Helena Franco, Ander Rodriguez – Gipuzkoako Ogasun diputatua eta Gizarte Politikarako diputatua
Juan Mari Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, «zerga gainkargua» edo «zerga espezifiko» berri bat proposatu du mendekotasunaren beharrei erantzuteko. Lehendakariak berak ere galdetu du «egungo zergekin bermatu ote daitezkeen dauden gizarte zerbitzuak, egun dauzkagunak eta berriak». Galdera oker eginez gero, nekez izango da zuzena erantzuna, eta hala da kasu honetan ere. Ez da galdetu behar zein zerga-sistema behar dugun mendekotasuneko gastuari eusteko, baizik eta zein zerga-sistema den beharrezko politika publiko guztiei batera eusteko. Zaintza duin eta unibertsaletan egindako inbertsioak desorekatzen ote ditu, bada, diru-kontu publikoak? Euskal administrazioen gastu osoari egindako panoramiko batek ezezkoa adierazten digu. Euskadin gizarte zerbitzuetara zuzenduriko gastua %10,7koa da (Eustat).
Nola finantzatzen dira, egun, politika publikoak? PFEZaren eta, gehienetan, herri xehearen bizkar joaten diren zeharkako zergen bidez bildutakoaz. Gipuzkoan, zehazki, zerga-bilketa osoaren %37 PFEZetik dator (bere bilketaren %80 lan errentei dagokie) eta beste %50 BEZ eta zerga berezien bitartez jasotzen da.
Beraz, mendekotasunak ez ditu oro har administrazioak kinka larrian jartzen; eta finantzaketak ere ez du zertan etorri lehen ere euskal administrazio publikoen jardueraren zatirik handienari eusten dioten zergen gaineko gainkargu berri baten bidez. Hala ere, aski al da egungo inbertsioa herritar guztien eskubide sozialak bermatzeko? Ez, inola ere ez. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak diru gehiago behar du.
Beharrezko diren baliabide horiek euskal sisteman txertatu ahal izateko, administrazioek beren gastua zorroztasun handiagoz kudeatu behar dute eta beren lehentasunak hurrenkera egokian jarri. Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, argi daukagu zaintzen sare publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak direla gure lehentasun. Oso argi daukagu politika ekonomikorik hoberena gastu sozialeko inbertsioa dela, horrela ongizate kolektiboa lagundu, ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen baita. Horrexegatik, beste administrazioen —Eusko Jaurlaritza edo gobernu espainiarraren— murrizketa sozialen aurrean Gipuzkoan, urtez urte, gizarte gastua handitzen ari gara.
Egia da mendekotasuna duten pertsonen arretarako gastuak gora egiten jarraitu behar duela, eta horren zati batek zerga-bilketa sistema aldatzetik eratorri behar duela. Hala ere, zergatik jarraitu zerga-sistema herri xehearen bizkar kargatzen? Zergatik ez egin hori enpresa handien mozkin eta fortuna handien bidez? Gipuzkoan erakutsi dugu nola egin daitekeen.
Ez da kasualitatea Ogasuneko diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak artikulu hau elkarrekin sinatzea. Zergatik? Gipuzkoan Ogasun Departamentuaren jarduna eta Gizarte Politikako Departamentuarena berezi ezinak direlako. Gure zerga politika ardura sozialaz landua dago. Txanpon beraren bi aldeak dira biak eta koherentziari eusten diogu zeinek bere politiketan. Ez da serioa beste gobernu batzuetan bezala alor fiskaletik zerga beherapenak proposatzea, eta aldi berean gizarte esparrutik fondo gehiagoren erreklamazioa egotea.
BERRIAn argitaratua