Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Duela berrogei urte Amnistiaren aldeko astean gertatutakoak gogoratzeko ekitaldi sorta antolatu dutela Kalera Kalera mugimenduak Errenteria-Oreretan. Ondo dago gertatutakoak gogoratzea eta horren inguruan hausnarketa egitea. Nik jada, idatzi behar nuen ia guztia idatzia dut, eta oroimenaren aldetik, urteak aurrera geroz eta lausoagoak ditudalako bizipenak, garai haietan idatzitakoak berrirakurtzen ditut noizean behin.
Paper horiztatuen artean hauxe aurkitu dute eskuz idatzita:
“Maiatzaren hamahiruan,
Errenterian,
zauri eta herio
guardia zibilen fusiletatik
odola dario!”
Hitz solte horiek hurrengo goizean (1977ko hamalauan) idatzi nituen seguraski poesia izate intentzioarekin. Odol isurketa, Rafael Gomez Jauregi zuen izena. Ordu berean ere Candido Peña zauritua gertatu zen balaz udaletxeko enparantzaren aurrean. Izan ere guardia zibilek herria okupatuta zuten eta edozeini egiten zioten tiro. Behartuta, erdigunetik goiko auzoetara jo genuen asanblada egitera, eta handik jaitsi ginen erdigunera greba orokorraren aldarria eginez. Baita guardia zibilekin muturtu ordu luzez. Hamairuan, Greba orokorra totala zen. Herri osoa zegoen paralizatua eta barrikadez beteta, etengabekoak ziren poliziarekiko enfrentamenduak. Gaueko hamarretan etxeko baloian patxadan zegoela balaz larriki zauritu zuten Gregorio Maritxalar, handik egun gutxira hilko zena.
Hamalauan, Asanbladarako bidean jakin nuen Iruñean Luis Cano errenteriarra poliziak erail zuela. Asanbladan Euskal Herria osorako greba orokorraren beharraz eztabaidatzeko koordinaketa nazionala egitea proposatu genuen eta mezua lau haizetara zabaldu. Guk behintzat aurrera ekin genion beste bi egunetan. Garai hartako esaera zen: Errez hasten dugu Greba Orokorra, zaila jakitea noiz bukatu, zeren poliziaren eraso basatia zela medio, dena hankaz gora jartzen zen arazo bati beste asko pilatuz edo gehituz. Bost eguneko Greba Orokorra, errez esaten da hori. Izan ere, kontua ez zen soilik nola eta zenbateraino borrokatu; baita hiritarren beharrei erantzuna ematea. Barrikadan non jarri eta zeinek eta nola defendatu. Zein komertzioei irekitzeko baimena eman; premiazko elikadura ekartzen zuten garraiolarien joan eta etorria arautu; eri eta gaixoen zaintza bermatu. Herri boterea deitzen genion hori guztiari. Horregatik, ez gaitezen geratu errepresioaren oroimen gordinarekin, edo borroka molde eredugarriarekin soil soilik, nabarmendu dezagun une hartan zein garrantzia izan zuen halako asanblada, Euskal Herri osoan parekorik ez zuena, zeina (garai hartan idatzitako txostenean idatzi genuen bezala) “ezin da bere sakontasunean ulertu, ezpada kontutan hartzen Errenteriako herriak urte luzeetan eraman duen amaierarik gabeko borrokak eragin duela kontzientzia nazionala eta soziala”.