Abuztuan palmondoak gogoan baditugu, ohikoa izango da hondartzen irudi exotikoak burura etortzea. Bilboko erdigunean egotekotan, aldiz, Abando auzoan, ohartuko gara zuhaitz tropikal horiek oso bestelako esanahia izan dezaketela. Egunotan, balkoietan bi palmondo irudikatzen dituzten banderatxoak ageri dira, auzotarrek ehun urtetik gorako bi ale salbatu nahi dituztelako. Ez daude bakarrik, borroka horrekin bat egiten dute, esaterako, Cervantes eskola publikoaren Gurasoen Elkarteak, auzo elkarteak, kultura elkarteak, eskola publikoaren aldeko elkarteak eta Ekologistak Martxan-ek. Palmondoena ez da, alabaina, guzti honen oinarrian dagoen arazo bakarra.
Egun, BAM Irakasle Unibertsitate Eskolak patio zabal bat dauka, aurrean bi palmera altu-altuekin. Azkeneko udal hauteskundeak igaro eta bi egunera, komunikabideen bitartez jakin izan genuen lur-zati horretan aldaketa nabariak izango direla. Bilboko Elizbarrutiak bere egoitza berria eraikiko du eta orubearen beste erdia Mutualiari saldu egin dio, klinika pribatua eraikitzeko. Patioa eta palmondoak desagertzearen atzean oso proiektu errentagarria dago, baita Bilboko Udalak aurrera eramandako birkalifikazio prozesua ere.
Proiektu horren ondorio negatiboak askotarikoak dira. Ondare historikoaren galeraz gain, Cervantes eskola publikoaren gelek argitasuna galduko dute, eta berez espazio gutxi duen eraikina are trinkotuago geratuko da. Gainera, aipagarria da Udalak berak zonaldean hurbiltasuneko gune libreak behar direla onartzen duela, baina aitortu gabe patio hori horretarako azken aukera dela. Azken aukera, beraz, auzoan elkargune bat izateko eta, ondorioz, auzo giroa sustatzeko. Aurrera eramaten ari diren ekimenak sormenez beterikoak izateaz gain, oso parte-hartzaileak izaten ari dira. Horrela, bestelako oztopoak aurkitu dituzte: udalaren opakutasun eta malgutasun eza.
Gotzaintzatik adierazi dute proiektu horrekin Bilboren modernizazio prozesuarekin bat egin nahi dutela; baina, zer esan nahi du horrek? Eskolaren hormetan esaten den bezala: grisa baino, berdea nahiago.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua