Bai, badakit. Badakit gizarte arrakala gero eta handiagoa dela. Badakit gaur egun soldatak ez direla duela hamar urtekoak bezalakoak. Badakit soldata horiekin Bilbon etxebizitza bat alokatzea ia ezinezkoa dela, besteak beste, AirBnBk gure hirian duen urterik urterako hazkundea %402koa delako.
Badakit Glovoren motxila horia bizkarrean daraman gazte horrek lan baldintza ziztrinak onartu behar izan dituela. Badakit nire inguruan gero eta jende gehiago duintasunez bizi baino, bizirauten saiatzen ari dela egunez egun. Eta nik bezala, zuetariko askok ere jakin badakizue hau guztia. Izan ere, zirimiria bezala, hezurretaraino sartu zaigulako dena zipriztintzen duen bizitzaren prekarizazio hori, ahulenekin bereziki bortitza izan dena: etorkinekin, emakumeekin, denboraldi luzeko langabeekin, bazterketa arriskuan daudenekin, eta nola ez, gazteekin.
Izan ere, guztion irudimenean jada errotu da belaunaldi berriek aurretik duten etorkizun latzaren ideia. Gazte hauek jaio, hazi eta ikasi ostean, lan merkatu txikitzaile batera heltzen dira, lan harremanen Uberizazioak jota: aldi baterako kontratuak, betiereko praktiketakoak, kontraturik gabeko lanak eta soldata ziztrinak eta zapalkuntza pairatzeaz gain, euren lepotik aberasten diren ekitaldi handietan boluntario gisa aritzera gonbidatuak izaten direlarik. Eta horregatik guztiagatik, gure auzoko eskolatik gertu apustu etxe berri bat zabaltzen duten bakoitzean, badakigu klasetik irtengo diren gaztetxoentzat erakargarria izango dela hor sartzea, iragartzen zaien etorkizun ilun horren aurrean, irtenbide azkar baten bila.
Baina zorionez, bada zapalkuntza lazgarri hau onartzeko prest ez dagoen gazteria antolatu bat. Urteak daramatzate gazteen bizi baldintza prekarioak salatzen, Eragin, Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladaren bueltan. Euren eguneroko arazoei izen abizenak jarri dizkiete, beti ere sistemari kritika sakona eginez. Izan ere, AirBnB, Uber, Glovo edo apustu etxeak ez dira gaitza; sistema kapitalista, arrazista eta patriarkalaren ondorioak baizik.
Angela Davisek zioen bezala, ‘I am no longer accepting the things I cannot change. I am changing the things I cannot accept’. Eta hori bera da gazte hauen apustua: Onargarriak ez diren gauzak aldatzera doaz eta horregatik aski dela esateko garaia heldu zaie. Baina ez da erronka makala eta horregatik ezin ditugu bakarrik utzi. Esparru ezberdinetatik erantzunak artikulatzea ezinbestekoa da eta horretarako aukera paregabea dugu ostiral honetan, ‘No es lo que hay’ lelopean Eraginek deitutako manifestazioan parte hartuz. Gu guztiok euren alboan behar gaituzte, ez diezaiegun hutsik egin!
Alba Fatuarte – Alternatiba
Uriolan argitaratua