Diana Urrea Alternatiba-EHBilduko kide / Lur Etxeberria EHBilduko legebiltzarkidea
Azaroaren 25arekin batera desagertu dira indarkeria matxistaren kontrako agintarien agerraldiak eta instituzioen manifestuak. Hain erraz desagertuko ez direnak, ordea, azkenaldian indarkeria matxistari buruz nagusitzen ari diren ideia ustel batzuk dira, indarkeria matxista justifikatzen dutenak edo, gutxienez, nahasmena sortzen dutenak, gaia behar bezala ulertzea zailtzeko eta, azken finean, indarkeriari iraunarazteko. Diskurtso mailan inor gutxik defendatuko du, gaur egun, emakumeen berezko lekua etxean dagoenik edo emakumeek gizonek baino gaitasun gutxiago dutenik enpresa, instituzio, alderdi edo sindikatu bat zuzentzeko. Garai bateko diskurtsoek zilegitasuna galdu dute. Diskurtsoak aldatu dira, baina zalantza daukagu ideologia matxista neurri berean higatu ote den. Egiaz, diskurtso matxista berritzen joan da, sofistikatu egin da, nolabait, eta Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestak diskurtso berri honen arrakasta jarri du agerian, besteak beste.
Salaketa faltsuena da ideologia matxista zabaltzen ari den ideia nagusietako bat. Gaur egun indarkeria matxista existitzen denik ukatu ezin duenez, emakumeek egiten dituzten salaketa asko faltsuak direla sinetsarazi nahi digu, emakumeei sinesgarritasuna kendu, edozein salaketaren aurrean zalantza sortzeko. Horrela, gaur egun justifika ezina dirudiena justifikatzen da. Indarkeria matxistaz hitz egiterakoan inor gutxi ausartuko da emakumeak horixe merezi zuenik esaten, ez eta etxeko kontu pribatua denik ere; baina ohikoa da emakumeen hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista benetan egon denik zalantzan jartzea. Salaketa faltsuen aldarrikapena asko entzuten da, esaterako, gurasoen banantze-kasuei buruz hitz egiterakoan. Emakumeei salaketa faltsuez baliatzea leporatzen zaie haurren zaintza, pentsioak edo etxebizitza lortzeko. Ideia horrek, bide batez, ideologia matxistak sortutako emakume gaizto, gezurti eta manipulatzailearen irudia indartzen du, emakumeenganako gorrotoa elikatuz. Mundua alderantziz aurkezten digu, biktima borrero bihurtuz, eta erasotzailea biktima. Baina datuak argiak dira. Izan ere, indarkeria guztiaren % 15 besterik ez da salatzen eta salaketa faltsuak ez dira % 0,1era iristen. Hortaz, indarkeriaren dimentsioa azaleratzen dena baino askoz handiagoa da eta ez alderantziz. Indarkeria matxista gehienak itzalean jarraitzen du oraindik ere.
Era berean, indarkeria ekintzak alkoholarekin, drogekin eta estresarekin lotzen jarraitzen dugu, beren buruaren kontrola galdu duten gizonen ekintzak balira bezala. Ideia horren arabera, gizon «normal» eta «sanoek» ez dute indarkeria matxistarik erabiltzen eta erasotzailea pertsona gaixoa da, desorekatua, biolentoa… gutarra ez dena, azken finean, arazoa gugandik kanpo kokatuz. Baina arazoa gure-gurea da, publikoa, politikoa. Gizon deskontrolatuen ekintza baino, emakumeen kontrola mantentzeko mekanismo sistematikoa da indarkeria.
Indarkeria matxistaren inguruan daukagun irudiak ere ez digu errazten horri aurre egitea. Izan ere, indarkeria matxista ukabilkadarekin eta begi morearekin erlazionatzen dugu, indarkeria fisiko zuzenarekin, alegia, eta horrek zaildu egiten du bestelako indarkeriak identifikatzea. Baina mugimendu feministak aldarrikatzen duen moduan, indarkeria matxistak baditu hamaika aurpegi. Nork ez du inoiz gizon-talde baten aurretik pasatzean komentariorik entzun behar izan? Nork ez du inoiz etxera gauez itzultzerakoan nondik, norekin eta nola joango den pentsatu behar izan? Nor ez da inoiz bilera batean gutxietsia sentitu? Nork ez du zaintza-lanen ardurarik? Eta nor ez doa lan-merkatura beste motxila horrekin? Nork ez du presiorik sentitzen dieta egiteko edo itxura jakin bat izateko? Izan ere, emakumeak besteentzat gara, besteentzako gorputzak, besteentzako bizitzak. Horra hor indarkeriaren oinarria. Horregatik, sekulako iraultza dakar gure bizitzak eta gorputzak gureak direla aldarrikatzeak.
Laburbilduz, salaketa faltsuen ideiak eta indarkeria matxistaren ikuspegi murritzak indarkeria matxista desitxuratzen eta iraunarazten laguntzen dute. Diskurtso berrituarekin dator betiko matxismoa. Hala ere, udazkenak zuhaitzak biluzten dituen bezala asmatuko ahal dugu ideia ustel hauek biluzten, eta etorriko ahal da azaroaren 25ik gabeko udaberria.
BERRIAn argitaratua