Ricardo Barkala alkateordeak eta Vista Alegre zezen plazako arduradunak, azpiegitura hau errentagarria izateko erabilera berriak bilatu behar zaizkiola onartu du. Barkalak egindako adierazpenen harira, EH Bilduk beste behin ere mahaigaineratu nahi du zezen plazaren etorkizuneko erabilera herritarrek erabaki behar dutela.
Alba Fatuarte zinegotzi eta Alternatibako kidearen ustez, “zezen plazaren erabileraren inguruan eztabaida irekitzeko unea da, bilbotarrek erabaki dezaten zein erabilera ematen zaion. Batetik, argi geratu da zezenketek gero eta babes txikiagoa dutela bilbotarren artean, plaza askotan erdi hutsik ikusi dugu eta. Bestetik, EH Bildutik animalien kontrako indarkeria sustatzen duten ekitaldiak alde batera uztea eskatzen dugu, eta Bilbon zezenketak dira indarkeria horren adibiderik argienak.”
Hori dela eta, EH Bilduk bere proposamenari eusten dio: “espazio hori urteko egun guztietarako Aisialdirako Plaza bihurtu dadin. Hainbat erabilera izango dituen instalazio publiko bat izan beharko litzateke. Bilboko erdigunean herritarren aisialdirako instalazio aproposa izateko aukera paregabea dugu”, azpimarratu du Fatuartek.
Agerraldi eskaera
Azken urteetan Vista Alegre zezen plazako arduradunek zezenketek izan dituzten onura ekonomikoak behin eta berriz aipatu dituzte. Hala ere, haiek ere onartzen dute plazaren errentagarritasuna ez dela behar bestekoa. Izan ere, Bilboko Udalak sarrera eta abonamenduen erosketarekin egiten duen zeharkako dirulaguntzarik gabe zezen-plazaren diruzaintza zenbaki gorritan egongo zen, eta errealitatea da Vista Alegre zezen plaza ”negozio hondatzailea” dela hiriarentzat.
EH Bilduk gogoratu du ez dagoela Vista Alegre zezen plazako Administrazio Batzarrean ordezkatuta ”EAJk eta PSEk ezarritako betoagatik”. Hori dela eta, EH Bilduk Ricardo Barkalaren premiazko agerraldia eskatu du. Vista Alegre Zezen Plazaren azken Administrazio Kontseiluan jorratutako edukien inguruko azalpenak eman ditzan eta bertan aurkeztutako balantze ekonomikoaren xehetasunak Batzordean aurkeztu ditzan.