Aitor Miguel: «Jarraitzen dugu konponbiderik eman gabe geure ibaien arazo nagusienari: Lasarteko legar-hobiak eta hegoaldeko ibaiak. Benetako ‘Green Capital’ batek ezin ditu araztu gabeko ur zikinak besterik gabe isuri. Urtarani eskatzen diogu onar dezala Miren Larrionen babesa proiektu horiek aurrera ateratzeko»
Gasteizko uraren ardura daukan udal enpresa publikoak, Amvisak, argitaratu berri du 2019ko urtarrilari dagokion txostena. Dokumentuak islatu du Krispijanako araztegiak 5.500 milioi litro ur zikin jaso zituela, baina horietatik 2.000 milioi litro Zadorra ibaiaren ubidera isuri ziren, beharrezkoa den arazketa prozesua osorik egin gabe. Hori bakarrik zenbatuta dagoena da. Izan ere, 11 egunetan araztegiak bypass orokorra egin zuen. Hau da, hiriko ur zikinak zuzenean eta inolako garbiketarik gabe isuri ziren Zadorrara egun horietan, milioika litro.
Isurketa hauek konpontzeko ezinbestekoa da Lasarteko legar-hobien eta hegoaldeko ibaien proiektuak martxan jartzea. Ibai horiek zuzenean sartzen dira hiriko estolderian, eta horrek kutsatzen ditu urtean garraiatzen dituzten 5.000 milioi litro ur. «Irtenbidea ibai horiek zuzenean Zadorrarekin konektatzea da, euren urak garbi jarraitzeko, eta bidean hiriko eraztun berdeari espazio estrategiko berri bat gehitzeko» azaldu du Aitor Miguel EH Bilduko udal zinegotziak.
Haatik, Urtaranek ez du egin proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren orubeen liberazioa, lau urteren ondoren. «Nola eraiki badakigu, Ura agentziak finantzaketa jarriko du, eta EH Bildun proiektuarekin engaiatuta gaude. Ezin dugu gehiago itxaron», azpimarratu du Miguelek.
EH Bilduk argi utzi nahi du isuri kutsakor horien ardura ez dela Krispijanako araztegiarena ez eta Amvisarena, biek ala biek uraren kudeaketarekin lan bikaina egiten dutelako. Arazoa da udal gobernuak ez dituela desbideratzen araztegiak behin eta berriro gainezka egitea eragiten ari diren ibaiak. Borondate politikoa falta da behin betiko irtenbide bat gauzatu ahal izateko.
Udaleko ibai sisteman Zadorra da harribitxia. Babes Bereziko Zonalde gisa izendatuta dagoen arren, ur hondakinen isuri onartezinak sufritzen ditu, eta ez bakarrik hori, baita ere lindanoko isuri arriskutsuak jasotzen ditu Gardelegiko zabortegitik.
Gasteizko hiritarrek ahalegin handiak egin dituzte azken hamarkadetan, jasangarritasuna hiriaren nortasun ikur bihurtzeraino. Irmotasun horrek ‘Green Capital’ saria eman zigun, baina ikur horri distira kentzen diogu geure ibaietara ur zikina sartzen den bakoitzean. «PPren eta EAJren udal gobernuekin, Gasteiz atzean geratu da ingurumen esparruan. Geure ibaien osasuna geroz eta txarragoa da, ez dugu aurrera egin hondakinen birziklatzean eta Europako helburuetatik urrunduz goaz, eta ez dugu aurrera egin ezta ere energia berriztagarrietan edo elikadura burujabetzan. Exijitzen diogu Urtarani ez dezala geure nortasun jasangarria lurperatu», amaitu du Miguelek.