Alba Fatuarte Alternatbako kide eta EH Bilduko zinegotziak, Jai Batzordean Aitziber Ibaibarriaga ordezkatzen duenak, gaur ezagutu den 2013ko txupineraren izendapenaren inguruko “sententziaren izaera politikoa salatu du. EH Bilduk inondik inora konpartitzen ez duen sententzia. Ez du zentzurik legeak pertsona bati txupinera izatea debekatzea, pertsona hori alkate, Urkijo beraren postua edota Espainiako presidente izendatua izateko eskubidea duenean. Ez du inolako zentzurik helburua politikoa ez bada. Hori dela eta, uste dugu Urkijo lurralde kolonialetako erregeorde bat bezala ari dela, PP bezala, Aste Nagusiaren ezaugarri nagusiaden izaera parte-hartzailearen kontra”. “Horrela”, gaineratu du, “hautesontzietan lortu ez duten garrantzia epaitegietan lortu nahi dute. Haien kontrolpean dauden eta herri honi arrotzak zaizkion epaitegietan”.
Zorionez “ez dute haien helburua lortu, eta ez dute lortuko. Bilbotarren gehiengoarentzat Jone Artola izan zen 2013ko txupinera. Duintasunez eta normaltasunez egindako lana”. Fatuartek gogoratu du “biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia dela”.
Horregatik guztiagatik, zinegotziak Alderdi Popularrari eskatu dio ” ez dezala egin Aste Nagusiaren jai ereduaren kontra. Herritarren babesa duen ereduaren kontra, alegia”. Horretaz gain, EH Bilduk gogoratu egin du “gobernu-ordezkariaren kargua ez dela beharrezkoa. Bakea eta normalizazioa oztopatzea bakarrik bilatzen du, hala nola gatazkaren ondorioak gainditzea oztopatu”.