Maria del Rio Alternatibako bozeramaileak eginiko adierazpenak kurtso politikoaren amaieraren harira alderdiak Bilbon eginiko Batzar Nazionalaren atsedenaldikoa prentsa agerraldian:
Alternatibaren Batzar Nazionala egiten ari gara, besteak beste, azken hauteskundeetako emaitzak aztertzeko. Alternatibarentzat oso onak izan dira EH Bilduk lortutako emaitzak. Baieztatu dezakegu Euskal ezkerraren erreferente nagusia bilakatu dela EH Bildu; gero eta pertsona gehiagok jartzen du bere konfiantza EH Bildurengan. Gero eta jende gehiagok uste du bere errealitatea eraldatzeko gaitasuna duen proiektua dela, bizitza duinagoak eraikitzeko bidean.
Oraindik ere, zabaldu behar dugu euskal ezker subiranistaren eremua, horretan ari gara lanean Alternatibatik. Askotariko jatorria dutenen ezker hegemonikoa izatera heldu behar gara, PNV eta PSEk ordezkatzen duten ereduarekiko proiektu desberdina martxan jartzeko gaitasuna duena.
Hurrengo hilabeteak, hauteskunderik gabe (printzipioz), EH Bildun lan ildoak eta helburu argiak markatu behar ditu, kaleetan zein instituzioetan.
Gure kontra eraiki nahi izan dituzten marra gorriak gure indarraren erakusle dira. Eskumaren beldurra da EH Bilduk erakunde nagusietan gobernatzeko aukera izatea eta oso bestelako ereduak ezartzea, alegia, aldaketaren motor izatea. Nafarroan beldur horren berri izan dugu egunotan. Guzti honek erakusten digu duela 8 urte abiatu genuen bidea, euskal ezkerraren elkarlana sustatze aldera, fruituak eman dituela.