Lehenik eta behin, zoriondu nahi dugu Jaizkibel konpainia. Hondarribian eta Euskal Herri osoan emakumeen eskubideen aldeko ikurra zarete. Segi lanean, alarde bakarra eta parekidea gero eta gertuago dago zuen urteetako zuen lana eta konpromisoari esker. Herri honen historian leku bat duzue irabazita.
Aldiz, amorru handiz ikusi dugu aurten berriro ere Jaizkibel konpainiaren aurkako plastiko beltzak agertu direla eta hori onartezina da. Urte asko pasatu dira eta Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko udalak alardearen gatazka konpontzeko ez dutela inongo borondaterik konprobatzeko tartea izan dugu batzuk eta besteek. Bereziki larria da Hondarribiko alkatearen jarrera, eta de fakto bere karguan jarraitzeko indargabetua geratu da. Beraz, Hondarribiko alkateak gaur bertan bere dimisioa aurkeztu behar du. Aitor Kerejeta alkateak Jaizkibel konpainiari egiten dion mespretxua gero eta argiagoa da. Emakumeen bazterketaren ikurra bihurtu da Kerejeta eta gatazka betikotzeko arduradun nagusian bilakatu da.
EH bildutik salatu behar dugu aurten EAJren zenbait kargu publikok alarde baztertzailearen aldeko jarrera argia agertu dutela. Aitor Kerejeta alkateaz gain, Eider Mendoza batzarkideak eta Kristina Uriarte Sailburuak bere babes osoa adierazi diote Alarde matxistari eta bizkarra eman diote Alarde parekideari.
- Eider Mendoza gaur egun Batzar Nagusietako lehendakaria da, funtzioetan, eta gaur ez du alarde mixtoa babestu, eta normaltzat jo du alarde baztertzailea existitzea.
- Jakina da ere Kristina Uriarte Kultura sailburuan zein alardearen aldekoa den eta aurten Alarde baztertzaileari bere babes osoa adierazi dio publikoki.
- Eusko Jaurlaritzak aurten ere ez du legea betearazi. Hamar urte pasatu dira Berdintasunaren legea onartu zenetik eta ez du ezer egin Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko. Gainera, plastiko beltzen aurrean Ertzaintzaren pasibotasunak alarde matxistaren aldeko keinu bat bezala ikusten dute alarde matxistaren aldekoek.
EH Bilduren iritziz, gure instituzioetan horrelako jarrerek ez dute lekurik izan behar eta hiru kargu publiko hauei, Kerejeta, Mendoza eta Uriarteri, irtenbide bakarra geratzen zaie: edo publikoki emakumeen parte hartzearen alde egiten dute edo berehala bere dimisioa aurkeztu beharko dute.
Alderdi politikoei dagokienez, Gipuzkoako EAJ eta PSEri Hondarribian jarreraz aldatzeko denbora agortu zaio. Egoera honek ezin du gehiago iraun. Hondarribitik kanpo emakumearen berdintasuna aldarrikatzen dute baino bertan bazterketaren aldeko eragile sutsuenak dira. Markel Olanok, Egibarrek eta Arriolak etxeko lanak egin behar dituzte eta emakumeen bazterketa defendatzen duten bere kargu publikoak kanporatu behar dituzte.
EH Bilduren iritziz, posible da gatazka konpontzea eta jaia berdintasunean ospatzea. Baina horretako erakunde guztiek norabide egokian lan egin behar dute. Emakunde, Ararteko eta Diputazioak egin bezala, udalak ere bere aldetik lan egin behar du. Gipuzkoan bertan esperientzia desberdinak daude eta horrelako gatazkak konpondu daitezkeela adierazten digute. Donostian, Tolosan eta EH Bildu gobernatzen ari den herri guztietan horren alde ari gara lanean eta emaitzak hor daude.
Emakumeak eremu publikoan baztertzearen ziren garaiak betirako pasatzen ari dira Gipuzkoa osoan. Hondarribian eta Irunen ere laster horrela izango dela ziur gaude eta horretarako ari gara lanean. Hondarribiko populazioaren gehiengoak gatazka konpontzea nahi du eta emakumeen presentzia ziurtatzea nahi du. Hori da bidea eta ziur gaude denon artean lortuko dugula.