Juan Maria Sanchez eta Asier Vega – Alternatibaren Ekologia Mahaia
Energia-kartelak, Iberdrola buru duelarik, Enplegu Erregulazioen sindikatuek eta ate birakarien politikari gutun-azal zaleek, gu guztiok inguruan pobrezia mota berri bat ikustea eta ezagutzea lortu dute; “energia-pobrezia” delakoa hain zuzen ere. Soldata eta pentsio baxuengatik, gauzak birritan ordaindu behar izateagatik eta energiaren prezio altuarengatik heldu gara egoera honetara, non herritar askok bizpahiru mantekin hotzaz babestu behar diren, janaria auzokoaren etxean berotu, edota zein botika erosi eta zein ez aukeratu behar izaten duten.
Bada, oraingoan, protagonista berdinen eskutik, enpresarien “miseria morala” ezagutu behar izaten dugu, euren enpresek milaka milioi euroko mozkinak lortzen dituzten bitartean, milaka langile kaleratzen dituztenak, eta euren negozio eredua iraunarazteko asmoz, gobernuak erosten dituztenak. Politikariek ere jarrera hau erakusten dute, portzentaje txiki baten truke, beste alde batera begiratzen dutenak; energia-pobreziak sortzen dituen arazoei irtenbidea aurkitzeko limosna eta karitatea lehenesten dutenak, oinarrian dauden gaitzei aurre egin ordez. Ahalik eta mozkin handiena lortu nahi dute, pertsonen eta ingurumenaren lepotik.
Hazkundea da mantra berria. Geroz eta energia gehiago kontsumitzea, hazten jarraitzeko. Ez daukagun zein energia iturri erabilita?
Petrolioari dagokionez, inportaturikoa, urteak dira “peakoil” delakora heldu zela.
Gasa, inportaturikoa, beste batzuen mesederako politikoki ezegonkorrak diren herrietatik dator. Fracking-a, ingurumenaren suntsiketaren truke erabiltzen da. Mozkinak biltzen dituzte eta bertan bizitzeko egokia ez den herri bat uzten digute.
Zaborrak erretzea, gasa erabiliz airea kutsatzen jarraitzeko eta oso kutsagarriak diren sarra arriskutsuak sortzeko.
Nuklearra, Garoña, gure Fukushima. Nork gordeko ditu hondakin nuklearrak datozen mila urteotan? Urteak funtzionatu gabe egon arren, sistemak aurrera jarraitzeak, zentrala beharrezkoa ez dela erakusten du, argi eta garbi.
Hauxe da PP, UPN eta PNV-k proposatzen diguten energiaren panorama. Aurrera begirako ihesaldia, kutsaduraz, jasangarritasun ezaz eta administrazio kontseiluetan betetzen diren besaulkiez osatua. Ez dago epe luzera begirako energia planik, energia berriztagarrien aldeko apustu argia egingo ez duenik. Baieztapen honekin ados daudela diote, nola ez; kontrakoa esatea ez baita herritarren gustukoa. Horregatik, PNV, UPN eta PP Fracking-aren gasarekin zeharo txoratuta daude. PNV-k Madrilen Iberdrolak agindutako Errege Dekretu baten alde bozkatu zuen, energia berriztagarriak eta autokontsumo elektrikoa suntsitzen dituena. Orain badakigu jeltzaleek herritarrak saldu dituztela, euskal industriari bidesari elektrikoetan beherapen bat egitearen truke. Euskadi gasaren alde dagoela lau haizetara zabaldu ostean, txoratuta daude ziklo konbinatuekin, Boroarekin eta Zabalgarbin zaborra gasarekin erretzearekin; eta herritarrentzat, zer? Kutsadura, energia-menpekotasuna, energia-pobrezia eta karitatea.
Horregatik irmotasunez energia-eredu ezberdin baten alde egiten dugu, non guztiok energiarengarrantziaz jakitun izango garen; energia jasangarria, energia berriztagarrietan oinarritutakoa, ezinbestean kontsumitzen dugun energia kopurua murriztera eramango gaituena, aurreztean eta efizientzian oinarritua, deszentralizatua eta herritarren eskuetan egongo dena.