Oskar Matute – Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean
Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estuaren aurka duen gatazkan.
Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.
Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko dena bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen gordiar korapiloa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.
Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baina baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.
Guzti horregatik, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duten jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.
Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina bereari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.
Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.
Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzea boteretsuen galera eragin dezakeelako.
Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egitea. Izan ere, etorkizuneko Kataluniak, burujabeak, gutxien dutenentzat aukera izango da CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duena, sektore guzti horiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.
Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen dutenentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegun haien alde lan egin dezatela.