Gobernantza feminista (Maria del Rio)

Duela gutxira arte, feminismo hitza gaitzesten zuten askok, are gehiago politika instituzionalaz aritzerakoan. Gizarte patriarkalek erakunde patriarkalak sortzen dituzte, eta feminismoak gizartearen zati handi batentzat zuen erradikalismoaren irudia saihesteko, politika feministez baino, berdintasun-politikez hitz egin behar zen. Nahiz eta atzerapausoak emateko saiakerak egon, gauzak aldatu egin dira azkenaldian eta, gaur egun, emakume eta gizon askok feministatzat dute euren burua.


Bilakaera horrek eragina izan du erakundeetan, eta gure inguruko euskal agintari askok aldarrikatzen dute euren politikak feministak direla. Horrela, hauteskunde-programak, ekitaldi publikoak eta erakundeen arteko komunikazio-kanpainak aztertuta, erraza da feminismoaren ekarpen kontzeptualekin topo egitea: zaintzak, parte-hartzea, ahalduntzea, lidergo berriak… Baina zein da hitz handi horien atzean dagoen errealitatea? Erantzuna nahi duenak, aski du berdintasun-politikei bideratutako aurrekontuak eta giza baliabideak aztertzea, eta gainerako politika publikoak lehentasun feministekin lerrokatuta dauden ala ez egiaztatzea.

Aurrera egiten jarraitzeko, beharrezkoa da zaintza-lanen prekarietatearekin amaitzea, mugimendu feministak autokudeatutako espazioez hornitzea, zerbitzu publikoak irauli eta publifikatzea, eta ikuspegi feminista alor eta programa guztietan egotea: mugikortasuneko politikak, ekonomikoak, urbanistikoak… Honek ikuspegi aldaketa dakar, arazoa emakumeengan jarri baino, egituran jartzen delako, sisteman. Dagoeneko ez dira “emakumeen gaiak”. Kontua da, horretarako, erakundeak eurak auzitan jartzeko ausardia behar dela. Kontua ez da soilik politika publikoen edukiari erreparatzea, beharrezkoa da ere erabakitzeko eta egiteko modu demokratikoagoak ezartzea, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarron parte hartzea areagotzea. Berdintasunaren kalezuloek feminismoaren etorbideetara eraman behar gaituzte, emakumeok plaza publikoa bete dezagun.

GARAn publikatua

Espazio partekatuak (Maria del Rio)

Guztiok bat gatozela esango nuke: gero eta gehiago kostatzen zaigu proiektu kolektiboetan parte hartzea, eta, bizi izandako osasun-alarmaren ondoren, egoera okerrera joan da. Aurreko batean, lagun batek esan zidan ez zuela argi adinagatik ote zen, baina gehiago kostatzen ari zaiola lagunekin geratzea eta, batez ere, bat-bateko planak egitea. Are gehiago, isolamendu soziala eta bakardadea gero eta arazo handiagoak dira, batez ere adin tarte batzuetan. Asko dira ematen diren azalpenak, esaterako, sare sozialen gehiegizko erabilera, edo lanaldi luzeen ondoriozko denbora librearen falta.

Badira bestelako arrazoiak, elkarteek eta taldeek biltzeko leku egokirik ez dutela, kasu. Zaila da, batzuetan gaindiezina, leku publiko irisgarri bat aurkitzea, baldintza murriztaileegiak ezarrita ez dituena eta bereziki talde batzuek dituzten lan-ordutegi zailetara egokitzen dena. Gauza bera gertatzen da beste espazio kolektibo batzuekin, hala nola liburutegiekin eta ikasketa-aretoekin, non gero eta gehiago azterketa garaitik kanpo ere ikasleek eta oposiziogileek ilara luzeak itxaron behar dituzten, edo hirietako eskolen ohiko aldarrikapena: hurbileko espazio publikoa elkartzeko eta gozatzeko leku gisa erabiltzeko aukera izatea. Ez aipatzeagatik behin eta berriz eskatzen dela frontoiak eta jolas-guneak estaltzea, klima baldintzek laguntzen ez dutenerako.

Argi dago inguruneak eragin handia duela nor garen eta nola bizi garen zehazterako orduan. Premiazkoa da, beraz, elkar topatzeko leku egokiak izateko beharrari benetan duen garrantzia aitortzea. Frogatuta baitago harreman sendoak eta babes taldea sortzea ez dela soilik beharrezkoa gizarte kohesiorako, baizik eta osasunerako onurak ere badakartzalako. Gainera, gizartean eta taldean parte hartzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da gizarte demokratiko batean. Espazio partekatuak hobetzeko premiari erantzuteko auzokideek eta elkarteek parte hartzeko bideak sortzea urgentziazkoa da. Pentsa liteke, bestela, espazioen gabezia ondo neurtutako erabakia dela, hain zuzen ere, bizitza kolektiboa oztopatzeko.

Maria del Rio
GARA/NAIZen argitaratua

X