Xabier Soto – Alternatiba
Pasa den apirilaren 21ean, Deustuko unibertsitatera joan nintzen EH Bildu, PSE, EAJ eta PPren Donostiako alkatetzarako hautagaien arteko mahai-inguruan publiko bezala parte-hartzeko.
Nahiz eta antolatzaileen arauak urratu ahal izan nituen, ikasle ez izanda hitza hartzean, eta nire galderaren helburua alderdikoi bezala gaizki interpretatu zitekeen arren – El Mundok egin zuen moduan-, uste dut merezi izan zuela; izan ere, iruditzen zait presoen egoera gazteen artean ezagutarazteko, eta batez ere, gai honen inguruan alderdiek dituzten posizioak pentsa daitekeena baino hurbilago daudela erakusteko balio izan zuela.
Nire hitz-hartzean, Donostian eraildako ehun pertsona baino gehiago izan zirela aipatu, eta erailketak burutu, lesioak eragin edo kalte material hutsak sortu dituztenei eragindako minaren aitortza eskatu beharraz hitz egin ondoren; hautagaiei galdegin nien ea zer eskaintzen zieten 66 preso donostiarrei, zeintzuk sakabanatuak izan diren (Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak urratuz); horietako bat konfinatua izan den (Espainiar Konstituzioan aipatzen den birgizarteratze helburua baztertuz); gutxienez zortzi Segiko kide izateagatik kartzelaratuak izan diren (Entzutegi Nazional beraren ondorengo sententziak urratuz, non inkomunikazio-aldian lortutako polizia-aitorpenetan soilik oinarrituta inor ezin dela kartzelaratu adierazten den); pertsona bat (Arkaitz Rodriguez) Bateragune kasuagatik kartzelaratua izan den, bere egoerara kartzelan egoteagatik pairatutako mugikortasun arazoak gehituz; eta beste bat (Carlos Trenor) Egin-eko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik kartzelaratua izan den, kasu honetan 70 urte baino gehiago dituela kontuan hartuz eta beraz, egungo Zigor Kodea aplikatuz baldintzapeko askatasunean egon behar lukeela gehituz. Era berean, galdetu nuen ea zer eskainiko zuketen donostiar presoren batek gaixotasun larri eta sendaezin bat pairatuko balu, kasu honetan ere egungo legedia urratuko baitzen.
Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albisturren (PP) erantzunei dagokienez, bat egiten ez dudan gauza bakarra da nire ustez ETAren disolbatzea ezin dela sakabanaketa aplikatzeari uztea erabakitzerakoan kontuan hartu beharreko faktorea izan; besteak beste, 1989a baino lehen ETA ere existitzen baitzen (orain baino modu askoz aktiboagoan), eta urte hartara arte ez baitzen dispertsioa aplikatzen hasi, Felipe Gonzalezen gobernu sozialistaren erabaki politiko baten fruitu, eta Jose Antonio Ardanza buru zuen EAJ, PSE eta PPk osaturiko Ajuria Eneako itunaren oniritziarekin.
Sufrimendua eragin duten eta zorionez gaur egun ematen ez diren beste erabaki politikoekin gertatu den moduan, dispertsioa lehenbailehen amaitu behar da; eta berau aplikatzea erabaki politikoa izan zenez, politikatik ere bilatu behar da presoek eta haien senide eta lagunek pairatzen duten egoerari irtenbide bat ematea.
Presoen eskubideak errespetatuak izatera hurbiltzeko, beharrezkoa izango da elkarrizketan eta lanean jarraitzea beren egoeraren hobetzean lagunduko duten akordio zehatzak lortu ahal izateko; eta zintzoki, uste dut gehiengoaren nahia dela pausu horiek ematea, edo gutxienez geldirik mantentzearen edo atzera bueltatzearen borondatea ez dela nagusitzen. Beharrezkoa den bakarra gizarte zibiletik aldaketa hauek sustatzen jarraitzea da, alderdiak beren hatsa sentitu eta ibilian jarraitzera behartuz.
Zentzu honetan, niretzat helburua argi dago: pertsona guztiek beren eskubide guztiak errespetatuak izango dituzten eszenatoki batera iristea. Eszenatoki hau definitzeko, lehenik eta behin, beharrezkoa izango da guztion artean erabakitzea eskubide horiek zeintzuk izango diren, gutxienez bakean, eta beraz armek inongo norabidetan hartutako erabakiak baldintzatzen ez duten eszenatoki batean bizitzeko eskubidea; giza duintasunaren errespetua bermatzen duten eta birgizarteratze helburuarekin bat datozen presoen eskubideak; eta eragile ezberdinek sortutako biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideak jaso beharrez. Edonola ere, garrantzitsuena alde guztiek guztion artean definitutako eskubide horiek errespetatu eta errespetarazteko borondatea izatea dela deritzot.
Norabidea finkaturik dago, gure aurreko pausoek nondik gatozen gogorarazten digute; orain ibilian hastea besterik ez da falta, izan ere, Machadoren poemak zioen moduan: “ibilian dabilenarentzat bere oinatzak bidea besterik ez dira; ibilian dabilenarentzat ez dago biderik, ibilian egiten baita bidea.”