Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin du bere alderdiak Gasteizko Los Herran kalean duen egoitzaren kontra bart gauean emandako eraso faxista. Kanpoaldeko kristalak apurtu dituzte eta ‘Victor Lainez, presente’ dioten pintadak egin dituzte bertan, Zaragozan hildako falangistaren izena. Horrez gain, Falange espainiarraren propagandadun pegatinak ere jarri dituzte, haien web orria jasotzen dutenak.
Matuteren hitzetan, ez da kasualitatea “eraso faxista” hau, orain dela egun batzuk “Falange Vasconavarra deritzonaren sare sozialetatik bisita egingo zigutelaren mehatxua” eman ostean gertatu izana. Are gehiago, azken asteetan hiriko beste eragile sozialen lokalen kontrako erasoak eman dira, Hala Bedi, Zapateneo edo Txapelarri tabernaren aurka, kasu. Guzti horiei Alternatibako militante guztien “babesa eta elkartasuna” agertu nahi izan die.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak iragarri du gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean salatuko dutela “ekintza faxistak zigorrik gabe uzterik ez dagoelako”. Era berean, azpimarratu egin du garrantzitsua dela “alderdi politiko eta erakunde publikoe guztiek halako erasoak irmotasunez salatzea, muturreko eskuinaren gorakadaren aurrean entzungor azaltzeari utzita”.
Azkenik, jasandako erasoak arbuiatu ez ezik “Espainiako estatuan faxismoak duen zigorgabetasuna salatzeko” deia egin du Matutek.
http://alternatiba.net/old-files/GasteizkoEgoitza04.jpeg
http://alternatiba.net/old-files/GasteizkoEgoitza05.jpeg
http://alternatiba.net/old-files/GasteizkoEgoitza03.jpeg