Jon Albizu – Alternatiba
Azken hilabeteetan izan dugu maiz mahai gainean euskal errepideetako bidesarien inguruko eztabaida. Gai honi buruzko hausnarketetan askok erabili izan duten ardatza honakoa izan ohi da: ikuspuntu ekologista batetik bidesariak egokiak dira (“kutsatzen duenak ordaindu behar” ideia) baina sozialetik ez. Azken ikuspuntu hau, baina, ondo hausnartzekoa da, izan ere, bidesaririk ez egoteak ez du esan nahi inondik inora errepide horiek ordaintzen ez direnik, baizik eta nola eta nork ordaintzen dituen da gai honen koska.
Lehenik eta behin, gai hau aztertzean kontuan hartu beharreko gaia errepideen (berriak egitearen zein mantentzearen) kostua aztertzea da. Supersur delakoa arazo honen isla da, superzor hori bizkaitarron lepo ordaintzen ari baita, bizkaitar guztien zergekin eta bidesariak ordaintzen dituztenen sosekin. Beraz, azpiegitura hauen kostuaren banaketarekin batera, azpiegitura hauen kostua aztertu beharko genuke, eta zenbateko pisua duten edota eduki beharko luketen Hegoaldeko lau foru erakundeetan.
Hori argituta, errepide gastuak eta beste gastuek izango duten kostua nola banatuko den aztertu beharko litzateke. Berriz esango dut, errepideak doan izan beharko luketela esaten denean, geure buruari (ala besteei) ziria sartzen ari gatzaizkio. Errepideetan zehar zirkulatzea doan izateak adierazi nahi duena zera da, gastu hori denon artean ordainduko dela, errepideak (zenbatetan) erabili axola gabe. Alde ona zera da, bakoitzak ahal duenaren arabera ordaintzen duela (baldin eta benetako fiskalitate progresiboagoa bagenu), baina egokia al da horrela ordaintzea?
Bidesarien aurka dauden askok kopagoaren aurkako jarrera ageri dute. Neuk ere badut, baina kezkagarria iruditzen zait gure haurren hezkuntzan, geure zaharren edota etxez etxeko laguntza behar dutenen laguntzan edota behar ditugun sendagaietan kopago tasa batzuk onartuak ditugularik… autoz ibiltzea izatea jende askok kopagoa onartzen ez duen arloa. Foru Aldundien kasuan adibidez, badirudi zahar etxe batean dagoenak edo etxez etxeko laguntza behar duenak kopago zatia izatea zilegi dela; baina, antza, errepideetan ez. Bada, nire ustez lehentasun handiagoa luke ongizatean (edota hezkuntzan eta osasunean) dauden kopagoak murrizteko aukerak aztertzea, bidesarietan egitea baino. Hori lorturik, prest aztertzeko fiskalitate progresiboago bati esker ala beste gastu batzuk murriztuaz aukera dugun eta egoki den errepideak gastu publiko hutsez finantzatzea.
Eskenatoki utopiko (hots, urrun) horretan ere, nire ustez bidesariak beharrezko izango dira bi ikuspuntu direla eta. Bata, ezin zaio berdin atera errepidea autoa erabiltzen duenari eta ez duenari; edo garraio kolektiboan doanari. Bi, bidesariak dira zerga bidez errepide baten finantziazioan parte hartzen ez dutenek euren ekarpena egiteko aukera bakarra. Hau da, herrialde bateko biztanleok errepide hori ordaintzen bakarrak izan ez gaitezen bide bakarra, errepide horiek baliatzen dituzten besteei ordaintzeko bidea bidesariak dira. Ez jartzea, herrialdekoen teilatura harrika aritzea da, beste herrialdeetara joatean beraien errepideak finantzatzen baititugu autoz bagoaz, eta gureak, ordea, geure lepo ordainduko genituzke.
Noski, horrek ez du esan nahi gure gaur egungo bidesari eredua bidegabea ez denik eta aldatu behar ez denik. Gutxi batzuek (A-8ko erabiltzaileek batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan) ordaindu behar izatea kopago zati hori ez da bidegabea. Baina, noski, autoa erabiltzen ez dugunoi leporatzea are gutxiago. Eta geure errepideetatik ibiltzen diren ez bertokoak ordaintzetik at uztea geure teilatuari harrika egitea da. Beraz, nire ustez lehen kontua honi guztiari ikuspegi globala ematea da, hauen antzeko galderak kontuan hartuta: zenbateko pisua izango du errepideen gastuak geure aurrekontuetan? nola banatuko dugu? zein zerbitzu dira funtsezkoago eta kopago maila baxuagoekin denon eskuragarri bermatuko beharko liratekeenak? zer nolako fiskalitatea bultzatu behar dugu zerbitzu publikoak denon eskuragarri izateko? errepideen finantziazioan zenbat ordaindu behar du erabiltzen ez duenak, zenbat erabiltzen duen zerga ordaintzaileak eta zenbat bertakoa ez denak?