Toni Ramos – Alternatiba
Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioz, gehien kaltetutako klaseak miseriara kondenatuta daude, bankuen, multinazionalen eta oligopolio energetikoen mesedetan. Testuinguru honetan, ulergarriena litzateke langileek ezkerreko indar alternatiboen alde egitea, eta honek militantzia eta bozka gehiago irabaztea, alderdi politiko klasikoen gainbeheraren aurrean. Eta hala gertatzen ari den arren, bestelako aukera batek ere gero eta jarraitzaile gehiago irabazten ditu azkenaldian.
Murrizketa sozialak, ustelkeria eta gizarte gehienak klase politikoarekiko garatu duen desilusioa baliatuz, muturreko eskuina eta faxismo berria azaleratzen dira. Eta diskurtso populista, erraz eta xume batekin egiten dute, inongo arrazoibiderik gabe, defendatzerik ez duen etsaiaren aurka gorrotoa erabilita eta gezur bat etengabe errepikatuz egi bihurtzearen arauari jarraiki. Izan ere, arrazakeria eta xenofobia oinarritzat hartuta, neofaxismoa krisiaren aurkako diskurtsoa entzuteko prest dagoen orori irtenbide erraz bat eskainiz elikatzen da: egoera honen errudunak etorkinak dira.
Baina faxismoaren eta muturreko eskuinaren etorrera ez da ustekabekoa; diskurtso mota hau bozak lortzeko tresna modura ikusi duten alderdi politiko tradizionalei egotzi behar genieke zalantzazko meritu hori. Hona hemen adibide batzuk:
Herri eskandinaviarretan, Norvegiako Alderdi Aurrerakoia edo Suediako Demokratak bezalako muturreko eskuineko alderdien diskurtso arrazistak gero eta indartsuagoak dira. Alderdi kontserbadoreak, arrazakeria eta xenofobiaren aurka agertu beharrean, gauza bera egiten hasi ziren, ultraeskuindarren presioak eraginda, etorkinen kriminalizazioa sustatzen zuten politikak abian jarriz. Guzti honen ondorioa muturrera heldu zen 2011 urtean gertatutako Utoyako sarraskian.
Frantzian ere antzera gertatu da. Le Pen xenofobia erabiltzen hasi zen herriaren arazoen errua ahulenei egotziz. Sarkozy kontserbadorea ere bozka errazaren trenera igo zen eta Errumaniatik etorritako ijitoak Frantziatik kaleratzen hasi zen, herritar musulmanen erlijio askatasun eskubidea urratzen zuen bitartean. Hollandek ere ez du egoera zuzendu. Politika hauen jarraikortasuna sustatzearen ondorioz, Fronte Nazional alderdi neofaxista Europako azken hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen. Gaur egun, Marine Le Pen, muturreko eskuineko alderdiaren sortzailearen alabak, bere burua Frantziako Lehen Ministro gisa ikusten du.
Antzeko adibideak daude Herbehereetan, Erresuma Batuan edo Italian, eta Euskal Herria ere ez dago fenomeno honetatik aske. Gurean bizi diren sona politiko handiko pertsonaiek, beren burura defendatu ezin duten etorkinak, boto eskubiderik ere ez dutenak, kriminalizatzen dituen diskurtso hau aspaldi erabiltzen dute.
Hauteskundeetan bozak lortzeko, babesgabe daudenak erruduntzen dituzte, eta ez PPk ezta PNVk ere, ez dute botere gehiago eskuratzeko aukera galtzeko asmorik. Berdin zaie bere diskurtsoak ez gutxiengo horri bakarrik baizik eta gizarte osoari kalte egiten badie. Europari besterik ez diogu begiratu behar, muturreko eskuina gure herrian ezartzeari bidea zabaltzen diotela ikusteko.
Araba eta Bizkaiko Foru Aldundietatik, eta Sestao edo Gasteiz bezalako Udaletatik, etorkinen kolektiboaren aurkako salaketa faltsuak egin dira, orain arte ezkutuan mantendu den neofaxismoari alfonbra gorria jarriz, muturreko eskumaren iritziak bereganatuz eta politika naziak ezarriz. Kezkagarria da ikustea nola Gasteizen baliabiderik gabeko pertsonek saltoki sare jakin batean eta soilik berdez markatutako produktu zehatz batzuk erosteko baimena duten. Elikagaien errazionamendua gertuko enpresen onurako erabiltzea Francoren diktadurako garai ilunen ohiko zerbait izan zen, eta Javier Marotoren eskutik itzuli da.
Josu Begara, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres eta Maroto bezalako politika munduko pertsona ezagunak iritzi arrazistak publikoki azaleratzeko gai badira, nork aurpegiratuko dio Democracia Nacional-i gauza bera egitea? Sasi-erakunde nazi hau Gasteiz inguruan etorkinen aurkako kartelak pegatzen hasi da dagoeneko.
PP eta PNVko buruzagiei gogorarazi behar izango genieke, higiezinen eztandaren garaian, lanik falta ez zenean, Espainiako Erresumaren BPGaren hazkundearen ia erdia etorkinen ekarpenaren ondorioa zela. Akaso kontuan izan beharko lukete pertsona hauek Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutela; Euskal Herrian jaten eta erosten dutela, eta ondorioz zerga zuzen eta zeharkakoak ordaintzen dituztela, beste edozein euskal herritar bezala. Agian ere kontuan izan beharko lukete kultur aniztasunak ematen digun aberastasuna. Eta batez ere, gogorarazi beharko genieke gure gizartearen zati oso handi bat (militante jeltzale asko tartean) euskal jatorrikoak ez diren etorkinek edo beren ondorengoek osatzen dutela.
Etorkin katalan batek sinatuta, edozein etorkin marokoar edota zortzi euskal abizen dauzkan edozein bezain euskalduna.