Zuriketa morearekin ez du balio (Alba Fatuarte)

Duela gutxi, aukera izan dut Bilboko Udalbatzarrean emakumeen parte-hartze politikoari buruzko eztabaida bat izateko, sozietate publikoetako administrazio kontseiluetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko proposamen baten harira; eta esan beharra daukat penaz ikusi dudala ze gutxi aurreratu dugun Bilboko Udalean emakumeen eta botere-guneen arteko harremanaren inguruko hausnarketan.

Kasu batzuetan, atzerapausoak ere eman ditugula egiaztatu nuen, eskumako ordezkarien aldetik adierazpen transfoboak ez baitziren falta izan, “emakumeon ezabatzea” eta beste hainbat argudio zeken erabilita. Benetan kezkagarria da euren eskubideak eta existentzia bera aldarrikatzen duten pertsonen aurrean sortzen ari den erreakzio pozointsua. Baina, gutxi horien gorroto diskurtsoaz gain, oro har, badirudi gehienak ez direla gai izan parte-hartzearen ikuspegi formal eta zurrunetik ateratzeko eta, horrela, eztabaida kuoten eta meritokraziaren eremura mugatzen da.

Betiko tranpa da: legeak aspaldi behartzen du ordezkaritza orekatua betetzera, baina helburua ez da lortzen, legeak berak dituen mugengatik. Eta honen aurrean bi jarrera hartu daitezke. Bata, konformismoa, eta bestea gauzak aldatu nahi izatea, Davisen hitzetan, “gu ez baikaude hemen aldatu ezin daitezkeen gauzak onartzeko, baizik eta onartu ezin ditzakegun gauzak aldatzeko”.

Eta gauzak aldatzeko lehen baldintza geure buruari iruzur egiteari uztean datza. Horren ordez, has gaitezen emakumeon parte-hartzea sustatzeko baldintza errealak sortzen dituzten eredu eraginkorrak bultzatzen. Has gaitezen, beraz, gobernantza feminista praktikan jartzen eta botereen zein erantzukizunen birbanaketa sakon bat ahalbidetzen duten prozesuak martxan jartzen. Eta akaso, “has gaitezen” baino, “jarrai dezagun” esan beharko nuke. Izan ere, gobernantza feminista ez da eslogan hutsa; eremu askotan jada abian dagoen prozesu eraldatzailea baizik.

Izan ere, gobernantza feminista gauzak beste modu batean egiten diren bakoitzean, egunero, eraikitzen dugu, etxe barruan zein kanpoan: norbanakoaren gainetik, lan kolektiboari balioa eta ikusgarritasuna ematen diogunean; gizonek botereari uko egiteko mantentzen dituzten erresistentziei modu bateratuan aurre egiten diegunean; botere-guneetan zaintza ardurak eta denborak aintzat hartzen ditugunean; lidergoan diharduten emakumeen eragina mugatzen dituzten estereotipoak deseraikitzen ditugunean; inposatzen zaigun “iruzurtiaren sindromeari” aurre egiten diogunean; edota erabakiak hartzerakoan, eredu bertikal eta inposatzaileen gainetik, horizontaltasuna eta zeharlerrotasuna lehenesten ditugunean. Horietan guztietan, urratsak eginez eraikitzen dugu, pausoz pauso, gobernantza feministaren eredua, ez bakarrik emakumeen onerako, gizarte osoaren demokratizazioan sakontzeko baizik.

Martxoaren 8an atarian gaudela, baina, gai izan beharko ginateke, teoriatik harago, gobernantza feministaren eredua adibide zehatzetan irudikatzeko. Izan ere, mugimendu feministak kaleak hartuko ditu, bestek beste, neurri zehatzak eskatzeko, eta  erakundeetatik erantzunak ematea dagokigu, kaleetan eskatzen dena defendatuz, konpromiso zehatzak, errealistak eta egingarriak hartuz, eta emakumeen bizitzetan benetako eragina izango duten prozesuak abian jarriz.

Eta Bilbo batean, zertan gauzatuko litzateke konpromiso hau? Ba hasteko, mugimendu feministak aspaldi utzi zuen Emakumeen Kontseilu delakoa eraldatuz eta indarberrituz, politika publikoetan eragin zuzena izateko espazio bihurtuz, eragileekin etengabeko lankidetza oinarri hartuta. Edota Emakumeen Etxea eta Jabekuntza Eskola sortzeko prozesua abian jarriz, baina ez edozein modutan, baizik eta mugimendu feministari espazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortuz, botere banaketa mekanismoak ezarriz eta balio politiko eta eraldatzaileko espazioa sortuz.

Tamalez, PNV eta PSEren udal gobernuak betiko parte-hartze eredu mugatu eta hutsalari eusten dio eta oraindik ere ez da gai izan argitzeko ea Emakumeen Etxea gauzatzeko asmoa duen ala ez. Baina ez dakitena zera da, jada ez dela nahikoa izango espedientea betetzea edota aitzakiak jartzea. Egun gutxi barru kaleak berriz ere hartuko dituen mugimendu feministaren indar eraldatzaileak ez baitu zuriketa morerik onartzen.

BILBO URIOLAn publikatua

Neurri zuzentzaileak naturari? (Alba Fatuarte)

128 zuhaitzen mozketa masiboa Bilboko Agirre Lehendakariaren kalean. 128 zumar, itxuraz osasuntsuak, zerratuak eta espaloiaren gainean, zabor hutsa izango balira bezala. Beste nonbaiten bizirik irauteko esperantzarik gabe, norbaitek, bi aldiz pentsatu gabe, euren sustraietatik banatzea erabaki duelako. Irudi lazgarria, gutxieneko sentsibilitatea eta naturarekiko maitasuna duen edonorentzat.

Bilboko Udalak dio zumarrak gaixo zeudela, baina jada berandu da hori egiaztatzeko. Edonola ere, zaila da sinestea den-denak, 128 zuhaitz, kaltetuak zeudela. Udalak dio ere, 128 zuhaitz autoktono hauen ordez, jatorri asiarreko 125 astigar hiruhortzeko landatuko direla; baina zumar horiek, urteetan Deustuko bide horretatik igaro diren bizilagunei itzala, babesa eta arnasa eskaini dietenak, horiek, ordezkaezinak dira jada.

Eta jakin badakigu Agirre Lehendakarikoa ez dela lehen aldia izan. Halaxe egin zuten ere Santutxun, Txurdinagan, Indautxun edo Basurtun berriztu diren beste etorbide batzuetan. Guztietan, harrigarria da zelako erraztasunarekin aplikatzen den Bilboko Udalaren aldetik logika zapaltzaile bera: “Kale berriari lekua egiteko, zuhaitz zaharrak kendu behar ditugu; baina lasai egon, ez duzue zertan larritu behar, neurri zuzentzaileak hartuko ditugulako”.

Are mingarriagoa den adibide bat, Supersur (“SuperZor” gehienontzat) errepideak Bolintxu zeharkatzen zuen proiektuarena da: “Errepide hau beharrezkoa da. Aurrerabidearen izenean eta ekonomiaren mesedetan. Eta ez da ezer gertatzen, kalteak zuzentzeko plan bat daukagulako” zioten; ingurune natural bat suntsitzea hain erraz konponduko balitz bezala! Orain, guztiok egiaztatu dezakegu zer nolako sarraskia egin duten Bilboko azken bailara naturalean, eta badaudela atzera bueltarik ez duten ekintzak, konpondu ezin daitezkeen ondorioak dituztenak. Are gutxiago, bizi garen garaiotan, lur planetaren mugek jada gainezka egin dutenean.

Baina badirudi hiribilduko agintariek kezkatuagoak daudela marketinagatik gure ingurumena zaintzeagatik baino. Duela aste gutxi batzuk, Bilbon ospatutako 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren irekieran, udal ordezkariak irribarretsu agertzen ziren goi-mailako agintariekin batera. Aipatu Koalizioa Nazio Batuen sistemaren plataforma eta sarea da, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren tokiko aplikazioa bultzatu eta bizkortzeko helburua duena. Aurtengo leloa: “Tokian-tokian jardun, globalak izateko”.

Ez dut uste lelo horrekin bat datorrenik Artxandan zabortegi bat ireki nahi izatea eta proiektu honen aurrean eragile ekologistek egindako salaketak aintzat ez hartzea. Bilbo zein Bilbo Handiko biztanleok urte askoan ordaindu behar izan dugu industria garapenaren faktura, natur guneen kutsadura eragin duena. Orain, zorra kitatzeko garaia da, espazio horiek berreskuratuz.

Era berean, ez dirudi garapen jasangarriko helburuekin bat datozenik, adibidez, Pagasarri desnaturalizatu duten ekimenek. Azkena, Artabe aldapako bidean zoladura eta argiztapen azpiegiturak jartzea, etorkizunean farolak ipini ahal izateko. Baina hau ez da esku-hartze bakarra izan Pagasarri hiri-parke bat bihurtzeko bidean. Bizkaiko Foru Aldundiak duela hilabete batzuk, hainbat txirrista, jolas eta kirol gune jarri zituen, hain zuzen ere, neurri orekatzaile gisa, Supersur errepidearen bigarren fasea eraikitzeagatik.

Baina mendiak parke bihurtzeaz gain, hiriko parkeetan ere, geroz eta gauza bitxiagoak ikus ditzakegu. Udal arduradunek berriki jarri dituzte Etxebarria parkean itxura modernoko banku estali gorri batzuk, antza, geroz eta ohikoagoak izango diren muturreko beroaldiei aurre egiteko diseinatuta daudenak. Egia esateko, askotan gehiegi konplikatzen gara: Ez al da zentzuzkoagoa, adibidez, Deustun moztu dituzten 128 zumar horietako batzuk bertan birlandatzea itzala emateko?

Ukaezinak dira hirietan zuhaitzak landatzea dituzten onurak: uholdeen aurka babestu, airearen kutsadura murriztu, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiten laguntzen dute eta muturreko eguraldi aldaketen aurka babesten gaituzte. Ikerketa batzuek erakutsi dutenez, zuhaitzek zoriontsuago eta adimentsuago bihurtzen dituzte hirietako biztanleak. Gure agintariek hobe lukete banku estali horietako batean eseri eta honetaz guztiaz apur bat hausnartzea. Eta ulertzea, gaur egun, modernitatea ez dagoela zementuari, eta ordezkapenaren kulturari lotuta, zaintzari eta ingurumenaren kontserbazioari baizik.

Alba Fatuarte – Alternatiba
Bilbo Uriola-n publikatua

X