“Zirt edo zart, ez dago beste aukerarik. Espainiarekin hautsi eta Errepublika soziala aldarrikatu, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera eginez, azken hilabeteetan erroturiko erakunde, mugimendu sozial eta politikoak zutabe izanik”(…) “Halako talka batean garaipena inoiz ez da gauza segurua, baina egoerari aurre egin ezean, porrota da seguru”.
Kataluniako errepublikaren aldarrikapenaren bezperan idatzi nituen hitzak. Harez geroztik ur asko igaro da gure bi herrietako zubien azpitik. Alde batetik, independentismoak eutsi egin dio inposatutako hauteskundeen erronkari eta Generalitatea berreskuratu. Horrek berebiziko garrantzia du aurrera begira. Alabaina, aldi berean ahulezia galanta azaldu du estrategiaren aldetik eta trinkotasuna galdu du batasun politikoaren alorrean. Bestetik, Espainiako estatuaren aldetik gogorrenak etortzeko daudela nago, 78ko Erregimenaren aldeko indarrek azaldu duten adostasun kezkagarria ikusirik.
Zalantzak logikoak dira. Aurreko estrategia, “deskonexio prozesua” deituak eta Errepublika independentea gauzatu behar zuenak, eman zezakeen guztia eman du. Iraultza irribarretsuaren lehen urratsak arrakastatsuak izan ziren gehiengo bat metatzeko eta molde baketsuekin estatua larrugorritan uzteko. Baina estrategia hori bi arazoekin topatu da: Estatuaren oldarrari aurre egiteko ahulezia, eta nazio esparruan ez dela gai izan garai batean ezkerreko espainiar-katalanismoaren eremuak ziren auzo eta herriak bereganatzeko. Jakina, En Comu-koek badute erantzukizuna sektore horren deriban, baina baita independentismoaren ahuleziak gai sozialetan.
Independentismoa bide gurutzean dago. Aurreko estrategia amaitu dela esan dut, eta berria asmatzeko zailtasunak ez dira noranahikoak. Batetik, amaitu den fasean ezin izan da “Errepublika soziala aldarrikatu” ezta “erresistentzia zibilaren bidetik aurrera egin”. Hala ere, egoera zailagoan egon zitekeen Errepublika Aldarrikapenaren bezperan zegoen anabasan murgilduta jarraitu izan balu, edo esate baterako, Generalitateak berak hauteskundeak konbokatu izan balitu autonomiara itzuliz. 155aren aplikazioak ekarritako porrot taktikoa gogorra da, baina bestea gogorragoa izan zitekeen, eta une honetan independentismoa buru ezin altxa egongo zen. Zorionez, gauzak ez daude horrela. Zirt edo zart egin izanak horretarako balio izan du.
Puigdemont Errepublikaren sinboloa izaten jarraitzen du eta gai da Estatuaren ahuldadeak agerian jartzeko eta garaipentxo mediatikoak lortzeko, sua pizturik mantentzeko. Alabaina, ageri diren arrakalak itxi beharko dira eta argitzeke dago epe ertaineko estrategia nondik nora joango den.
Irudimentsua da bi Generalitate sortzea: barne eta kanpo, lurraldekoa eta erbestekoa, paraleloak. Bata Errepublikaren aldarriari eutsiko liokeena kontra-botere sinboliko eta erreferente mobilizatzaile bihur litzatekeena hiritargoan errotuko balitz eta, bestea, Generalitate legala, estatuak onartua, eraikuntza nazionala eta sozialaren aldeko gestio on bat egiteko erabiltzea (orain arte ez bezala). Bi taktika, estrategia bat. Konplikatua ondo uztartzeko baina kitzikagarria. Biek hala biek, zer egin desberdinekin eta zailtasunak zailtasun elkar elika daitezkeenak.
Barneko Generalitatea, legala, egungo baliabideak gehiengo sozialaren aldekoa, independentziara erakartzeko helburu izango duena; eta bide batez, legalitatearen marra gorriak igaro gabe, mugaren ertzean mugitzen jarrai beharko duena, estatuarekiko harremanak tentsionatuz eta, okasioak okasio, ondo neurtutako pase foralak eginez.
Kanpokoa, Errepublikarena borrokarako ispilua, herri erakunde, eta era askotarako komiteekin konplizitateaz kontra-boterea eraikiz joango dena, batzuetan legalitatean eta beste batzuk ilegalitatean. Talka horretan sortuko diren presoen askatasunaren aldeko mugimendua indartuko duena. Presoak! Independentziaren alde kosta ahala kosta, hala Jeltzaleen antzeko autonomismora itzultzen dira. Hor datza independentismoaren gakoa.
Irriparra, alaitasuna, biolentzia eza, eta abar, mugimendu horren ezaugarri izan dira. Ondo legoke bere horretan jarraitzea, baina intsumisioa, desobedientzia, indarkeriarik gabeko kale borroka… ekar lezakeenarekin uztartuz. Jano jainkoaren bi aurpegiak azalduko dira ezbairik gabe. Izan ere, izan ziur estatuaren zigorrak gora egingo duela, eta horren jabe ez den mugimendu independentistak ez du aurrera egingo.
Mugimendu sendo, estrategikoki argi, erdi epera eta luzera antolatzeko gai izango dena da Kataluniako independentismoak duen erronka. Batez ere bere ezker hegalarentzat. Mugimendua diogunean, eutsiko dioten buruzagiak ere esan nahi dut.
Ez naiz nor esateko nola jokatu beharko duten errepresioaren aurrean. Uler dezaket zigorra baztertzeko egin diren zenbait damu aitorpenak. Aurrera begira, nago kaltegarria litzatekeela atxilotzen dituzten bakoitzean buruzagiek damu eta ukazioetan murgiltzea. Kaltegarria irudiaren aldetik eta batez ere injustua, herritar eta aktibista asko eta asko izango baitira zigortuak damurako aukerarik gabe. Eta denak izan behar dira berdinak, etsaiaren aurrean eta batez ere herriarengan. Nolako borroka halako borrokalariak eta buruan daudenak areago! Gandhik intsumisio ez biolentoa bultzatu zuen, baina tinko eutsi zion bide horrek ekarri zizkion zigorrei.
Historian ezagutzen ditugun estatu independenteen sorrera hiru motakoak izan dira: Gutxi batzuetan, bi aldeen artean adostuta: Norvegia-Suedia edo Txekia-Eslovakia kasu. Gehienetan borroka armatuen bitartez, kolonietan batez ere. Eta askotan inperioen gainbeheran ondoren (Sobietar Batasuna). Kataluniako egoera ez da sartzen horietan. Espainiak arazoak ditu, baina ez behar beste.
Beraz, higidura edo posizio borroka estrategia izan beharko du Kataluniakoa behintzat epe jakin baterako. Jakina, beti dago ezohiko gertakizunak eztanda egitea eta une horretan jauzi emateko aukera izatea.
Bien bitartean, barne sendotasuna indartu beharko du eta, bide batez, Estatua higitzeko barne (sektore subiranista ez independentistekin) eta kanpo (erabaki eskubidearen aldeko espainiarrekin) aliantzak sortu 78ko erregimena ahultzeko.
Estrategia horrek alde batera utzi beharko ditu eztabaida antzuak, hala nola, Podemosek mahai gainean jartzen duena (Estatua ahuldu arte itxaron mesedez nazionalismo espainiarra indartu ez dadin) edo askotan abertzaletasun hertsi batetik esaten dena: geu geureari eta Espainiakoa bost axola! Geu geureari, eta gure martxan, jakina! Baina baita ere estatuko nazio zapaldu eta benetako herri ezkerrarekin zenbat borroketan elkarganatuz. Aipatu artikuluan nioen: “PP garaile aterako balitz, kontra-erreformaren gau beltzaren atarian geundeke; Estatuaren gaurko krisi soziala eta politikoa modu atzerakoian itxiko lukete, bere ezaugarri erreakzionarioenak sendotuz eta indartuz. Espainia beltzak berriro irabaziko luke eta, Kataluniako herriak ez ezik, Espainia gorriak eta guk ere, jai-jai.
Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
BERRIAn argitaratua