentro honetan 1.600 pertsona nekez bizi dira; haien artean 400 adin txikikoak. Euren bataz besteko egonaldia 280 egunekoa da.
Zentro honen beharrizan guztiei aurre egiteko 15 funtzionariok egiten dute lan, eta eskura dituzten baliabide ekonomiko eskasak kontuan izanda, zeregin hau betetzea erabat ezinezkoa da. Egoera lazgarri honen arduraduna Estatu Espainoleko Barne Ministerioa da.
Faktore mediatikoak ere garrantzi handia dauka: komunikabide ofizialistak erabiliz, hesira salto egiten duten pertsonak kontrolaezinak direla sinestarazten zaie herritarrei. Norbaitek sinetsiko al luke egoera hauek kontrolaezinak direla, estatuaren segurtasun eta indar kidegoek eskura dituzten bero eta mugimendu sentsoreekin eta base militar marokoarrekin? zentzugabekeria hutsa da. Hala nahi izango balute, inork ez luke hesitik salto egin behar, baina zenbait hitzarmen ekonomiko sinatzen direnean, mugimendu masibo hauek ematea komeni da, arreta desbideratu ahal izateko, giza miseriaren morboa eta pertsonen salerosketa erabilita.
Zorionez, komunikabide alternatiboak daude, Espainiari lan zikina egiten dieten indar marokoarrek pertsona migratzaileei jasanarazten dieten krudeltasunaren berri ematen digutenak. Melillako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde baten esanetan “penintsulako herri ezberdinen burujabetza ukatzen dutenek, Marokori bere nahiera ibiltzen eta giza eskubideak urratzen uzten diote”.
Azkenik, ezin ahaztu Melillan ematen den esklabotza mota ikusgarriena: “Emakume garraiolari” delakoak. Emakume marokoarrak dira, Espainia eta Maroko artean 30 eta 100 kilo bitarteko fardelak euren sorbaldetan eramaten dituztenak, 2 euroren truke. Auzo Txinatarretik igaro besterik ez dugu behar pairatu behar izaten dituzten izugarrikeriez ohartzeko.
Baina zerbait azpimarratzekotan, duintasuna izango litzateke. Mundu zeken eta bidegabe batean gizaki batek jasan dezakeen guztia jasan ostean, edozein bidetik mugak zeharkatzen dituzten milaka gizon-emakumeei, Estatu espainol eta marokoarrek inoiz kendu ezin izango dieten duintasuna, hain zuzen ere.
Mugarik gabeko mundu baten alde, non herrien arteko elkartasuna eta herritartasun unibertsala oinarrizko printzipioak izango diren; gaur inoiz baino gehiago, Euskal Herri libre eta internazionalista bat aldarrikatzen dugu, munduko edozein tokitan pobrezia eta bidegabekeria pairatzen duten pertsona eta herri guztien mina bere egingo duena.
Argitaratu izan da, besteak beste:
Ahotsa.info eta Ozenki webguneetan.