Memoria Partekatu baterantz agiria 2015eko azaroan plazaratu zenetik, Orereta- Errenteriako udalak pausu sendoak eman ditu bizikidetza eraikitzearen alde. Hain zuzen, zor zion aitortza egin dio ETAk hildako zinegotziei eta beren sendiei, eta duela gutxi 1977ko Amnistiaren Aldeko Bigarren asteko poliziaren jazarpen errepresioaren biktimei ere. “Lege eder bat jarri, bizi gaitezen garbi, hori desio nuke nik isuri gabe odolik”, zioen gure Xenpelarrek. Zoritxarrez odola isurtzeari amaiera emateak ez du ziurtatzen lege ederrik, batez ere Espainiako Erresuman.
Garaia da, bai, gure aldetik bederen, garai zaharreko joera sektarioei nola errepresio polizialaren kalteei aurre egiteko, nahiz eta nire uste apalean, zaila bada sektakeria uxatzea (oso lotua dago zatiketa politikoarekin) are zailagoa iruditzen zait errepresioarekin bukatzea.
Izan ere, Espainiar Estatu kapitalistan bizitzea tokatu zaigunei itzalak argiari bezala jarraituko gaitu errepresioak. Hots. Hain baketsu eta demokratikoa den kataluniar prozesu independentistari Estatuak nola erantzun dion ikusi besterik ez dago, jakiteko nola erantzungo duen aldaketaren bati ekiten badiogu.
Gainera, gehiengoaren esplotazioan oinarrituriko sistema kapitalista honetan (“bestearenetik –izerdiaz ari da– asko bizi diren” Maialen Lujanbioren esanetan) benetako bizikidetza lortzea ezinezkoa deritzot. Alde horretatik, ikusten dut garai batean Euskal Herriko Belfast izendatua izan zen Errenteria harekiko harrotasuna (askatasuna eta justizia sozialaren aldeko borrokan puntako herria zenak) apaldu edo lausotu egin dela, eta tristea litzateke gaur egun bizikidetzaren arloan puntakoak izan nahi izateak herri borrokalariaren sena estaltzea. Ez da nostalgia puntua, edo agian bai, kontua da ezin dugula forma goxo eta abegikorrekin gatazkaren beharra ordezkatu.
Atzo eta gaur, gatazka beharrezkoa da gizartea aldarazteko norabide askatzaile batean. Gure belaunaldiak borrokaren gorrian ikasi zuen gure buruak antolatzen pertsonalki zein sozialki; bide batez, besteekiko solidario izaten. Aski zen lantegi bat borrokan hastea besteetan asanbladak antolatzeko, nola lagundu aztertzeko.
Gaurko belaunaldiak bere erara egin beharko du bidea, baina seguru borrokatu beharko duela aurre egiteko.
Egungo Errenteriak (mundu osoan bezala), arazo asko izaten jarraitzen du: langabezia, prekarietatea, miseria, euskararen normalizazio eza, kultur arloko ahulezia, kutsadura, aldaketa klimatikoaren zantzuak, genero indarkeria, eta abar luze bat, azken finean zinezko bizikidetza galarazten dutenak. Eta ezkerreko udaletxearen ahaleginak garrantzitsuak badira ere, ez dira aski arazo horiek guztiak konpontzeko. Gizarte bizi eta aktibo bat behar dugu.
Bizikidetzaren aldeko ahaleginak ez dezala estali borrokaren beharra. Ondo esanak onartu eta gaizki esanak barkatu.
ZuZeu-n argitaratua