Garabideko lagunei esker, berriki aukera izan dut hizkuntza gutxituetako komunitateetako emakumeen topaketa batean parte hartzeko. Benetan interesgarria, izenburutik hasita ere: “Ahalduntzen: Hizkuntza eta generoa”.
Helburua, hizkuntza biziberritzeak emakumeen ahalduntzeari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko gakoak identifikatu, gogoeta partekatuak sustatu eta zapalkuntzaren irakurketa anitzetatik, elkarlanerako bideak eta ikuspuntu anitzak elkarlotzea.
Kontua da, Yukatango maia, Kaqchikel, Nasa, Kitxua eta beste hamaika hizkuntza komunitateetako emakume ekintzaileen hitzak erne entzuten nengoela, konturatu nintzela guztiok zerbait genuela komunean: hizkuntza gutxituez eta dominazio harremanez ari ginen etengabe. Eta ideia horrek duela hilabete eskas Bilboko Udalbatzan izandako liskarraekarri zidan gogora, hain zuzen ere, hizkuntza eta botere harremanekin guztiz lotuta zegoena. Orduan baino argiago ikusten dut orain.
Udalbatza hartan, EH Bilduren izenean euskararen ordenantza eratzeko proposamena aurkezten ari nintzela, Arkaitz Zarragak, udaltzain batekin izandako ika-mikaren harira egindako salaketa gogora ekarri nuen. Euskaldunon hizkuntza eskubideak egunero urratzen direla azaltzeko adibide bat izan zen. Izan ere, gertaera jakin bat izanik, Arkaitzi gertatutakoa ez da egoera isolatua, euskal hiztunok pairatzen dugun menderakuntza egoeraren ondorioa baizik.
Baina Bilboko Udaleko arduradunak ez zeuden prest Arkaitzen hitza sinisteko eta, are gehiago, bere eskubideak urratu egin direla salatu duen herritar baten aurka egitea erabaki zuten: alkatearekin hasita, eta noski, gaztelaniaz, boterearen hizkuntzan. Udalbatzan berak bakarrik dauka hitza emateko eta kentzeko ahalmena, eta bide batez, eztabaidak nahiera mozteko, akusazioak egiteko, gezurrak esateko eta funtsean, egia borobila zein den erabakitzeko ahalmena… Alkateak bere boterea eztabaidak moderatzeko erabili beharrean, tamalez, besteak zapaltzeko erabiltzen du sarri Udalbatzarrean, gehienetan udal gobernuko kideak argudio politikoen faltan daudenean. Hiru urte hauetan askotan ikusi ditut horrelako jarrerak, eta ondo dakit horrek sortzen duen amorrua eta mina.
Nik egin nuen puntuaren defentsa ta plenoan bizi izan dudan une gogorrenetako bat izan da. Ezin txio batean laburtu orduan sentitu nuen amorru eta inpotentzia, batez be zugatik @azarramendi. Hizkuntza eskubide urraketa honen aurrean Udalaren erantzuna erabat lotsagarria izan da https://t.co/ZQkDCV9Yhi
— Alba Fatuarte (@albafatu) 1 de octubre de 2018
Mina eta ezintasunaren ondorioz, hain zuzen ere, negarrez hasi nintzen eztabaidaren erdian. Noski, niretzako ez zen samurra izan malkoei ezin eustea halako egoeran, baina bitxia bada ere, beste askorentzat are deserosoagoa izan zen gertaera. Botereaz ari garela, gizonezkoek diseinatutako erakundeetan lekuz kanpo daude ahultasuna adierazten omen duten jokabideak. Egia esan, oro har desatsegina zaie berezkoa ez duten oro.
Esan bezala, benetan bitxia izan zen Udalbatzan emandakoa. Udal gobernuko kideek nire aurka lotsarik eta, batez ere, argudio eta daturik gabe gogor aritzeagatik ia inor ez zen arduratu (araua berretsi zuen salbuespena Amaia Arenal izan zen, eztabaidan ikusitako jarrera matxistak salatu baitzituen), baina aldiz, zinegotzi bat negarrez egotea ezinegona piztu zuen askorengan.
Zorionez, udaletxetik atera eta jarraian gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundearen urtemuga ekitaldira joan nintzen eta, han, Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Lasai egoteko esan zidan, gizonezkoak nagusi diren eremu politikoetan negar egitea ekintza eraldatzailea delako; feminismoa politikagintzara eramateko beste urrats txiki bat akaso? Ez dakit, baina argi dudana ahalduntzerako lehenengo urratsa zapalkuntzaren jakitun izatea dela. Gerora ere, pentsatu izan dut gizakiok komunikatzeko darabilgun lehen hizkuntza dela negarra. Eta irri egin dut.
Uriola-n argitaratua