Joxe Iriarte, Bikila – Alternatiba
Metaforak oso egokiak dira irudi soil baten bidez egoera bat marrazteko. Oso bisuala da helmuga mendi gailurrarekin identifikatzea, eta bidea kolpe batez ezin denean egin, etapetan aritzeko kanpalekuak eraikitzea. Kanpaleku bigarrena, hirugarrena eta hurrengoa gailurra. Baina mendi guztiak ez dira berdinak, gailurrak ere ez.
Ibarretxek Everesteko gailurrarekin identifikatu zuen independentzia, eta katalanei eskalatzeko geratzen zaien erronka gailurrera iristea; eta bere Plana, berriz, (Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena), bigarren kanpalekura iristearekin lotu zuen. Beraz, metafora garbia zen, gu bigarreneraino heldu izan ginen, baina arrazoi desberdinenegatik ezin izan genuen aurrera joan. Orain katalanek dute aukera.
Bada, sentitzen dut, baina metafora hori nire uste apalean ez da zuzena. Ibarretxe Planak inoiz ez zuen Everestera igotzea helburu, gehienez, Anetora. Ibarretxe Plana ez zen diseinatu Estatu Independente baten bidean etapa bat izateko. Ez behintzat epe historiko honetarako, gehienez Espainiar estatuarekin (eta bere barruan) parekidetasuna lortzeko. Bazituen alde oso interesgarriak, baina estatutu berri batekin lotuak.
Estrategiaren aldetik ere, aldebikotasun zurrun baten menpe zegoen diseinatua: Lehen pausua, EAEko Legebiltzarrean onartzea. Ondoren Espainiako Gorte Orokorretara aurkeztu eta berarekin negoziatu. Puntu honek huts egin zuen, Espainiako alderdi gehienak ez zutelako Plana negoziatzeko (ezta ia eztabaidatzeko) aukera eman. Hor bukatu zen dena. Hurrengo pausua, euskal gizartearen onarpena hala ez, erreferendum baten bitartez, hutsean geratu zen.
Katalanen bidea, Erreferenduma egiteaz gain, irabaziz gero beren legalitatea indarrean ezartzea da, espainiarra ordezkatuko duena. Alegia, Kataluniako herrian datza eta ez Estatuaren onarmenean. Honek nola erantzungo duen, beste kontua da.
Gaur egun, ematen du Ibarretxe jaunak independentziarekin amets egiten duela, eta erabakitzeko eskubidearekin lotzen duela bidea. Bide horrek herriaren gehiengoaren atxikimendua exijitzen du eta, ondoren, erabakiak hartzea. Erabaki legalak, guk egindako legeetan oinarrituak, eta legalitate espainiarra ordezkatzeko asmoekin eginak, talka egiten duenean ere. Horrekin ados legoke Ibarretxe jaunak? Ikuspuntu honetatik Euskal legebiltzarreko Autogobernuaren ponentziak okerreko hankarekin hasi du bidea.
Gure kontuak. “Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean”, Argia-n argitaraturiko iritzi artikulu interesagarrian Xabier Letonak diosku, “Korronte zabal honetan -Ezkerreko suberanismoari buruz ari da-, neoliberalismoaren eztabaida prozesu soberanistaren erdigunean nahi da. Maltzagako teoriei jarraiki, Gure Esku Dagok ihes egin izan dio abertzaleak banatzen”dituen horri: erabaki eskubidea eta kito. Baina erabaki eskubidea gero eta hedakorragoa da gizarte mugimendua gizentzen duen sektore gero eta zabalagoan: erabaki zergez, erabaki erraustegiez, erabaki norbere gorputzaz, erabaki elikaduraz… edo gutxienez, eragin horietan guztietan ere”.
Ez nago guztiz ados lehen zatiarekin, bai bigarrenarekin. Esan nahi dut, Gure Esku Dagoen planteamendua ez du oinarri abertzaleen fronte interklasista gatz sozial gabekoa, oinarrizko demokrazia sustraitzea eta ekitea, baizik. Izan ere, erabakitzeko eskubidea ez da abiapuntu abertzalea, demokratikoa baizik, nahiz eta hasieran abertzaleek bultzatu izana. Eta abiapuntu demokratikoa denez herritar guztiei (independentziaren aldekoei zein kontrakoei) galdetzea du helburu. Zer nahi duten: gauden bezala jarraitu edo… Ahalduntzea deitzen zaio ere.
Oso ados nago, berriz, abiapuntu demokratikoa gure burua gobernatzeko ahalmena lortzea duela helburu. Horrek jakina, Espainiar unionistak ez ezik, euskal “abertzale” eskuinekoak ere urduri jartzen ditu, neoliberalismoaren asmoekin talka egiten duelako.
Horregatik GED dinamika demokratikoa eta ezkerreko suberanismoak ez ditut jotzen ildo paralelotzat, edo bi etapa desberdin bezala, elkar lotuta baizik. Ni neu Oiartzungo GED dinamikan buru belarri nabil, M19ko herri galdeketa antolatzen, eta aldi beran ezkerreko suberanismoa edo gauza guztiez erabakitzen hasteko dinamikaren suspertzearen aldekoan, zeinak espainiar eskuinari eta beren atean beti joka ari den gure eskuin interklasista autonomistari kontrako hegemonia disputatuko diona. Horregatik nago ados Elorrietarekin.
Eta horregatik inoiz ez nuen nirea egin garai batean abertzale askoren ahotan zegoen leloa: “lehenengo etxea eta gero ikusiko dugu zein koloretan pintatu”. Metafora hori gezurtia da ere. Etxea eraikitzerakoan funtsezkoenak sustraiak baitira, ondoren etxearen arkitektura, eta solairuak, gelak, sukaldeak, komuna, tokiak, eta abar. Eta dekorazioa azkenean. Kontua ez da lehenago independentzia eta gero sozialismoa. Badakigu bi gauzak ez daudela gaur egun maila berean. Kontua da zer nolako independentzia nahi dugun (esate baterako, Troikaren menpekoa ala herritarrena) eta batez ere, ailegatzeko behar diren estrategia sozialak eta kulturalak nola gauzatu. Neoliberalismo garaiotan, ez badugu gure etxea hasi baino lehenago goitik behera hipotekatu nahi, has gaitezen kooperatiba sozialaren moduan (hau ere metafora da) eta hor denek dute bere tokia; ez denak zeregin berean, agian, baina jabetzaren aldetik, pareko.
Masek esate baterako ez zuen aipatu bere politika ekonomikoak (eta bere alderdiaren ustelkeriak) zer nolako arazoak sortu zizkion independentismoari, batez ere auzo “gorrietan” txertatzeko (eta nondik zabaldu hortik ez bada?) eta nola, ez CUP-ekoekin.
Arestiren Nire aitaren etxea defendatuko dut aipua oso gustukoa dute askok, nik nahiago hain ezaguna ez den estrofa: «Nik: arrosa gorri bat nahi diat. /Hark: Bai, baina lehenbizi arrosa. /Nik: Bai, arrosa gorri bat. /Hark: lehenbizi arrosa. /Eta azkenean, arrosa zuri bat jarri zeutzaten jakaren solapan».
BERRIAn argitaratua