Oskar Matute – Alternatibako bozeramaile nazionala
Langabezia, etxegabetzeak, murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan; prekarietatea lan merkatuan, bideragarriak diren enpresak desagertzea, publikoa den ororen lapurreta, eredu ekonomikoaren eta produktiboaren gabezia, gazteak eta hain gazteak ez direnak deserrira zigortzea … Horixe da Euskal Herri osoari, Hego Europako gainerako herriei bezala, kalte egiten dion krisialdiaren ondorioz Nafarroako herritarren zati handi batek pairatzen duen egoera.
Jakin badakigu, ordea, krisia ez dela naturaren gaindiko arrazoiengatik sortzen eta, Nafarroan, besteak beste, beren agintarien arduragatik ematen dela, estatu espainiarrean txandakatzen diren gobernuen ezinbesteko laguntzarekin. 78ko erregimenaren sortzaileak pozik bizi dira Hegoaldea bitan zatitu izanarekin, herritarren arteko talka ere eraginda. Estatuaren baliabide guztiak eta hedabideak alde zituztela, izaera nafarra espainiartasunaren ardatz bilakatzen zuen kontsentsua eraiki zuten eta, bitartean, euskara eta euskal kulturarekin zerikusia zuen oro baztertu eta zokoratu egiten zen. Izan ere, esaera zahar bilakatuak dioenez: “Nafarroa, estatu auzia da”.
Estatuko egitura berreginez, 78ko erregimenak aldizkako gobernua babestu zuen ere Nafarroarako, beren elite ekonomikoen eskutik. Urteotan, PSN izan da gobernuan eta, 1991tik, UPN. Biek izan dute harremana ustelkeriarekin. Lapurreta eskandalagarriak eta kudeaketa ezin txarragoak tartean, Nafarroako kutxaren lapurreta da mingarriena eta ezagunena. Kontuz elkarteak salatu duenez, “arduradun politiko eta zuzendarien ikuskizun iraingarria bizi behar izan dugu, Nafarroaren tresna finantzari nagusia, CAN, desagerrarazi duena. Pasarte onartezinetako asko ezagunak ditugu: dietak, erlojuak, inbertsioak, helikoptero bidaiak …”.
Herritarren artean haserrea nagusi denean agintari hauen kudeaketa traketsarengatik, aldaketarako bide itxaropentsua ireki da. Nafarroan bada demokrazia aldarrikatzen duen ehun sozial anitz bat, herritarrei eragiten dien gauza guztien gaineko erabakitzeko eskubidea eskatzen duena: eredu sozial eta ekonomikoaren zein lurralde antolaketaren gainean.
Maiatzean egingo diren hauteskundeetan asko dago jokoan. Batetik, UPN 1991. urtetik lehenengo aldiz agintetik kentzeko aukera gauzatzea; baina horren gainetik, erabakitzeko eskubidearen eta erregimenarekin apurtzearen alde dauden lurralde honetako indar politiko ugariren koalizio zabal bat presidentziara eramateko aukera dago jokoan. Kataluniako bidegurutzeari, Nafarroaren egoera gehitu ahal zaio Espainiako estatuari, izan ere, lurralde honi egotzi zioten euskal independentismoa geldiarazteko tresna izatea erkidego autonomoen egituraren diseinuan. Beraz, hurrengo bozetan erabakiko dena ez da bakarrik balizko gobernu aldaketa soil bat baizik eta 78ko erregimenaren ardatz nagusietako bat eraistea. Aldaketaren aldeko apustua egiten duten indarren artean gutxieneko adostasunak sortzeko aukera paregabea dago mahai gainean.
Yolanda Barcina, Foru Erkidegoko egungo presidenteak, zerrendaburua izateari uko egin diola iragarri zuen. Batek baino gehiagok uste du ezinbestekoa dutela bera alde batera gelditzea UPN-PSN-PP aliantza gauzatuko bada, egungo egoerari jarraipena eman ahal izateko.
Kasualitate ederra dirudi Auzitegi Nazionalak CAN auzia berrireki izana Barcinaren agurraren ostean. Eskandalua azkarregi itxi omen zen eta bitxia bada ere, egungo presidentea UPNren hautagaia izateari utzi zion hurrengo egunean sinatu zen auzia berraztertzea agintzen zuen autoa. Zerikusirik al du batak bestarekin?
Bestetik, haserrearen emaitzak jaso dezaketen IUN edo Podemos bezalako indarrek, ohiko dilemari aurre egin beharko diote. Zalantzarik gabe, EH Bildurekiko balizko itunek beren hautagaitza estataletan izan ditzaketen ondorioei begira ibiliko dira. Eta oso albiste txarra izango litzateke hori Nafarroan hausturaren aldeko apustua egiten duten guztientzat, izan ere, badirudi EH Bilduk eta Podemosek jasotako botoen artean gobernu aldaketa eta aurreko guztia gainditzea egingarria dela. 78ko erregimenaren apurketa itxaropentsua ikusi ahal izango dugu? Edo kontsentsu zaharrak berregituratuko dira, aldaketa oztopatuz eta herritarren gehiengoari traizio eginez?