Joseba Barriola – Alternatiba
Igandean egon nintzen Kursaaletik Saguesera egin zen katean. Paparrean jarri nuen pegatina: «Larriki gaixorik dauden presoak, Etxera!». «Dauden» hitzari erreparatu nion. Gaixo daude. Egia da. Bainan izan, ez dira gaixoak. Izan, izatekotan, larriki gaixo dauden preso horiek, bizitzaren borrokalariak dira. Askatasunaren hautua, garai bakoitzean modu propioan eta ondo pentsatuan gauzatu behar dena, hastapeneko hautu hori tinko darrai gaixo dauden presoengan.
Hau ez da estrategia baten edo besten, aldeko edo kontrako, auzia. Zerbait sakonagoa da, estrategia guztien muinean egon beharko den zerbait. Duintasun pertsonalaren eta Herriaren duintasunaren agerpena. Hemen, presoekin dugun auzi etiko bakarra hauxe da: presoen bizitzaren alde gaude edo presoekin txantajea eginez etekin politikoa lortu nahi da.
Urkullu jaunak ez du eskubiderik auzi honetan etikaren izenean ezer exijitzeko, bere alderdian nagusi den etikaren barruan (Ardanza eta Arzallusen garaitik hona) dagoelako presoen dispertsioaren ezarpena eta erantzunkizuna. Argitu beharko luke PNVk dispertsioaren eta oro har politika «antiterroristaren» babesa nola negoziatu zen, eta babesaren truke, onura ekonomiko eta politikoak jaso ote zituen, eta jaso bazuen zeintzuk.
Duela gutxi Aitzoli buruz idatzitako bertso batzutan esaten nuen: Ez zera zu gaixoa/ ez daukazu gaitza/ Heriotzarekilan/ zure ahalegintza/ Bizirik irtetetzea/ iraun-esperantza/ Bizia bersortzea/ zain daukazun dantza.
Uste dut presoen askatasunari buruz hitzegiten dugunean beste tonu onuragarriago bat bilatu behar dugula. Ez penarena, ez ezintasunarena, ez etsipenarena.
Presoak etxean, gure esku dago! Bai? Bai.
Ez badira Erregimenaren botereak mugitzen (eta hori eskatzen gabiltza denbora luzez) bota beharko ditugu (eta hauxe da atarian izan dezakegun eginkizuna).
Ez badira Jaurlaritzakoak eta Nafarroako gobernukoak larritasunaz eta preso horien bizi-nahiaren edertasunaz konturatzen, ez badute sinisten «gure esku dagoela», bazterrean utzi beharko ditugu.
Eta gu geu baldin bagabiltza ezintasunez amorratuak, larritasunaz presatuak eta etsipenez kutsatuak? Gustokoak ditut Aitzolen ahoan jarri nituen azken bertsoaren ideiak: Ez nitaz euki pena/ ez egin negarrez/ Nire gogoz nabil ta/ ez ibili auspez/ Mundu berri bat daukat/ barnean saminez/ Hazi eder askoak/erditzeko minez.
Aitzol eta preso guztiak etxean izatea gure esku dagoela sinistuz. Aurrera bolie!