Dakizuen bezala, EHBildutik hilabeteak egin ditugu Kutxabanken kontrol sozial eta publikoa berma daitekeela aldarrikatzen eta horretarako urratsak emateko exijitzen, modu horretara gu guztionak diren kutxa publikoen eta Kutxabanken pribatizazioa saihesteko. Denbora honetan guztian ezezkoak baino ez ditugu jaso; hori ezinezkoa zela erantzun digute beti, legeak bestelakoa agintzen duela argudiatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak, ordea, agerian utzi du badaudela alternatiba errealak hiru herrialdetako kutxak izaera publikoa izaten jarraitzeko. Hau da, EHBildutik hainbeste denboran esan eta aldarrikatu duguna posible da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak agerian uzten duena eta euskal jendarteari eskaintzen dion aukera ezin da bazterrean utzi. Kutxak euskal instituzioen eta euskal herritarren ekimenaren eta lanaren fruituak dira. Kutxak eta Kutxabank gaur egun diren finantza-erakunde baliagarriak eta bideragarriak badira, euskal jendarte osoaren inplikazioa eta borondatea egon delako da. Jabego publikoa eta izaera soziala izanda lortu dute kutxek eta Kutxabankek orain direna izatea.
EAJk, PPk eta PSEk (eta CCOO) baina, bestelako asmoak dituzte Kutxabankentzat. Pairatzen ari garen krisi ekonomikoa aitzakia bezala hartuta eta Europako Batasunetik datorren aginpide batean ezkutatuta, Kutxabanken jabegoa esku pribatuen esku utzi nahi dute. Horren ondorioak erabat kaltegarriak eta tamalgarriak dira euskal jendartearentzat: gure herriaren ekonomiaren egonkortasunerako funtsezkoa den tresna da Kutxabank, baina bere kontrol publikoa izatearen bermea galduko dugu eta, horrekin batera, bere izaera soziala eta jendarteari egin diezaiokeen ekarpena ere kolokan geratzen da.
Kutxabank pribatizatzea beste aukerarik ez zegoela esaten aritu diren EAJ, PP eta PSE gezurretan aritu direla demostratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak. Posible da Kutxabanken jabetza publikoa izatea, posible da bere izaera soziala mantentzea, posible da euskal gizarteak eta euskal ekonomiak bere etorkizunerako funtsezkoaduen finantza-tresna mantentzea. Posible da. Borondate politikoa baino ez da behar.
Horregatik, beren jarrera aldatzera eta Kutxabanken pribatizazioa gelditzeko dei zuzena egin nahi diegu EAJri, PPri eta PSEri (eta CCOOri). Frogatu egin da Kutxabank publikoa izaten jarraitzeko berme legal serio eta fidagarriak daudela. Alternatiba mahai gainean dago, eta gauzagarria da. Lege aldetik, jada, ez dago aitzakiarik. EAJri, PPri eta PSEri dagokie orain erabakia hartzea. Edo izaera sozial eta jabego publikoa bermatua izango duen Kutxabanken alde egiten dute, edo euskal gizartearen ondarean den Kutxabank finantza-oligarkien esku uzten dute.
Zentzu horretan, interpelazio zuzena egin nahi diogu EAJri. Euskal Herria, euskal nazioa, egunez eguneko jardunarekin eraikitzen da. Euskal Herria egunero hartzen diren erabaki xume zein handiekin eraikitzen da. Euskal ekonomiak eta euskal herritarron orainak eta etorkizunak finantza-erakunde indartsua izatea eskatzen dute, kontrol publikoa bermatua izango duena, herritarren eta euskal ekonomiaren interesak lehenetsiko dituena eta ez gutxi batzuen interes ezkutuak… Euskal Herriak eta euskal jendarteak Kutxabank publikoa nahi du eta behar du; etxegabetzerik burutuko ez duen Kutxabak publikoa, IRPH bezalako indize maltzurrik aplikatuko ez duen Kutxabank publikoa, herri honen ehun produktiboan inbertituko duena, enpresa eta kooperatiba txiki eta ertainak lagunduz, erakunde publikoen egitasmoak lagunduz…
Aitzakia legal guztiak alboratuta, EAJren esku dago euskal nazioaren eraikuntzan beste urrats garrantzitsu bat ematea. Borondate politikoa badu eta herritarron interesa pertsona gutxi batzuen interesen gainetik jartzea erabakitzen badu, ondoan izango du EHBildu. Parez pare zabaldu zaigun aukerak merezi duela uste dugu.