Alba Fatuarte – Alternatiba
Argi hitz egin dezagun: Alarde parekideak – soilik parekideak- ezbairik zein baldintzarik gabe, eta publikoki babesten ez dituenak, bazterketari eta, ondorioz, indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio. Urkulluk, Olanok, Santanok eta Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Irun zein Hondarribiko Udalen izenean, indarkeria matxista babesten dute; lehenek entzungorrarena eginez, eta azkenek jarrera baztertzaileak inolako disimulurik gabe babestuz.
Harrigarria badirudi ere, hau guztia hemen eta orain gertatzen ari da; legeak baimenduta eta komunikabideen oniritziarekin. Baina batzuei aitzakiak bukatzen ari zaizkie; agenda arazoak, tentsiorik eragin nahi ez izatea, tradizioa, bakoitzak jaia “bere erara” bizitzeko eskubidearen aldarrikapena… oso bestelakoak izan dira azken 20 urteotan entzun ditugun argudioak; gero eta ulertezinagoak, gero eta ahulagoak, gero eta ustelagoak, gero eta hipokritagoak. Are gehiago ordezkari hauek, berdintasunaren aldeko kanpainetan parte hartzen dutenean, euren bulegoetako leihoetan puntu moreak jartzen dituztenean, edota hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzeen lehen lerroan ageri direnean.
Ez dute ulertu, edo onartu, nahi, indarkeria matxista bera pairatzen dugun egiturazko desberdintasunaren ondorioa dela, alardeetako bazterkeria bezala. Milaka aurpegi dituen txanpon beraren aldeak baino ez dira, eta aurpegi guztiei aurre egin ezean, jai dugu. Baina are okerragoa da alardeen aferan bizi duguna, desberdintasunaren aurpegietako batzuk zuzenean babesten eta garbitzen dituztelako arduradun politiko horiek.
Batzuek diote irundar eta hondarribiarren artean konpondu beharreko auzia dela, ez dela tartean politika nahastu behar. Baina Carol Hanishek behin esandakoa gogora ekarriz, “auzi pertsonalak politikoak dira”, eta instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta betebeharra dute. Antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, borondate politikoa egon denean. Baina Bidasoaldean berdintasunaren alde erabaki irmoak hartu behar izan direnean, arazoak sortu direnean, ezerezean gelditu dira diskurtsoak, kanpainak eta puntu moreak. Azalean gelditu dira guztiz kontrajarriak diren ereduak; lehena, PNV eta PSOErena, kalkulu elektoralen araberakoa, eta parez pare, EH Bildurena. Gure DNAn dugun konpromiso feministari eutsiz, Hondarribian botoak galduko genituela jakinda, epe motzeko emaitzari begiratu gabe, alarde parekidearen alde, eta soilik parekidearen aldeko apustua mantendu egin dugu urte hauetan guztietan.
Erabaki hura eta azken urteotan babestu dugun jarrera erradikala izan zela esango dute batzuek, baina feminismoa erradikala izan behar da halabeharrez; egun emakumeok, herritarren erdiak, beste erdiaren eskubide berberak izan behar ditugula defendatzea planteamendu erradikala baita oraindik ere.