2018an, Bilbon, “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” konferentzia antolatuko da. Hala ere, berdintasun politikak ez dira garrantzitsuak izan 2015-2019 urteetarako Gobernu Planean, hiriko gobernuak TTIP-a babestu du eta Correscales bezalako ekimenak mespretxatu ditu. Honen harira Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek artikulua egin du:
Alba Faturte – Alternatiba
Joan den ostegunean, Martxoak 8a ospatu baino egun batzuk lehenago, egunkarietan irakurri genuen Europako Herri eta Eskualdeen Batzordeak Bilbo aukeratu zuela 2018an “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” konferentzia antolatzeko. Deigarria da “indarkeria matxistaren kontra zer gehiago egin daitekeen ez dakien” alkatearen hiriak horrelako ekitaldi baten ardura hartzea.
Antolatzaile bezala, Bilbok berdintasunaren alorrean egindako lan, plan, protolokolo eta ekimen guztiak azaltzeko aukera izango du. Hala ere, seguruenik, udal arduradunek ez dute esango askok pentsatzen dutena: politika publikoen lehentasuna izan beharko zenak ez daukala lekurik gobernuaren agendan. Horren adibide prentsari oihartzun handiz aurkeztu zitzaion 2015-2019 urteetarako Gobernu Plana: bertan zehazten diren hamar ardatz garrantzitsuenen artean berdintasunerako politikek ez daukate lekurik eta feminismo hitza ez da behin ere agertzen.
Horretaz gain, seguruenik, gonbidatuei ez diete esango EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak TTIP-a babestu duela Udalbatzarrean, edo Correscales bezalako ekimenen kontra agertu direla. Sorburu ezberdina duten ekimenak dira, baina amankomuneko elementu batekin: patriarkatua beharrezkoa duen sistema bat salatzea. Bizirauteko emakumeak zapaldu behar duen sistema salatzea. Boteretsuen interesak gehiengoaren gainetik jartzen dituzte, pertsonen eskubide eta duintasunaren gainetik; emakumeak birritan zigortzen dituen sistema da, herritarren erdiei eskubideak kentzen dizkiena, beste erdien pribilejioei eusteko; emakumeek langile merke bihurtuko diren umeak egitea eta hauek musutruk eta maitasunagatik zaintzea beharrezkoa duen sistema da; prekarizatzen, pobretzen, bortxatzen eta hiltzen gaituen sistema da; bakean gaudela sinistarazi nahi digun sistema da, nahiz eta egunero gerrako zifrak esku artean izan.
Gaur egun Bilbokoa ez da eredu onena, beraz, udal mailako berdintasun politiken alde egiten duen konferentzia bat antolatzeko.
Baina utz dezagun kritika alde batera. Aukera on baten aurrean egon gaitezke. 2018. urtea berdintasun politikei bultzada emateko urtea izan daiteke. Orain arte egindakoari buelta emateko aukera dugu. Berdintasunari zuzendutako aurrekontua handitu dezagun (gaur egun 500 milioi euroko aurrekontutik %0,13 bakarrik bideratzen da berdintasunera). Entzun dezagun Bilboko mugimendu feministak (Euskal Herriko anitzenetarikoa) esateko daukana; Emakumeen Etxea ez daukan EAEko hiriburu bakarra izateari utz diezaiogun; inbertitu dezagun gure kaleak eta gaua bilbotarren erdientzat gune arriskutsuak ez izateko; babes ditzagun emakumeek eta emakumeentzat autogestionatutako lekuak; izan gaitezen ausartak eta eraldaitzaileak gure proposamekin. Jardute-protokolo eta ohiko sentsibilizazio kanpainetatik haratago joan gaitezen; biolentzia sistematikoarekin bukatuko duten eta arazoaren sustraira jotzen duten ideia erradikalak proposatu ditzagun.
2018. urtea heltzear da eta udalak lan asko du egiteko berdintasun politiken inguruko konferentzia hori antolatu baino lehen. Eta lan hori baliabideak jarriz eta borondate politikoarekin soilik egin daiteke.