Joxe Iriarte, Bikila
Goetheren hitzak erabiliko ditu Leninek bere alderdikideak konbentzitzeko iraultzak ez direla gauzatzen teori jakin bati estu-estu atxikirik, baizik eta giza taldeen norabideari kasu eginez. Marxismo ortodoxoaren iritzian, historiaren aro, epe edo atal jakin batera (batez ere indar produktiboen aldetik) heldu edo mamitu arte ezinezkoa zen beste aro berri batera jauzi egitera. Horren arabera, Errusiako gizarte atzeratu erdi feudalari zegokion hurrengo etapa kapitalismoarena zen, eta horregatik iraultzaileek (boltxebikeek ere) bertako burgesia liberal demokratikoari lagundu behar zioten monarkia ustela ordezkatuz, modu ahalik eta aurreratuenean.
Gerra erauntziak amildu zuen monarkia. Behin-behineko gobernu liberal-burgesa ere gerraren zurrunbiloan harrapatuta geratu zen eta alderdi boltxebikeko Komite Zentraleko buruzagi gehienek izugarrizko duda-mudak izan zituzten bere jarrera finkatzeko. Alabaina, Leninek 1917. urteko apirilean “Finlandia” geltokira ongi etorria ematera etorritako herritarren aurrean, argi eta garbi azaldu zuen, errusiar inperioko langile, nekazari eta armadako soldaduek eskatzen zuten “ogia eta bakea” ez zela gobernu liberalaren eskutik etorriko, egoeraren nagusi ziren sobieten eskutik baizik. Botere guztia sobietei! Aldarriak gizarte sozialistari ateak irekitzen zizkion.
MENDE MOTZA
John Reed idazle eta kazetari amerikarrak idatzitako Mundua aztoratu zuten hamar egunak irakurri besterik ez dago Urriko Iraultza benetako iraultza soziala izan zela ulertzeko. Giza mugimendu “telurikoa”. Neguko Jauregiaren asaltoa Peterburg-eko Sobietek erabaki zuten eta boltxebikeak antolatu militarki. Aldiz, ortodoxiaren ikuspuntutik baldintzak askoz egokiagoak zituen Alemanian, SPDk (Alderdi sozialdemokrata) iraultza soziala nahi ez eta monarkia ordezkatzera mugatuko zen. Are, Iraultza Soziala aldarrikatzen zuten guztiak (Rola Luxenburgo erail zuten) menderatzeko militarrak erabili zituen. Beraz, Kontra Iraultza Alemanian sozialdemokraziaren gidaritzapean zegoen; Errusian, berriz, Iraultza Sozialista boltxebikeen gidaritzapean. Eta Iraultza horrek markatu zuen hein handi batean XX. mendea. Eri Hobsbawm-ek Mende motza izendatu zuena, 1917tik 1991era arte iraun zuelako.
Dena den, batean eta bestean, urte latzak igaro behar izan zituzten. Alemanian, potentzia irabazleek ezarritako zigorrek gizarte osoa ito zuten. Ia hogei urtez gatazka sozial odoltsuen ondoren, azkenean, anabasaren erdian sorturiko alderdi nazional sozialistak garaitu zen eta komunista eta sozialdemokratak birrinduko zituen, ia diferentziarik egin gabe. Ezin ahaztu nazien gainbehera Stalingradon hasi zela Armada Gorriaren kuraiaren eraginez.
Sobiet Batasunean, berriz, kosta hala kosta Boltxebikeek eutsi ahal zioten botereari. Izan ere, boltxebikeek uste eta desio zuten iraultza internazionala ez zen gauzatu eta Iraultza Sobietarra (berez unibertsala izan beharko lukeena) isolatua eta setiatua geratu zen, “herri edo eremu mugatu bateko sozialismoa” bihurtuz. Guardia Zuriek berrantolatu ziren kanpoko indarren laguntzaz (ingelesen, frantsesen laguntzaz…) guda zibil luze eta odoltsuari bide emanez, non Armada Gorria garaile aterako zen baina ez, nola nahi.
BORONDATEA OINARRI
Marx-ek zion baldintza jakin batzuen baitan kokatzen dela gizakion askatasun gosea. Zenbateraino mugatzen du gizakia baldintza objektiboak eta zenbateko indarra du borondateak muga horiek gainditzeko?
Borondateak, Europan zehar zebilen komunismoaren mamua, hezur mamizkoa bihurtuko zuen estreinakoan. Kapitalismoa ez zen garaiezina. Lehenengo aldiz historian zehar Iraultza proletarioaren garaipena suertatu zen. Errusiar inperioa izaera nazional jakin bati uko eginda sobietar federazio bilakatu zen; eta bertako nazio guztiek estreinako aldiz beren buruaren jabe izateko aukera izan zuten, autodeterminazioaren doktrina praktikoaren eraginez. Langileria produkzio indarren jabe bihurtu zen; emakumeek lehenengo aldiz aintzakotzat hartuak izan ziren eta zenbait eskubideen jabe; gazteriak batez ere, sexu askatasuna aldarrikatu zuen; askatasunak mila aurpegi irudikatu zituen; mundu guztiko langileria Sobiet Batasunari jarri zen begira, anarkistak ere bai.
Baldintzen zama ez zen nola nahikoa, jakina. “Lasterra amaitu da, sua moteldu. Ispiritu burges-koxkorrak kerua botatzen du” ohartarazten du Maiakoskik. Handik gutxira Eseninek bezala, bere buruaz beste egingo zuen, eta berarekin poeta belaunaldi oso bat galduko zen.
Ordurako, Iraultzari su eta hauspo eman zion langileria iraultzailea fisikoki birrindua zegoen. Gerra-komunismoak ez zuen iraun urte asko, baina bere eragin kaltegarria, ordea, bai. Kronstad-eko sarraskia. Milioika nekazari gosez eta izurritez hilak; gizarteak oro har gorriak eta bi jasan behar izan zuen; errepresioa mugatua eta etsaiari zuzendua behar zena endemiko eta orokor bihurtu. Ezkerreko oposizioa partidutik kanporatua; baita Trostkiren aldekoak ere. Ondoren Moskuko Epaiketak, gulaga, estalinismoa, hitz batez. “Helburuak eta bideak, lotuta daudenez gero, elkarrekin aldarazten dira; norabide berriak helburu berriak erakusten baitu” zioskun poetak. Partiduak ordezkatu zuen langileria, Komite zentralak partidua eta komite zentrala Idazkari nagusiak. Saturnok bere seme-alabak irentsi zituen.
Azkenez, gizarte utopikotik baino distopikotik hurbilago. Marxek irudikaturiko gizarte “desalienatu”aren ikuspegitik Sobiet Batasunean buruturiko iraultza porrota itzala izan zen, horretan ez dago zalantzarik. Baina Alemanian sozialdemokraziak iraultzari ateak itxi zizkionean ireki zion bidea nazismoari. Ez da aitzakia. Batean eta bestean, ez zegoen ezer idatzita aldez aurretik. Izan zitekeena eta izan zenaren artean historia luzea eta gatazkatsua dago, zeinean bariante asko eta konplexuak tartekatzen diren aldez aurretik jakin ezin direnak.
IRAULTZA SOBIETARRA ETA LITERATURA
Frantziako iraultzak edo amerikarrak bezala, Iraultza Sobietarrak ere izugarrizko eragina izan zuen literaturaren arloan, orriotan ezin aztertu dezakedana. Horregatik zertzelada partzial eta xume batzuk besterik ez.
Iraultza horren abiapuntua literaturan Maxim Gorkiren Ama dugu. Autokraziaren erresuma bidegabean, gazte iraultzaile baten amaren bilakaera harrigarri bezain hunkigarria bere sakrifizioaz gizarte paradigma bihurtuko zena maisuki kontatua. Autorea, Leninen begikoa, Stalinek ere loriatua erregimenaren mesederako, baina azkenean Sobiet Batasuna deitoratu zuena. Maximo Gorkik Iraultzarekin izan zuen maitasun-gorroto istorioa ere oso aproposa da literaturen begietatik irakurrita.
Ni gai banintz, Leninen azken hatsaz idatziko nuke. Gaixo, eri, baina ez itsu, jabetzen hasia zen gauzak ez zihoazela bide onetik. Errusiar “txobinismoa” oso presente zegoela estatuko aparatuan beste nazioen kalterako; aparatxiak hezitako gaztedi komunista berria burokrata akritikoak zirela eta txeka jaun eta jabe. Damu, egoera horrekiko zuen erantzukizunaz barkamenak eskatzen dio munduko langileriari eta Stalinen izaerari buruzko kritika latza egiten du. Alferrik, ordea. Ikonoa bilakatua baina jada isolatua, Stalinen sikarioen menpe; bere azken idatzietan azaltzen den etsipen gordina islatu nahiko nuke. Nahi izatea ez da nahikoa.
Eta Trostki-ri buruz? Ezbairik gabe, iraultzaren bigarren izarra, Stalini itzala egin lekiokeen bakarra. Zorionez, Eduardo Padura kubatarrak idatziriko El hombre que amaba a los perros ( Zakurrak maite zituen gizona) ematen digu horretarako aukera bikaina. Zein eder eta maisuki deskribatzen du “Armada Gorriaren” sortzailearen destino tragikoa (Profeta Armatua, Desarmatua eta Erbesteratua, Isaac Deustcher-en esanetan) Espainiako gerra zibilarekin kateatzen baitu, Jose Mercader bere hiltzailearen bitartez. Alemania galduta Espainiar iraultzan ikusten zuen Trotskik Stalini eta bide batez faxismoari aurre egiteko azken aukera. Larrutik ordaindu zuten bere jarraitzaile edo lagunek (Stalinek POUM desegitea agindu zuenean) berak ere bai, PSUCeko militantearen pioletak kazkezurra zulatu zionean.
Katalunian borrokatutako Orwel idazleak Matxinada landetxean, irudikatu zuen: abereak Iraultza Sobietarren bilakaera tragikoa irudi bihurtuz; eta 1984 izenburuko obran estalinismoa eta nazismoarekin hibrido distopikoa ekarri zuen gogora. Ordurako Iraultza Sobietikoa oso ondo ezagutzen zuen Victor Sergek idatzia zuen Tuláyev auzia, non argi eta garbi azaltzen ziren estalinismoaren barne mekanismoak.
Alabaina, ezin ahaztu iraultzak lehen urteetan ahalegin betea egin zuela literatura garatzeko. Askatasun osoa izan zuten era guztiko idazle eta irakurleek. Futuristek esate baterako Maiakoski izan zuten ikur nagusia baina, ez bakarra. Satirikoek ere askatasun osoz xaxakatzen zituzten burokrata berriak. Yuri Oleshak Inbidia izenburuko nobelan erregimena zirikatzen da modu oso finez. Proletkultur mugimenduari buruz, esaterako, eztabaida sutsuak kaleratu ziren, baita boltxebikeen buruzagien artean ere.
Alabaina, sormenaren eta askatasunaren aroa ez zuen iraun; pixkanaka, eta 1928an dekretuz, literatura, propagandaren agindupean ezarri zen. Nikolái Ostrovskik-en Horrela gogortu zen altzairua liburua arrakastatsua dugu eredu. Sobietar gizaki berriaren apologia gordina da, ondo idatzia baina inozoa eta sinetsitasun gutxikoa. Kontrakoek edo kritikoek ere idatzi zituzten liburu bikain asko. Iraultzarekin ados baina apologiatik urrun dugu Isaac Babelen Zalditeria Gorria, horrek ez zion libratu Stalinen biktima izatetik, edo Dimitri Furmanofen Tchapayef, gerrillari boltxebikearen bizitzan oinarrituriko nobela. Ezin ahaztu Mijaíl Shólojov Nobel Sariaren irabazlea (batez ere Don barea liburuari esker ezaguna ). Erregimenak aintzakotzat zuen internazionalki ospea ematen ziolako.
Iraultza zirikatzen (Basili Grosmanen Bizitza eta destinoa) edo arbuiatzen zutenek ere obra bikainak burutu zituzten. Hala Mijail Bulgákov-en Guardia Zuria nola Boris Pastenaken Zhivago doktorea. Eta nola ez, Alexander Solzhenitsyn Egun bat Ivan Denisovichen bizitzan.
Hegats-en argitaratua