Joxe iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Aurten berrogei urte bete dira, Espainiako Estatuaren konplizitateaz, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta kolonizatu zuenetik. Harrez geroztik, saharar herriaren zati bat errepresio zital eta bidegabearen menpean bizi da, eta bestea, Aljeriako hamadan edo basamortuan. Sahararrek, etsai edo arerio bati madarikazio bat bota nahi diotenean, honela egiten dute: “Jainkoak eman diezazula hamadaren egarria”.
Duela hamabost urte, Sahara maratoia abian jarri zenetik, lagun baten eskaerari men eginez, hartu nuen parte lehen edizioan, maratoi erdia eginez. Harrez gero, maratoi osoa (2005), hamar kilometro (2010), eta bost kilometro (2015) egin ditut.
Denbora horretan saiatu naiz saharar herriaren egoeraz eta daraman gatazkaren nondik norakoaren jabe izaten. Zaharrak berri! Aurten ere, entzun ditugu gazteen ahotik gerra berpiztearen aldeko iritzi sutsuak. Fronte Polisarioa ere Nazio Batuen Erakundeak apirilean zer erabakiko duen zain dagoela, zirt edo zart egiteko prest dagoela diote. Nire uste apalean, horrek denak lelotik gehiago du errealitatetik baino.
Munduan ez da giro sahararren alde. Sahara inoiz baino desagertuago dago gatazka konpontzeko agendatik. Maratoia bera jada ez da notizia. Oso nabarmena egin zait zenbat zorroztu diren segurtasun neurriak. Baina, ez borroka prestaketaren adierazle, infiltrazioen beldurrez baizik. Mundubateko hirukooperante bahitu zituztenetik marokoarren esku sartze edo sabotajeen beldur bizi dira sahararrak.
Aldaketarik handiena, kanpalekuen bizimoduan eta antolamenduan antzeman dut. Harritza, sugeak eta harea besterik ez dagoen tokian, kanpo laguntza behar ohi da bizi ahal izateko: janaria, arropa, eguzki plakak… Baina orain arte dena zen behin-behinekoa. Egun, hori horrela denik ezin ziurtatu. Errefuxiatu kanpalekuak asentamendu bilakatzen ari dira. Libanon bezala. Hots, argindar sarea antolatzen ari dira. Aljeriako Gobernuak halako inbertsioa egiteko, arazoa luzerako doan seinale.
Duela gutxi txiringito bakan batzuek osatzen zituzten eremuak, gaur egun, ia denetarik dagoen gune komertzial bilakatu dira, Carrefour komertzioak eta guzti. Jaimeetan ere nabari dira aldaketak. Telebistak, ia norbanako adina mugikorrak. Wilaya direlakoetan harrigarria da automobilen hazkundeak eta horrek sortu duen trafiko kaosa. Eta horrekin hauts itogarria!
Lehenengoetan, eguzkia desagertu bezain pronto izarreriari begira egon nintzen harri eta zur. Aurten berandu arte ez zen desagertzen zerua ezkutatzen zuen hauts txapela.
Argia-n irakurri