Lur Etxeberria EHBilduren talde feministaren izenean
Eztei-bidaia esaten zaio ezkontzaren ondoren egiten den bidaiari ez ezik gizonezkoak emakumeari eraso egin ondoren etorri ohi den damutze uneari ere, eztitik gutxi duena, indarkeriaren zirkulua ixten baitu berriz ere hasteko. Indarkeria matxistarekin hazi eta bizi bagara ere, ezer gutxi dakigu indarkeria-mota horren inguruan, nola funtzionatzen duen, zergatik erabiltzen den eta, batez ere, nola gaindi dezakegun
Hasteko, benetako zailtasunak ditugu indarkeria matxista identifikatzeko. Erasorik ikusgarrienak eta dramatikoenak ikus ditzakegu, baina ez gure egunerokotasunean ohikoagoak diren indarkeria sotilagoak (kontrola, umiliazioa, desakreditazioa, jarrera paternalistak…). Erakundeen politika publikoek ere hala egiten dute, eta eraso agerikoenetara bideratzen dira, eraso horiek eusten dieten indarkeria bigunagoen aurrean itsu.
Bigarrenik, ez dira indarkeria matxistaren jatorrira jotzen duten politikak egiten. Indarkeria eta eraso matxistak ez dira gertaera isolatuak, ez dira salbuespena eta bai, ordea, gizon eta emakumeen arteko botere-harremanen adierazpen larriena, icebergaren punta, egiturazko arazoa. Indarkeria matxista sistemaren errore bat ez den neurrian, ordena soziala mantentzeko beharrezko mekanismoa den neurrian, ordena soziala bera zalantzan jartzea eskatzen du. Politika publiko gehienak, ordea, ez dira ausartzen zutabe horiek zalantzan jartzen, emakumeen gaizki-izateak beste batzuen pribilegioei eusten dielako agian.
Hirugarrenik, diskurtso zurien lurraldea bilakatu da indarkeriarena. Erakunde publiko eta alderdi gehienei erraza eta merkea zaie muturreko erasoak salatzeko argazkiak eta adierazpenak egitea, baldin eta ez badie haien lehentasunak aldatzea ekarriko. Beste egoera batean geundeke indarkeria matxista gainditzeko Abiadura Handiko Planean inbertituko balute. Izan ere, berdintasunari buruz asko hitz egiten da, baina ez da hainbeste praktikatzen. Politika isolatuak egiten dira, intentsitate gutxikoak; eta txapa moreak parekidetasunaren aldeko labela lortzeko baliatzen dira, parekidetasuna oztopatzen duten politikak egiten jarraitu ahal izateko.
Laugarrenik, emakumeen kontrako indarkeria eremu askotatik dator. Testuinguru orokorra emakumeen kontrako indarkeriarena da, eta horrek baldintza ezin hobeak sortzen ditu gizonek emakumeen kontra indarkeria erabil dezaten. Publizitateak kontsumorako produktu gisa aurkezten ditu emakumeak, nahi erara erabil daitekeen merkantzia gisa. Hedabideen eduki askori sexismoa darie, estereotipoz gainezka, eta emakumeak ezkutatzea edo gutxiestea ohikoa da. Bankuek emakume bakarrez osatutako familiak etxegabetzen dituzte, eta kapitalak emakumeei erreserbatzen dizkie ordaindu gabeko zaintza-lanak. Hala ere, ez da publizitate eta hedabideen edukiak arautzeko neurri eraginkorrik ezartzen, ezta emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzeko neurri berezirik ere, batzuk aipatzearren.
Egoerak politika integralak eskatzen ditu, prebentzioan oinarrituko direnak. Beharrezkoa da gizonengan gehiago erreparatzea, gizon izateko eredu alternatiboak sortzen laguntzea, maskulinitate-eredu hegemonikoa (oldarkorra, bere burua kontrolatzeko gai ez dena) gainditzea. Beharrezkoa da, besteak beste, maitasun erromantikoaren ideologia zalantzan jartzea eta emakume indartsuak eta askeak sortzen laguntzea.
Indarkeria matxista gainditzeak pertsonen esplotazioan oinarrituko ez den sistema bat sortzea eskatzen du, harreman horizontalak arau orokor izango direna eta ez salbuespena. Orduan, bai, egingo ditugu guztiok ezt(e)i-bidaiak.