Joseba Barriola – Alternatiba eta EH Bilduko kidea
Europako Batasunaren instituzio batek aldarrikatu zuen izendapena. Baina Europako Batasunaren politika kulturala hilkorra (Irak, Libia, Siria, Palestina… edo ez al dago gerraren kultura?), kriminala (aurten Mediterraneoan 5.000 etorkin hil dira itota eta denok ikusi ahal izan dugu Europako mugetako lotsagarrikeria) eta krudela (austerizidiotik hasi, etorkin langile esklabuen antolakuntzatik segi) da. Eta horrez gain islamofobiaren gorakada eta kulturaren merkantilizazioa eta espektakularizazioa, kultura negozio bide soila bihurtuz. Europako Batasuna, gaurkoa, munduko mila hizkuntzen desagerpenaren erantzule da, eta botereak erabiltzen dituen hizkuntza nagusienak degradatuak daude dominazioaren tresna bihurtuz. Ez da euskara soilik, gaztelera eta frantzesa, inglesa etabar zapalketaren (eta arrokeriaren eta gorrotoaren) pentsamendu bakarra elikatzeko erabiltzen dira milioika euro horretan gastatuz. Hauek dira Europako Batasuneko kultura ustelduaren agerpen batzuk. Europako Batasuneko «kultura» minbiziaz hartua dago. Aldarrikatzen du elkarbizitza eta pakea eta justo kontrakoa praktikatzen du eskala handian. Gezur permanente bat da. Auzi zentral honen aurrean ezikusiarena egitea erosoena da. Korronteari segi, kultura itxura egin, negozioari (turismoa) begiratu eta gure nortasuna beste aberatsekiko «graziosoak» izan.
Pakea? Bi hitzaldi sonatuak eman ziren: Solanarena eta Barrosorena. Solana: orduko Yugoslavian NATOren bonbardaketak agindu zituena. Barroso: Azoresen Bush, Blair eta Aznarrekin Irakeko gerraren proklama egin zuena.
“Tratados de Paz” erakusketa egin zen eta bertan egon zen Felipe VI, oraingo Espainiako erregea. Bere aurrekoen artean Felipe V aurkitzen da, Ondorengotza gerraren ondoren Borboien kastaren lehena Espainiako Monarkian. 1713. Utrech-eko pakea. Besteak beste Felipe V.ak Inglaterrari eman zion «asiento de negros» delakoa, hau da, Afrikatik esklabu beltzak Ameriketara eramateko monopolioa.
¿Tratados de Paz? Eta Euskal Herrian, gaur egun, gehiengo osoak nahi duen pake-itun edo pake-bideari eta ETAren desarmeari trabak jartzen? Eta pakearen eta elkarbizitzaren izenean euskal presoen kuadroen zentsura. Hori da SS2016ko kulturaren kalitate gorenaren froga!
Olatu talka, maiatzean egin ziren. Hona webgunearen oharra:
«La singularidad de Olatu Talka radica en que su programación se configura desde y para la ciudadanía, que es quien envía las propuestas culturales. Por eso tiene la participación una especial significación: Olatu Talka será lo que la ciudadanía decida que sea. Olatu Talka es un festival que sacude culturalmente la ciudad.»
Zer da kulturalki hiria astintzen duena? Zer esan nahi du «su programación se configura desde y para la ciudadanía»? Europako Batasunak izendatu gaitu hiriburu kulturala! Gure esker ona! Fabore bat egin digu, ez gara kritiko jarriko! Kontestua jarrita dago. Kontestua ezin da eztabaidatu. Kontestua jarri ondoren, Europako Kulturaren goraipamenaren kontestuan, herriari ematen zaio partizipazioa. Seguraski Olatu Talkan agertuko ziren kulturari buruzko bestelako nahiak edo desioak. Harremanak egingo ziren, pertsonalak eta kulturalak, adixkideak. Ondo da. Bainan dena irentsia gelditzen da. Kontestuak irensten du dena. Milaka ekintza pentsamendu propiorik gabe. Inaugurazioko danborrada erraldoia bezala. Bagera (gerraren kontrako eresi ironikoa) jotzen da Beethowenen sinfoniarekin batera Europako Batasunako himnoa delako. Antimilitarismo ironikoaren eta askatasunaren himnoak, gerrak sustatzen eta libertadeak murrizten duen erakundearen omenez. Zertan bihurtu gara? Kulturalki hiria astintzen duena da, besteak beste, olatuen talkak Mediterraneoan.
Hizkuntz eskubideen protokoloaz. Kontestua gainditzeko posibilitate bat zen. Lortu al da? Hemen gogoeta baterako abiapuntua. Egoera subordinatuan egonik, bi diskurtso kritiko mota egin daitezke:
a) Diskurtso subordinatu kritikoa.
b) Subordinazioa gainditzen duen diskurtso unibertsala.
Diskurtso subordinatuaren ezugarria da, kontestu orokorra ez duela ez aipatu ere egiten. Faktum ukiezina gisa balioesten da. Horrela eztabaidatik at, ikustezinduak gelditzen dira politika linguistikoaren klabeak: Merkatuaren tirania, estatuen glotofagia, dimentsio planetarioa.
Eta hutsune horren ondorioz, funtsezko errealitatearen elementu solteak azaltzen badira ere, erizpide eta praktika glotofagikoak zuritzen dira. Funtsezko gaiak (kasu honetan linguistikoak) ez dira ikusten, aipatzen, epaitzen.
Ondorioz, kontestu orokor funtsezko horren barruan, subordinazioaren diskurtsoak hobekuntzak planteatzen ditu, baina kontestu orokorra zalantzan-eztabaidan jarri gabe. Horrela egiten diren kritikak «kudeaketa»-ri buruzkoak dira; aldarrikatzen denean «aniztasuna» ahantzia uzten da aniztasun praktikoan dagoen botere harremana; hizkuntza minorizatuaz soilik hitzegiten da eta hizkuntza maiorizatuen zulo beltzei buruz eta horien pribilegioak ez dira aipatzen; beraien egoera jartzen da erreferente bezala; gizarte zibila laudatzen denean, desagertzen da gizarte zibilarekiko edozein aipamen kritiko eta ahaztu egiten da «gizarte zibila» glotofagikoa ere badagoela.
Horrela hizkuntzen eskubide unibertsalak badira, ezin dira Europara murriztu. Eta bestalde, eremu juridikoan kokatzen badira ere –eskubidetaz ari gara–, badakigu eremu erabakiorra beste bat dela, zapalketa eta desberdintasun mota askoren aurka (langabezia, etxekanporatze, errefuxiatuak, etorkinak, emakumeak, kulturegile baztertuak…) garatzen diren mobilizazioen eremuan.
Amaitzeko. Badugu Bildukoek lan sakon eta apasionagarria egiteko beharra. Politika kultural kritiko eta askea lantzea. San Sebastián 2016-ek agerian utzi ditu gure ahuldadeak.
Naiz-en argitaratua