Joseba Barriola – Alternatiba
Gure gogoa da Aitzol Gogorza, errenteriarra, preso politikoa, gaixo larria: herrira orain.
Sufrimenduaren denbora eten nahi dugu. Bengantzaren denbora eten nahi dugu. Kalkulo politiko ziztriñaren denbora eten nahi dugu. Eten nahi dugu. Bizitzaren denbora erein nahi dugu.
Gure gogoa. Gure, Errenterian bizi garen 38.000 pertsona guztiena. Hauteskundetan, inork ez du Aitzol preso jarraitzearen aldeko hitz bat esan. Aitzitik, legea gordetzeko garrantzia aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain legezkoa da; bakea aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain bakea lantzea da; elkarbizitza aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain elkarbizitzaren ereintza da; giza eskubideak aipatzen badituzu, Aitzol herrira orain esaten ari zara; zure bide politikoak “pertsona helburu” badu, Aitzol herrira orain zure helburua da; biktimen errekonozimenduaren alde bazaude, Aitzol herrira orain-aren alde zaude; etxekaleratzearen aurka bazaude, Aitzol herrira orain da etxe duina izateko bidea; osasungintza unibertsalaren alde bazaude, Aitzol herrira orain da horretarako medizinarik hoberena eta merkeena; seme-alabak badituzu, Aitzol herrira orain da bere gurasoentzat bizitzeko esperantza sakonena; herri libre batean bizi nahi baduzu, Aitzol herrira orain ezinbestekoa da; zure zeure bihotz berotasuna zaindu nahi baduzu, Aitzol herrira orain horren arragoa da. Herriko festak, magdalenak, mundialak izatea nahi baduzu, Aitzol Herrira Orain gabe ez dira mundialak izango.
Gure gogoak, 38.000 errenteriarren gogoak ahal du kartzelaren harresiak desegin eta Aitzol Herrira Orain ekarri. Kartzelako harresiak badu izena: bengantzaren politika eta kalkulo politiko ziztriña. Bengantza horren aurka eta kalkulo ziztriña horren aurka herritarren gogoak indarra du.
Horregatik Aitzol Herrira Orain gure geroa presente egitea da. Eta, jakitun behar dugu izan, hori ezean gero gazia izango zaigula.
Ekainaren 27an esango dugu: gaur gatoz giza-gatea egitea, gatibu duten Aitzol Herrira Orain gure esku dagoela aldarrikatzera, kaixo Aitzol kantatzera: haurrak eta gazteak, helduak eta aiton-amonak denok batera herri zoriontsuago eraikitzen. Musikarekin, dantzarekin eta muinean muinean gure gogoarekin. Esan didate 500 pertsona aski direla giza-katea egiteko. Esan didate gure herriak, Errenteria-Orereta bihotz beroagokoa dela, duen gogoak 1.000/2.000…herritar bilduko dituela. San Juanetako gau gorria-ri jarraituko dio Aitzol askatuaren goiz garbia. Zer diozu gutun hau honaiño irakurri/entzun duzun hori?
“Kaixo Aitzol /Kaixo aitzol
kaixo Etxerat/ kaixo Etxerat
Goazen guztiok Herrira.
Aitzol preso gaixoa eta
preso guztiak kalera”
Naiz-en argitaratua